Segurako polizia operazioan atxilotu eta preso sartu zutenean jendaurrean politikan aritzeari utzi behar izan zion. Orain itzuli egin daberriro, prozesua bururaino eramateko eta Euskal Herriarentzat beste eredu sozioekonomiko bat bultzatzeko. Joseba Permach (Donostia, 1969) seguru dago elkarrizketa politikoak abiatuko direla, eta garbi dauka abiatu ez badira beldurragatik dela: «Ezkerreko independentistak burujabetzaren alde sortzen ari garen mugimenduaren indarrak beldurra ematen die».
Oraintxe, zein puntutan dago prozesua?
Aieteko Adierazpenak eta Gernikako Akordioak markatu dute konponbide prozesua muturreraino eramateko bidea. Bideorri horretan urrats garrantzitsuenak zehazten dira. Batetik, gatazkaren ondorioei dagokienez, ETA erakundeak eta Gobernuak egin beharko lituzketen elkarrizketak, eta, gero, gainontzeko urratsak biktimen gaiari dagozkionak, edo alderdi politikoen artean ireki beharreko eztabaidaren ingurukoak. Bideorria markatuta dago. Baina, hori bururaino eramateko bi estatuen jarrera aldatzea ezinbestekoa da. Oraintxe izugarrizko aldea dago Euskal Herriko eragileen eta estatuen jarreraren artean. Euskal Herriko eragile gehientsuenon artean badago borondatea urratsak egiteko. Bagenekien erraza ez zela izango, eta denoi dagokigu ibilbide orri hori poliki-poliki martxan jar dadin bultzatzea.
Blokeoa gainditzeko indarra guztien artean egin behar dela diozu. Baina nola?
Garbi dagoena da PPren gobernuak or ain duen jarrera erabat ezkorra dela. Desarme bati buruz eta abarri buruz hitz egiteko elkarrizketak izan dira beste prozesuetan, eta beharrezkoak izango dira hemen ere. Su-eten bat izaten denean, edo bestelako urratsak egiten direnean bermeak behar dira, eta munduko beste prozesu batzuetan nazioarteko eragileek bete dute egiaztatzeko lana. Alde horretatik, erabat onartezina da PPren jarrera. Nola alda daiteke? Azkenean, Euskal Herriko gehiengoaren posizioak mugiarazi egingo du gobernua. Ez daukagu zalantzarik. Guretzat garrantzitsuena da, behingoan, Euskal Herrian denok ahots berdinarekin gobernuak interpelatzea.
Ahots berdinarekin interpelatze horretara bidean, ondo doaz gauzak? Alderdien elkarlanik badago?
Harreman politikoak badaude. Baina egia da, orain hauteskunde atarian gaude, eta horrek baldintzatzen du. Hurrengo hauteskundeek garrantzi handia izango dute, prozesuari bultzada emateko ere aukera izan daitezkeelako. Baina, alderdien artean harremanak badaude, Euskal Herri osoan, bai Iparraldean eta bai Hegoaldean ere. Noski, ez dago nahi genukeen harremana PPrekin, baina uste dut, poliki-poliki, hori ere lortuko dela. Oraindik hilabete batzuk baino ez dira pasatu. Denok nahiko genuke azkarrago joatea, baina ez da horrela. Azken finean,urteetan iraun duten politikaren eta hitzen gatibu ere badira. Baina, konbentzituta gaude, lehenago edo geroago mugituko direla edo mugiaraziko ditugula.
Zein da arazoa engranajeek ongi ez egiteko?
Historikoki, herri honen gehiengoak jakin bazekien gatazka armatuaren sustraietan bazegoela gatazka politiko bat, eta gatazka politiko horri irtenbide politiko bat eman behar zitzaiola. Behin borroka armatua amaituta, borroka armatuaren presentzia aitzakiatzat jartzen zuten horiek jadanik ez daukate arrazoirik. Baina, orain, beldur diote eztabaida politiko horri, gero eta nabarmenagoa delako herri honen gehiengo zabal batek erabakitze eskubidearen edo autodeterminazioaren aldeko apustua egiten duela. Eta gehiago esango dizut, uste dut ezkerreko independentistek burujabetzaren alde sortzen ari garen mugimenduaren indarrak ere beldurra ematen dietela, herri hau norantz doan markatzen ari delako. Horrek kezkaksortzen ditu egungo esparru politiko eta juridikoarekin eroso dauden alderdi politikoen artean. Baina, poliki-poliki, eztabaida hori ere irekitzen ari da, eta ziur gaude gai izango garela, bai Iparraldean eta bai Hegoaldean ere eztabaida politikoari ekiteko. Benetan aukerak egon badaude, harreman politikoak badaudelako. Ziurrenik, harreman horiek urratsak egiten ikusten hasteak hilabete batzuk eskatzen ditu.
Blokeora bueltatuz, gobernuak urratsik ez egiteak ez al dakar arriskua ETAn haustura sortzeko?
