«Eta zu zergatik ez zara hasten euskaltegian euskara ikasten?» Zenbat aldiz entzungo ote zuten galdera hori erdaldunek... Denborarik ez duela erantzungo du zenbaitek, garestiegia dela beste batzuek... Eusko Jaurlaritzako HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak Azken bost urteetan euskaltegietan matrikulatu ez diren EAEko herritar helduen arrazoiak aztertzeko ikerketa ondu du; izan ere, nabarmen urritu ziren ikasleak pandemian —2021-2022ko ikasturtean %13-14 apaldu zen kopurua—, eta gerora zaila da ikasle horiek berreskuratzea. Horrek kezka piztu zuen, eta kezka horretatik tiraka erabaki zuten euskaltegien harrobia beren-beregi ikertzea; Siadeco arduratu da lan horretaz. HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkuek (Asteasu, Gipuzkoa, 1961) eta Siadecoko ikerlari Juanjo Allurrek (Legorreta, Gipuzkoa, 1971) eta Unai Oiartzunek (Irun, Gipuzkoa, 1990) aletu dituzte azterlanaren nondik norakoak.
Zer ezaugarri ditu harrobiak?
Juanjo Allur: Bi inkesta egin dira. Bat Euskal Autonomia Erkidegoko 25 eta 65 urte bitarteko ez-euskaldunei, eta bestea ikerketa aurreko bost urteetan matrikulatua egon baina ikasketa prozesua amaitu gabe euskaltegia utzi zutenei. Bereizketa argia da: batzuek badute euskaltegiaren berri, matrikulatuak egon baitira, eta inoiz sentitu dute euskara ikasteko motibazioa eta beharra; aldiz, lehenengo taldekoen artean, askok beharrik ez dute, eta inoiz ez zaie burutik pasatu ere egin.
Unai Oiartzun: Matrikulatuta egon ez direnei dagokienez, badaude ezaugarri interesgarri batzuk: [Espainiako] Estatutik kanpo jaiotakoen portzentajea %20 da, eta gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira.
Jokin Azkue: Egun, euskaltegietako ikasleen ia bi herenak emakumeak dira, baina gizonak tokia hartzen ari dira harrobian.
Oiartzun: Euskara ulertu ere egiten ez dutenen pisua ere handia da, %42koa; euskaltegietatik pasatu direnek, ordea, gutxienez ulertzen dute.
Azkue: Alegia, dezenteko harrobia dago A0tik hasteko.
Oiartzun: Testuinguruarekin lotuta, berriz, hamarretik ia sei Bizkaian bizi dira, 50.000 biztanle baino gehiagoko hiriburuetan eta hiri handietan.
Allur: Hirietan dago euskaltegien merkatu potentzialaren parte handi bat.
Zergatik erabakitzen dute euskaltegira ez joatea?
Oiartzun: Ikasle potentzial guztien artean, euskara ikasteko inolako intentziorik, asmorik eta interesik ez dute %38k. Erronka handi bat da, segur aski ez HABErena bakarrik; beste era bateko motibazioak landu beharko dira. Hurrengo arrazoiak denbora falta edo kontziliazio arazoak dira.
Azkue: Horrek ez du esan nahi euskal kulturarik kontsumitzen ez dutenik edo seme-alabak ikastetxera bidaltzean eredu jakin bat aukeratzen dutenik... Ehunekoa bere neurrian jarri behar da. Galdera zera dela: «Euskaltegira joanda euskara ikasteko prest al zaude?». Konpromiso bat eskatzen du. Euskaltegietan 35.000 ikasle ibiltzen dira; hemengo ratioa Kataluniakoa baino handiagoa da. Han, ikasleak ez dira 100.000 ere, eta, gure ratioaren arabera, 140.000 izan beharko lukete. Hemen, jendearen konpromisoa handia da azterketa konparatiboa egiten badugu.
Oiartzun: Eta, printzipioz, gutxik aipatzen dituzte euskaltegien eskaintzarekin lotutako arazoak edo beharrak, baina begiratzen badiegu matrikulatuta egon ez direnen artean interes handiena dutenei edo azken bost urteetan matrikulatuta egon direnei, indar handiagoz atera dira halako kontuak; prezioarekin edo finantzaketarekin lotutakoak dira nagusi: dirua aurreratu beharra, diru laguntza izateko ezinbestean titulua lortu beharra... Eta, gero, ordutegiak edo taldeak ez direla haien beharretara egokitzen. Askoz ere pisu txikiagoa dute bestelakoek: metodologiak, irakasleek, eraikinek...
