Garraioen deskontuak: Renferena, bertan behera; besteak, airean

Hego Euskal Herriko erakunde publikoek garraio publikoaren deskontuei eutsiko diete haiei buruzko legedia argitu bitartean. Renfe da salbuespena; prezioak lehengora itzuli dira dagoeneko.

Billabesa autobus bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Billabesa autobus bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urtarrilaren 23a
13:30
Entzun

Hego Euskal Herrian gaur Renfe tren konpainiaren abonu bat erosi duten bidaiariek badute atsekaberako arrazoia. Hilabete luzez dohainik bidaiatzeko aukera izan ondoren, lehengora itzuli dira prezioak. Espainiako Gobernuak garraio publikoko deskontuak luzatzeko neurriak sartu zituen atzo Kongresuan bertan behera gelditu zen dekretu sortan, eta ezin izan ditu berritu ganberaren oniritzik gabe. Renfe, baina, salbuespena da. Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, aldundiek eta partzuergoek deskontuei eustea erabaki dute. Hori bai, behin-behineko neurria da, Espainiako Gobernuaren hurrengo pausoak zein izango diren jakin arte.

Hego Euskal Herriko garraio publikoko deskontu gehienak %50 artekoak dira: %30 Espainiako Gobernuak finantzatzen du, eta beste %20a, euskal erakundeek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, %10 Jaurlaritzak ordaintzen du, eta gainerako %10a, aldundiek. Nafarroan, berriz, partzuergoek ere haien gain hartzen dute. Hori gertatzen da, adibidez, Iruñerriko autobusetan, billabesa ezagunean.

Arabako Foru Aldundiak hil amaierara arte eutsiko die deskontuei; Bizkaikoak, otsailaren 20ra arte; eta, Gipuzkoakoak, ekain amaierara arte

Eusko Jaurlaritzak dagoeneko jakinarazi du %50eko deskontuari eutsiko diola bere menpeko garraio sarean. Euskotrenen tren eta tranbiak kudeatzen ditu —Renferen aldirikoen eskuduntza jaso berri du, baina oraindik ez du kudeatzen— Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren bitartez, eta hark zehaztu du deskontuei eutsiko diela dekretuekin zer gertatzen den argitu arte. Izan ere, litekeena da Espainiako Gobernuak dekretu multzoan aurkezturiko hainbat neurri banaka bozkatzea haiek errazago onartzeko.

Bizkaiko aldundiak jakinarazi du otsailaren 20ra arte eutsiko diela deskontuei, eta «lasaitasuna» eskatu die herritarrei. Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bitartez kudeatzen du garraioa, eta bertan sartuta daude, besteak beste, Bilboko metroa, Bizkaibus, eta zenbait herri eta hiritako autobus zerbitzuak.

Arabako aldundiak, berriz, urtarrilaren 31ra arte eutsiko die %50eko deskontuei. Hark Alavabus eta tokian tokiko autobus zerbitzuak kudeatzen ditu. Gasteizko Udalak ez die iraungitze datarik jarri TUVISA zerbitzuetako hobariei.

Ikusteko dago Espainiako Gobernuak garraio deskontuen auzia dekretu multzotik aterako duen eta bakarka bozkatuko den Kongresuan

Gipuzkoako Foru Aldundiak urrunago jo du, eta Gipuzkoako garraio agintaritzak onarturiko konpromisoari eutsiko dioela iragarri du, alegia, ekainaren 30era arte eutsiko diela lurraldeko garraio publikorako deskontuei.

Nafarroako tren sarea Renfek kudeatzen du; beraz, deskontu aukera amaitu da oraingoz. Dena dela, konpainiak argitu du aurretik ateratako abonuak izanez gero iraungi arte eutsiko zaiola deskontuari —lau hilabetekoak izan dira—. Hiriarteko garraioko laguntzak ere bertan behera gelditu dira; ez, ordea, Iruñerriko autobusena. Partzuergoko udalek deskontuei eustea erabaki dute, eta txartelak 0,42 euroko prezioa izango du aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.