Gabi Basañez. Euskaltzalea

«Garrantzitsua da mobilizatzea hizkuntza eskubideak urratzen direnean»

Hizkuntza eskubideak errespetatzen ez direnean jazotakoa salatzea inportantea dela nabarmendu du Gabi Basañezek. Horrez gainera, euskaldunen arteko babesa bilatu behar dela dio, elkarrekin ekiteko.

BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Gabi Basañez euskaltzaleak (Bilbo, 1963) duela gutxi salatu zuen Getxoko (Bizkaia) udaltzainek uko egin ziotela hura euskaraz artatzeari, eta horren aurrean mobilizatzea erabaki zuen. Ez da lehen aldia hizkuntz auzietan aritu dena, maiz aldarrikatu baitu euskaraz egiteko eskubidea. Sareak osatzearen garrantzia azpimarratu du.

Getxoko Udaltzaingoak hizkuntza eskubideak urratu zizkizula salatu zenuen. Zer gertatu zen?

Autoarekin geldituta nengoen, lagun batekin hizketan, autobusentzako toki batean. Oso denbora gutxi izan zen. Udaltzaina oso modu txarrean etorri zen, agurrik egin gabe eta ozenki, identifikazioa eskatzera. Ni euskaraz hasi nintzaion, eta bera denbora osoan erdaraz aritu zitzaidan. Esan nion ea horiek ziren moduak. Berak segitu zuen, eta eztabaidan hasi ginen. Komentatu nion harekin ez nuela gehiago hitz egin nahi, euskaldun bat nahi nuela. Alboan bazegoen udaltzain neska bat, euskalduna zena, eta esan nion harekin nahi nuela. Baina besteak ez zidan utzi, segitu zuen. Erdaraz egin zuen denbora osoan. Azkenean, isuna egin zuen, erdaraz. Ez nion isuna hartu, erdaraz zegoelako, eta horrela esan nion. Gero, epaitegira joan nintzen salaketa jartzera. Eta hor, zinpekoarekin izan nuen beste halako bat, erdalduna zelako. Gainera, ezin izan nuen salaketa euskarazko inprimaki batean jarri.

Horren aurrean, zer egin zenuen?

Lehenengo, epaitegian jarri nuen salaketa, irainengatik, eta azalduz euskaraz nahi eta ezin izan nuela egin. Hori ezeztatu egin dute; artxibatu egin dute. Baina beste bide batzuetatik ere joko dut, uste baitut udaltzainen jarrera ez dela bidezkoa; euskaraz egiteagatik izaten dituzten jokabideak ez dira bidezkoak. Eskubide urraketagatik Hizkuntza Eskubideen Behatokian jarri nuen kexa, baita Elebiden ere. Getxoko euskalgintza ere jakinaren gainean jarri nuen, eta bertako euskara taldearekin bildu naiz; udaleko euskara sailarekin ere egon nintzen, eta kexa jarri dut udaltzaingoan bertan.

Agerraldi bat egin zenuten jazotakoa salatzeko. Jende dezente batu zen.

Bai, eta zorionez. Horrelakoak, askotan, oharkabean pasatzen dira: inork ez du jakiten, salaketarik ez delako jartzen edo ez delako mugimendurik egoten. Kasu honetan, erreakzioa egon da, eta pentsatzen dut aurrerantzean zerbait egingo dugula. Asmoa dugu alkateari hurrengo osoko bilkuran galderak egiteko. Baina ikusteko dago besterik egingo den. Alde batetik, babes falta sumatzen delako batzuetan. Jende gutxik salatzen du, arazoak sortzen direlako eta abar. Gustatuko litzaidake sareren bat sortzea, elkarren babesa izateko. Batzuetan, horrelakoak gertatzen zaizkizu, eta oso bakarrik ikusten duzu zeure burua.

Egunero gertatzen dira halako urraketak. Beharrezkoa al da horrelako gertaerak salatzea? Arazoa ikusaraztea?