«Euskaltegien eta haien jardueren inguruan, oro har, ez dago ikuspegi negatiborik»
JOKIN AZKUEHABEko zuzendari nagusia
Euskara ikasteko, motibazioa funtsezkoa da. Jaso duzue badaudela iritzi kritikoak euskararen inguruan.
Allur: Euskara hizkuntza baztertzailea dela edo inposatu egiten dela dioten batzuk badaude, gutxi diren arren. Euskara hizkuntza baztertzailea dela esatearekin guztiz ados daude %15, eta nahiko ados %13.
Azkue: Ehuneko txikiak dira. Pisua hauek daukate: erabilgarria da aisialdirako, lanerako eta administrazio publikoan lan egiteko; integratzailea da...
Allur: Euskararen aldeko baieztapenek dute ehunekorik handiena, dudarik gabe. Halere, euskara hizkuntza zaila dela uste dutenak dezente dira. Garrantzitsua da ‘euskara hizkuntza zaila da’ usteari buelta ematea.
Azkue: Garrantzitsua da, bai.
Oiartzun: Ez da euskararen kontrako iritzi bat, baina ikasketa eragozten duen faktore bat bai.
Badaude beste batzuk ere. Aletze aldera, prezioak ere atzera eginarazten die. Euskara ikastea garestia iruditzen zaie %15,8ri. Kontuan hartzeko aldagaia da, ezta?
Azkue: Bai. Pisuari dagokionez ez da lehenengoa, baina garrantzitsua da. Aurreko legealdian hasi ginen arlo hori lantzen; oraingoan, indartu egingo dugu euskara ikastea eskuragarriago egotea. Gure planteamendua da bai udal euskaltegietan, bai pribatuetan ikasleak gutxiago ordaindu dezala.
A1ean eman dituzue doakotasunerako pausoak; C1ean ere bai, 16 eta 18 urte bitartekoentzat. Zein izango dira hurrengoak?
Azkue: Planifikazioa egin gabe daukagu, baina egingo dugu; ez dago konpromisorik doakotasuna erabatekoa izateko lau urteren buruan, baina arian-arian urratsak egingo ditugu, [doakotasuna] mailetan gorantz joateko.
Izan ere, emaitzak izan ditu.
Azkue: A1etik hasi gara, eta ikasle kopuruak %20 egin du gora. Gainera, egiten duten ikastaroa trinkoagoa da; ikastaro normala 100-120 ordukoa da, eta 160-200 ordura igo da.
Oiartzun: Hori bezain inportantea da jendearen pertzepzioa. Duten ideia zera da: euskara ikastea zaila da, eta, horrez gain, garestia. Nahiz eta egia ez izan, neurri batean. Baina jendearen pertzepzioa hori baldin bada, aurre egin beharko zaio komunikazioarekin-eta.
Badaude beste aldagai batzuk ere; adibidez, %13,5ek diote ez dutela topatu beren ordutegira egokitutako talderik. Gainera, eskolak emateko moduei buruz-eta jaso dituzue iradokizunak eta eskaerak. Zeintzuk dira nagusi?
Allur: %5 baino gutxiago dira esaten dutenak ez dutela topatu beren mailara edo behar espezifikoetara egokitutako talderik, eta materialak edo metodologiak egokiak ez direla diotenak %3 dira.
Azkue: Normalean, euskaltegiek antolatzen dituzte taldeak, ikasleek eskatzen dutenaren arabera. Taldea osatzeko, gutxieneko batzuk behar dira. 10.000-15.000 biztanleko herri batean, askotan, zaila da taldeak ordutegi guztietan egitea; hiriburuetan, aldiz, ez dago arazorik. Guk autoikaskuntza sistemak sustatu nahi ditugu; badoaz poliki-poliki.
Erantzunetan aipatu dute euskaltegien jarduna bideratuegia dagoela tituluak lortzera.
Azkue: Bai, bai. Badago talde handi bat horren alde egiten duena, baina euskaltegiek buelta ematera jotzen dute askotan: gehienbat mintzamenari indarra eman, baliabideak eman ahozko komunikazioa indartzeko... Hiztunak egin behar ditugu, eta hiztun horiek euskara erabiltzeko gai izan behar dute.
Oiartzun: Tituluen beharrik izan ez eta euskaraz hitz egiteko motibazioa daukatenak ere badaude; kontuan hartu behar da hori.
Atzera egiteko arrazoiak egonagatik, zerk bultzatzen ditu euskara ikastera?
Azkue: Motibaziorik handiena euskara mantendu behar delako ustea da; pisua dauka ‘gure hizkuntza delako’ esanak ere. Gero, bestelakoak ere badaude: kulturaz gozatzeko, seme-alabekin erabili ahal izateko, lan aukerak areagotzeko, lagunartean eta aisialdian erabiltzeko...
