Hainbat urtez akademiaren munduan ibili eta gero, enpresaren mundura joan da Alaitz Etxabide ingeniaritzako doktorea (Lesaka, Nafarroa, 1990), egun osoan laborategian sartuta aritu ahal izateko. Bioplastikoen sektorean ibili da gehienbat, eta plastiko kontsumoa murriztea iruditzen zaio elikadura industriaren erronka nagusia.
Berriztagarri hitza energiarekin lotu ohi dugu, baina kontzeptu orokorragoa da. Nola definituko zenuke zer den berriztagarria?
Esango nuke finitua ez den zerbait dela. Nik material berriztagarriei buruz hitz egiten dudanean, naturak ematen dizkigun materialei buruz ari naiz. Adibidez, zuhaitz bat berriztagarria izango litzateke; hau da, bertatik lortzen dugun egurra berriztagarria da.
Eguzkitik lortzen dugun energia edo argindarra, adibidez, berriztagarria da, eta haizeak ematen diguna. Beti hor egongo da, eta naturak beti emango digu. Baina uste dut garrantzitsua dela aipatzea modu jasangarri batean eman behar digula: ezin dugu esplotatu.
Zer dira zehazki material berriztagarriak?
Elikadura industriaren hondakinetatik lortzen diren material berriztagarrietan aritu naiz ni lanean gehienbat. Esaterako, edozein elikadura produktu ekoizten denean, beti hondakinak daude, eta normalean organikoak izaten dira. Haiek aprobetxatuz materialak lortzen saiatuko gara gu; plastiko biodegradagarriak edo bioplastikoak deitzen direnak, esaterako. Horregatik diogu material berriztagarriak direla, naturatik lortu diren elikagai horien hondakinetatik lortzen dugulako gure amaierako produktua.
Bioplastiko horiek zertarako erabiltzen dira?
Plastiko sintetikoak, gehienbat, elikagai industrian erabiltzeko sortzen dira. Erabilera gehiago badituzte, baina gehienbat horretarako erabiltzen dira, eta arazo handia dago, gutxi birziklatzen delako eta hondakin anitz dagoelako. Orduan, arreta jarri genuen elikagaien ontziratzean batez ere. Zera egiten dugu, elikagaien hondakinetatik lortutako materialak elikagaiak ontziratzeko erabili.
«Bioplastikoen lehengaia garestiagoa da sintetikoena baino, eta hori da aitzinera ez jarraitzeko arazo handienetako bat»
Zenbateraino da gaur egun bideragarria halako plastikoen ekoizpena?
Teknologia aldetik, aldaketa handirik ez da behar, ontziak ekoizteko makinak nahiko antzekoak direlako. Egia da prozesu guztiak optimizatu behar direla, tenperatura, denbora eta energia aldetik batez ere, baina inbertsio handirik ere ez da behar. Kontua da bioplastikoen lehengaia garestiagoa dela sintetikoena baino. Eta hori da aitzinera ez jarraitzeko arazo handienetako bat.
Beste arazo batzuk ere badaude. Esaterako, bioplastikoen propietateak ez direla sintetikoenak bezain onak, gauza batzuetarako behintzat.
Plastiko sintetikoen industrian, iturri finitu baina konstante eta merke bat dute: petrolioa. Bioplastikoek nolako lehengai fluxua dute?
Elikagai hondakinak nahiko heterogeneoak dira. Hori dela eta, merkatuan jada badaude bioplastiko batzuk, artoa erein eta bertatik lortzen duten konposatu batzuk erreakzionatuta sortzen direnak. Horretarako, deforestatu egin dute, zelai handi bat hartu dute, landaketak egin, ura erabili, pestizidak erabili artoa azkarrago handitzeko, eta hortik plastikoa sortu dute. Hori niretzat ez da batere etikoa, urarekin arazoak ditugulako, pestizidek kutsatu egiten dutelako eta jendea gosez hiltzen ari delako: plastikoak egiteko erabiltzen ari gara janaria izan daitekeena.
Iruditzen zait dauden hondakinak erabili egin behar direla, aprobetxatu, balio bat eman, eta horrekin sortu.
Horregatik azaldu duzu hasieran jasangarritasuna garrantzitsua dela?
Bai, hori da, eta oraingoz ez goaz bide horretatik.
«Beti pentsatzen dut gure aitatxik eta amatxik zer egiten zuten: behin eta berriz berrerabili. Adibidez, botilak eraman eta esnez bete»
Elikadura sektoretik kanpora, eraikuntzaren munduan ere ezaguna da material berriztagarrien kontzeptua.
Gero eta gehiago zabaltzen ari da, legediak gero eta gehiago eskatzen duelako material berriztagarriak eta birziklagarriak erabiltzea. Enpresetan ere gero eta gehiago entzuten da karbono aztarna, eta horrek guztiak eragiten du hasierako osagai horietan berriztagarria edo birziklagarria dena gehiago erabiltzea.
Uste dut hasieran elikagai industrian hasi zela, plastiko zabor gehiena hor sortzen delako, eta ikusten dugu orain nola dauden gure itsasoak eta mendiak: plastikoz beteak. Horregatik uste dut hasieran horretan jarri zela arreta, baina orain eraikuntzara zabaltzen ari da, autogintzara, medikuntzara... Zabaltzen ari da, eta gehiago zabalduko da.
Erabilera bakarreko plastikoekin arazo handia dago.
Ekoizpen lineal bat da: produktua sortu, erabili, eta gero bota egiten dugu. Petrolioa erabiliz egiten dira plastikoak, finitua den lehengai bat erabiliz, eta botatzen ditugun plastikoak ez dira degradatzen. Oso erresistenteak dira, eta naturaren indarrarekin zati txikitan puskatzen dira, eta mikroplastikoen arazoa sortu. Denean daude gaur egun: airean, uretan, janarian...
Erresistentzia hori propietate ona da elikagaiak ontziratzeko, baina alde txarra ere hori du: nola kudeatu hondakin hori. Eta nahiz eta gaur egun birziklatzeari garrantzi handia ematen diogun, oraindik anitz hondakin sortzen da, eta oso gutxi birziklatzen.
Zeintzuk dira janari industriaren erronka nagusiak?
Garrantzi handia ematen zaio birziklatzeari, eta ikusten da orain dela urte pila bat ezarri zen sistema horrek ez duela ondo funtzionatzen. Uste dut murriztu egin behar dela, gero berrerabili, eta ondoren birziklatu. Garrantzia ematen zaio birziklatzeari, erosoagoa delako, baina murriztea da gakoa, dugun zaborra kudeatu ahal izateko. Hala ere, egungo politikak gehiago zentratzen dira ekoizten diren ontziek birziklatutako material portzentaje bat izan dezaten.
Beti pentsatzen dut gure aitatxik eta amatxik zer egiten zuten: behin eta berriz berrerabili. Adibidez, botilak eraman eta esnez bete, poltsekin egiten dugun moduan. Baina eroso bihurtu gara, eta ez dugu halakorik egin nahi.