Gure ustez, ez dago inongo arriskurik. Ezker abertzaleak azken urteetan egin duen eztabaida era oso partekatuan egin da, baina ezin da ukatu zailtasunak izan direla duen garrantziagatik. Irekitako bidea bere fruituak ematen ari da. Hasieratik, Zutik Euskal Herria adierazpenean, jendartean eta nazioarteko komunitatean kokatzen genuen prozesu hau aurrera ateratzeko berme nagusia. Nazioarteko komunitatea urrats garrantzitsuak egiten ari da, eta laguntza eskaintzen ari da. Eta bereziki garbi dagoena da indar mobilizatzaile bat egon dela herri honetan azkenengo bi urteetan. Euskal Herrian etengabe ari diren aldarrikapenak oso ozen doaz, eta gu konbentzituta gaude, horrelako urratsek azkenean fruituak emango dituzte, eta gobernuek, azkenean, elkarrizketaren bitartez behin betiko konponbideari ekin beharko diote.
Gizartearen indarra ezinbestekotzat jotzen duzu. Baina aurrerapenik ikusi ezean, hura etsitzeko arriskurik ez duzu ikusten?
Bai. Ez dugu ukatzen etsipen irudipena ekar dezakeela Euskal Herrian edo Euskal Herriko eragileen artean etengabe urratsak dauden honetan PPri jarrera hori ikusteak. Hala ere, jendeari esango genioke galdetu diezaiola bere buruari zergatik duen PPk horrelako jarrera ezkorra. Erantzun bakarra dago: badakite Euskal Herrian egiten ari diren urratsak oso garrantzitsuak direla, estrategikoki ezkerreko subiranisten eta independentziara eramango gaituen bidea indartzen ari dela, eta bide hori, nazio askapen prozesuaren bide hori dabaldintzatu edo geldiarazi nahi dutena. Etsipena baino gehiago, lana areagotu beharko genuke, lehenbailehen, bide horri itxi nahi zaizkion ateak irekitzeko.
Normalizazio politikoa urrun dagoela erakusten du Otegi ezin izatea hautagai Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Asko dago egiteko bide horretan?
Ezinbestekoa da prozesuak aurrera egin dezan, eta bestelako gaietan sartzeko, estatu espainolak eta frantsesak beraien espetxe politika aldatzea, presoak Euskal Herriratuz eta gaixo daudenak edo hiru laurdenak beteta dituztenak kaleratuz. Eta horrekin batera, jarduera politikoa behin betiko normalizatzea ere beharrezkoa da. Ikusten den bezala, oraindik ere epaiketekin aurrera jarraitzen dute. Argigarria da: komunikabide gehientsuenek lotzen zuten sententzia lehendakarigai izateko ezintasunarekin. Jakitundira Arnaldoren moduko pertsona bat oso garrantzitsua izan daitekeela, ezkerreko indar subiranistak sortu duen mugimenduaren bultzadarako. Bide horrek fruituak emango ditu, eta jartzen ari zaizkigun oztopoak gainditzeko gai izango gara. Hala ere, jarduera politikoari dagokionez ere, posizioak irabaziz joango gara. Hurrengo aste eta hilabeteetan Sorturen legeztatzearekinhainbat urrats egin beharko lirateke beste norabide batean.
Bozetan Sortu ezkerreko koalizio subiranistan legez egongo den itxaropena baduzu?
Oraintxe, apustua garbia da. Herri honetan badira lau korronte edo indar politiko, norabide oso garbi batean elkarlanean. Alternatiba, EA, Aralar eta ezker abertzalea dira horiek. Logikotzat har daiteke Sorturen legeztatzea norabide horretan joatea. Edozein kasutan, lehenik, Sortu legezko egin behar da, eta, gero, eztabaida egin beharko da.
Otegi ezingo da hautagai izan, baina ezker abertzaleko beste norbait izaterik baztertzen al duzue?
Ez ez. Oraintxe, lau indarren artean hausnartzen ari gara hauteskunde erronkari nola aurre egiten diogun. Garrantzitsua izango da zerrendako aurrena zein izango den. Baina, edonola ere, gure kultura politikoan garrantzi handia dauka pertsona batek baino gehiagok horrelako erronkari aurre egingo dion lantaldea osatzeak. Inkestek ere esaten dute orain bi aukera daudela: EAJk irabaztea edo orain Amaiur osatzen dugunok irabaztea. Horrek izugarrizko ardura esan nahiko luke, eta prestatu egin behar da lantalde indartsu bat, herri honek dituen arazo politikoei, sozialei eta ekonomikoei aurre egiteko.
Aurreneko indarra izatea da zuen erronka?
Indar politiko guztien erronka izaten da hori, eta, kasu honetan, aukerak daudenean, are gehiago. Edonola ere, garrantzitsuena ez da lehenengo indarra izatea bakarrik, baizik eta zertarako izan nahi duzun jakitea. Argi dago Gasteizko gobernutik, soilik hiru herrialdetako instituzioa izan arren, gatazkari irtenbide politiko oso bat emateko urratsak egin daitezkeela. Nabaria da ze jarrera negatiboa izan duen Lopezek. Haren ekarpena hutsaren hurrengoa izan da. Daukagun krisi ekonomikoari aurre egiteko ere, bestelako norabide batean egin beharko litzateke, bestelako eredu baten alde.
Joseba Permach. Ezker abertzaleko kidea
«Garrantzitsua da denok ahots berarekin gobernua interpelatzea»
Espainiako Gobernuak prozesuaren inguruan duen jarrera itxia onartezina dela uste du Joseba Permachek, baina seguru dago lehenago edo geroago mugituko dela edo mugiaraziko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu