Garraioaren erabileraren araberako deskontuak eskatu dizkiote Jaurlaritzari

Garraio publikoa hamabi urte bitartekoentzat doakoa izatea proposatu du EH Bilduk. EAJren eta PSE-EEren osoko zuzenketak aurrera egin du

Gipuzkoako sare publikoko autobusak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
EH Bilduk 0 eta 12 urte bitarteko umeentzat garraio publikoa doakoa izatea proposatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos-IUren babesarekin, baina atzera bota zuen legebiltzarrak. Horren ordez, aurrera egin zuen EAJren eta PSE-EEren osoko zuzenketak. Onartutako testuan, Eusko Jaurlaritzari galdegin diotegarraio publikoko operadore publiko guztiei proposa diezaiela «tarifen deskontu sistema progresibo bat ezartzeko», Euskadiko Garraio Agintaritzaren bidez. Deskontuak «erabileraren eta egoera pertsonalaren arabera» eta pertsonen errenta kontuan hartuta ezartzea gehitu zuten eskarian.

EAJko Irune Berasaluzek adibidetzat jarri zuen Gipuzkoan Mugi sistemaren bidez ezarria dagoen eredu «progresiboa», eta esan zuen eredu hori beste herrialdeetara hedatu beharko litzatekeela. Deskontu progresiboez gain, Gipuzkoako eredua hiru herrialdeetako «integralena» dela aipatu zuen Berasaluzek. EH Bilduko Unai Fernandez de Betoñok «koherentzia falta» egotzi zien gobernuko alderdiei: «Gasteizen gauza bat defendatzen ari zarete, eta hemen beste bat». Izan ere, Gasteizko autobus zerbitzu publikoan hamabi urte bitarteko umeek zerbitzuak doan jasotzea onartu du Tuvisa operadoreak, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen proposamenez. Elkarrekin Podemos-IUko Iñigo Martinezek gauza bera leporatu zien gobernuko alderdiei.

Sexu eta ugalketa legea

Legebiltzarrak ez zuen onartu Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako sexu eta ugalketarako lege proposamena. Besteak beste, modu seguruan eta sare publikoan abortatzeko eskubidea legez bermatzeko eskatzen zuen proposamenak. Gaur egun, abortuen %5 bakarrik egiten dira sare publikoan.

EH Bilduk babestu zuen lege proposamena, eta, kontrara, EAJk eta PSE-EEk adierazi zuten lege proposamen horrek aipatzen dituen eskubideak egungo legeetan jasota daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.