Allur: Horiek dira motibazio horiei buruz banan-banan inkestatuei galdetuta jasotakoak. Gero, zera ere galdetu diegu: «Euskara zergatik ikasi nahi duzu?». Irekian eman dituzte erantzunak; %26k seme-alabekin eta familian erabili nahi dute, eta %24,4k, lanerako. Hauetako gehienak inoiz euskaltegira joan ez direnak dira, segur aski oso gutxik egingo dute lan sektore publikoan; sektore pribatuarekin lotura duenez, iruditzen zait %24,4 hori oso adierazgarria eta positiboa dela.
Matrikulatzeko probabilitate handia edo erabatekoa erakutsi dute Espainiako Estatutik kanpo jaiotakoen %42k. Ehunekoak apalagoak dira Espainiako Estatuan edo Hego Euskal Herrian jaiotakoen artean. Adierazgarria da.
Azkue: Bai, bai. Datu garrantzitsua da. Euskaltegietan, ikasleen %11 dira estatutik etorritakoak eta %10 atzerritik etorritakoak. Etorkinena hizkuntza politiken lehentasunetan jarrita dago.
Oiartzun: Talde handia da, euskara ikasteko interes handia dute, eta izena emateko probabilitate handia. Baina bizi egoera eta baldintza bereziak dituzte, eta egokitu beharra dago euskara ikasten hasiko badira.
«[Atzerrian jaiotakoena] Talde handia da, euskara ikasteko interes handia dute, eta izena emateko probabilitate handia»
UNAI OIARTZUNSiadecoko ikerlaria
Badago diskurtso bat esaten duena atzerritarrek ez dutela euskara ikasi nahi. Honek erakusten du ikasi nahi dutela.
Azkue: Bai, atzerritar askok. Harrera protokoloak-eta sinatu dira. Euskarara hurbiltzeko, Aisa programa daukagu; ikastaro labur bat, 60 ordukoa, eta urtetik urtera ikasle gehiago ditugu.
Oiartzun: Inkestak erakusten du atzerrian jaio eta etorri berriak direnei interesatzen zaizkiela gehien horrelako ikastaroak. Oso oinarrizko euskara maila eskuratzeko modua emango dien ikastaroren bat nahi dute.
Azkue: Jende asko dago Aisa ikastaroa egin eta gero euskaltegietan ikasprozesu normalean sartzen dena ere.
Euskaltegian ibili baina uztea erabaki dutenei ere galdetu diezue. Zer arrazoi aipatu dituzte?
Oiartzun: Arrazoi nagusiak pertsonalak dira, denbora faltarekin edo kontziliazioarekin lotutakoak, eta, gero, prezioa.
Allur: Ez dago inor esan duenik euskaltegira joateagatik bat-batean euskararen kontrako bihurtu dela, gaizki sentitu dela edo tratu txarra jaso duela.
Azkue: Euskaltegien eta haien jardueren inguruan, oro har, ez dago ikuspegi negatiborik. Gehiago eragiten dute kanpo faktore batzuek: norberaren agenda, kontziliazioa; berriro matrikulatu nahi badute, prezioa...
Oiartzun: Geroago agertzen dira beste faktoreak: azterketetara bideratuegi egotea, norberaren ordutegietara egokitutako talderik ez topatzea... Azpitik daude, bukaeran, materialak eta metodologia.
«Uzteko arrazoiei aurre egin behar zaie. Adibidez, prezioa merkeagoa izango balitz, %24 berriro joango lirateke»
JUANJO ALLURSiadecoko ikerlaria
Ba al dago modurik ikasle ohiak euskaltegietara itzultzeko?
Oiartzun: Herenek diote berriz matrikulatzeko probabilitatea handia dela, eta %9,5ek erabatekoa dela.
Azkue: Berreskuratu egin beharko lirateke; kopuru handia da.
Allur: Uzteko arrazoiei aurre egin behar zaie. Adibidez, prezioa merkeagoa izango balitz, %24 berriro joango lirateke.
Hori guztia ikusita, zer erronka daude hizkuntza politikaren arloan?
Azkue: Euskara ikastea gero eta eskuragarriagoa izatea, horixe izan behar da gure bidea; diru kontuak ez daitezela arazo izan. Ikusi dugu merkeago eskainita jende gehiago matrikulatzen dela. Beste erronka bat da jendea berriro matrikulatzea; orain, ikasleen erdiak ez dira berriro matrikulatzen. Gero, gure lehentasunetan dago aisialdian, kiroletan, lagunartean, familian, transmisioan, lan munduan eta etorkinen artean eragitea.
Ikusi gehiago