Bai, dei egingo nioke euskaltzale orori horrelakoak gertatzen direnean espaloitik ez jaisteko, Euskal Herrian Euskaraz-ek dioen moduan. Zoritxarrez, badakigu gero eta oldarkorrago jartzen direla gure kontra, euskaraz egiteagatik, horretarako eskubidea dugun arren. Ematen du benetan ez dugula eskubide hori: esaten da euskara ofiziala dela, baina ez du ematen. Badago ofizialtasun maila bat, onarpen maila bat, baina hortik aurrera ez dago normaltasunik leku askotan. Oso garrantzitsua da hori salatzea.

Ez dakit atzerapausoa den-edo, baina sasoi batean gehiago salatzen ziren horrelakoak; gaur egun, gutxiago, eta horrek ahulago bihurtzen gaitu erasoen aurrean. Garrantzitsua izango litzateke bai mobilizatzea, baita salatzea ere.

Ardura instituzioena da?

Duda barik. Arduradunak daude: politikoak eta instituzioetakoak. Gainera, uste dut badagoela beste ardura bat ere, eta hori gurea dela: ez uztea gertaera hauek pasatzen. Eta horretarako modu bakarra euskaraz egitea da, gauden lekuan gaudela. Teorian, legeak onartzen digulako edozein instituziotan eskatzea funtzionario euskaldun bat, eskatzea euskarazko paperak, eta abar; praktikan, baina, ez da gertatzen. Hori noizbait egia bilakatzeko, modu bakarra euskarari eustea eta euskaraz segitzea da. Baina bide horretan, oso garrantzitsua da geure burua denon artean babestea. Euskaltzalea babesgabe sentitzen bada, sukalderaino sartuko dira.

Sareak sortzea garrantzitsua da, beraz?

Bai. Pentsatzen dut sasoi batean, duela hamarkada bat edo bi, sare hori indartsuago zegoela. Eta uste dut hori gabe txarto gabiltzala. Topatu beharko genituzke moduak horrelakoak gertatzen direnean gutxienez euskaltzaleak beste era batera mobilizatzeko, salatzeko...

Asteotan polemika sortu duEAEko Auzitegi Nagusiak Irunen emandako epaiak. Zer iritzi duzu?

Irain larria da euskaldunontzat. Udaltzain horiek jendearekin aurrez aurreko tratua izango dute. Euskaraz ez badakite, 50 urterako arazoa sortzen ari dira.

Hizkuntzarekin lotutako auzi gehiagotan egon zara, eta eskubideak aldarrikatu dituzu. Duela urte batzuk epaiketa bat izan zenuen, behin eta berriro atzeratu zena, euskaraz ezin zelako egin. Nola gogoratzen duzu?

Jende askoren parte hartzea egon zen; ez zen izan bakarrik nire epaiketa. Alde batetik, sentimendu onez gogoratzen dut sasoi hura, euskaltzale asko mugitu ginelako justizian itzultzailerik ez egotea eskatzeko. Hori zen aldarrikapena. Azkenean, inposatu zuten itzultzailearekin egin behar zela epaiketa, eta ez dagoela zirkuitu euskaldun bat sortzerik. Hori izango litzateke zati gazia. Horrela gogoratzen dut, gazi-gozoekin.

Euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzen dute?

Bai, euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara, zalantzarik gabe: gu ezin gara normaltasunez bizi gure hizkuntzan.

Urraketen aurrean jarrera tinkoa mantendu izan duzu beti.

Ahalegindu izan naiz, baina ez beti. Errazagoa izango litzateke sareak edo elkar babesteko moduak topatuko bagenitu. Norbera bakarrik badago, ez dauka zentzu handirik. Badakit badagoela Euskal Herrian horrelako jarrera duen jendea; agian elkarrekin kontaktu gehiago izatea behar da. Gainera, oso garrantzitsua da Behatokiaren eta EHEren lana: hori goraipatu behar dut. Halakoak gertatzen zaizkizunean, behintzat badakizu elkarte horiek hor daudela eta babes hori emango dizutela. Hori bada beti berme bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.