Garraldako (Nafarroa) areto futboleko txapelketa antolatu zuten apirilaren 12an, larunbatean. Bada, gaupasan gizon talde batek emazteki bati eraso zion, etxerako bidean zela. Bestako antolakuntzako kideek erasoa gaitzetsi dute ohar bidez, eta erasoa jasan zuen emakumeari babesa adierazi diote: «Eraso egin diotenari gure babesa helarazi nahi diogu, eta horrelako erasoek gure espazioetan lekurik ez dutela adierazi, baita jakinarazi ere eraso egin diotenaren esanetara gaudela dituen beharrak asetzeko, eta konpromisoa dugula beharrezkoa duen laguntza eskaintzeko».
Irati Irratiaren sare sozialen bidez zabaldu dute gaitzespen oharra: «Eraso hau gaupasaren eremutik urrun gertatu bazen ere, gaupasarekin zerikusia duela deritzogu. Antolakuntzakook, zer gertatu zen jakin ostean, harremanetan izan gara eraso egin diotenarekin, gure ahalmenen arabera beharrezkoa zuen laguntza eskaintzen, betiere bere behar eta denborak errespetatuz». Nabarmendu dute erasoa matxista izan zela: «Emakumea izateagatik bakarrik eraso zioten, eta egoera larria eragin, emakumearen bizitza arriskuan jartzeraino». Gisakoak onartzen ez dituztela adierazi dute, eta jarrera hori izatera deitu dituzte herritarrak: «Bada garaia problematika hori agerian jartzeko, egiaztatu ahal izan den bezala gure ingurua ez baitago salbuetsita horrelako egoeretatik».
Are, erasotzaileei ere erreferentzia egin diete, beren espazioetan ongi etorriak ez direla errateko. «Gure guneak askatasunean, berdintasunean eta espazio honetako pertsonak eta ingurua errespetatuz kirolaz eta festaz gozatzeko lekuak dira». Egungo gizartea «desorekatua» dela adierazi dute, eta, hortaz, ezinbertzekoa zaie eraso diotenari elkartasuna erakusten jarraitzea: «Eraso diotenari babesa ematen jarraitu behar dugu, eta azpimarratu ez dagoela bakarrik».