Herritar gehienek egunero egiten dituzte joan-etorriak ezinbestean, lana, aisia edo ikasketak direla eta. Horregatik, udal hauteskundeetarako kanpainan ere hautagaitza guztiek dituzte proposamenak garraioarekin lotuta. Azken urteetan, autoak hirietatik ateratzeko joera nagusitu da, herritarren bizi kalitatearen eta ingurumenaren hobebeharrez. Hegoaldeko lau hiriburuetako egoera eta proposamen batzuen lagina da hau:
DONOSTIA
Bertakoentzako lehentasuna izango duten eremu batzuk jartzea da garraio plan berriaren helburuetako bat. «Bulebarretik Araba parkera, Urumea ibaira eta Kontxako badiara» hedatuko dela adierazi du udalak, eta bertan bizilagunak, garraio publikoa, taxiak eta banatzaileak sartu ahal izango dira. Autobus elektriko adimendunaren linea bat zabaltzea edo Dbizi bizikleta zerbitzua hedatzea ere aurreikusten da planean.
Eremu horietan motozikletak sartzearekin, izan da polemikarik.Donostian asko daude—30.080, 2021eko datuen arabera—, eta, udalaren mugikortasun plan berrian motozikletak eremuan sartu ahalko direla zehazten den arren, bizilagunek soilik izango dute aukera hori. PP eta PSE moto guztiak sarbidea izatearen alde agertu ziren planari buruz duela hilabete egindako kontrol saioan.
Julen Izagirre Kalapie Hiriko Txirrindularien elkarteko kidearen ustez, plan hori «marketin kanpaina bat» da, eta salatu du ez dutela parte hartzeko aukerarik izan. «Lehen, gertuko harremana geneukan udalarekin mugikortasun arloan gure iritzia emateko, baina, azken legegintzaldietan, konfrontazio egoera batean gaude». Udalak Mugikortasun Kontseilua dauka elkarteen parte hartzea bermatzeko, baina Izagirrek salatu du ez duela kontseilu horretara deitu 2021eko apiriletik.
Garbiñe Alkiza Donostiako EH Bilduko ordezkariak ere «parte-hartze falta» salatu du. Talde politiko guztiekin bilera irekiak egiten hasi ziren plana zehazteko, baina salatu du udalak «bilerak bertan behera» utzi zituela. «Uste dugu inolako kontsultarik egin gabe hartu zituztela erabakiak, eta nahasmena baino ez dute sortu herritarrengan eta garraio publikoko gidariengan». Beharrezkoa ikusten du garraio arloan neurriak hartzea. Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko Donostiako ordezkariak ere uste du «neurri konkreturik gabea» dela plana, eta udalari egotzi dioparte-hartze prozesua eten izana.
GASTEIZ
Iaz hamar urte bete ziren Gasteiz European Green Capital izendatu zutenetik. Jasangarritasun politikei bultzada emateko balio izan zuen izendapenak,eta akuilu izan zen azken legealdian mugarri izan diren hainbat proiektu martxan jartzeko:besteak beste, tranbiaren Salbururako luzapena eta autobus elektriko adimenduna (BEI) martxan jartzeko. Hala ere, hiriak oraindik baditu garraioari lotutako erronka ugari: tranbia Zabalganera iristea, garraio publikoa indartzea, eskola inguruneetan segurtasun plana abiatzea, mugikortasun ordenantza onartzea ,eta hegoaldeko gehiegizko trafikoari konponbidea ematea, besteak beste.
Duela urtebete jarri zuten BEIa martxan, eta hasiera nahiko gorabeheratsua izan zuen, funtzionamendu arazoak tarteko. Gaur egun, zeresana ematen du oraindik, batez ere bide bereziek trafiko arazoak sortzen dituztelako. EAJk bere programan jaso du «hobekuntzak» egingo dituela garraio sistema horretan, eta BEIak erabiltzen dituen bideak erabiltzeko parada emango diela autobusei. Ildo beretik egin dute proposamena sozialistek ere, taxiei BEIaren bideak erabiltzeko aukera aztertu nahi baitute. PPk, berriz, hitzeman du alkatetza eskuratzen badu bide berezi horiek kenduko dituela.
Deskarbonizazioan laguntzeko,2030erakoautobus zerbitzuaren elektrifikazio osoa lortu nahi du EH Bilduk, eta hala jaso du bere programan. Halaber, garraio publikoa indartu nahi du Salburua, Zabalgana eta Jundiz artean, guztiz elektrikoa izango den autobus linea berri batekin edo BEIaren linea berri bat ezarrita.
Industria Gasteizko jarduera ekonomikoaren %26 da: industrialdeetan 37.000 lanpostu eta 2.500 produkzio zentro daude, eta horiek joan-etorri ugari eragiten dituzte; ia gehienak ibilgailu pribatuan egiten dira. Alderdi guztiek konpromisoa hartu duteeuren programetan, besteak beste, Jundiz industrialderako garraio publikoa «hobetzeko». Eta horrekin lotuta dago tranbiaren Zabalganeko adarra: 2027rako espero da martxan jartzea, eta EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek uste dute adar hori Jundizeraino luzatu beharko litzatekeela.
Tranbia luzatzea ez ezik, hiriaren hegoaldeko gehiegizko trafikoari irtenbidea ematea eta mugikortasun ordenantza onartzea ere izango dira legealdiko erronka nagusietakoak. Hegoaldeko trafikoari dagokionez, Iturritxu eta Zumabide kale inguruetatik egunean 20.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira, baita trafiko astuna ere. Auzo elkarteek maiz salatu dute ingurumen kutsadura eta kutsadura akustikoa pairatzen dituztela bizilagunek etxetik oso gertu.
Bestalde, hiriaren mugikortasun ordenantza berria onartzeko konpromisoa hartu dute alderdiek hauteskundeei begira. Bizikletaren, patin elektrikoaren eta oinezkoen arteko oreka hori nola arautu izango dute erronka.
IRUÑEA
Oposizioan, gauza bat; agintean, beste bat. UPNren Iruñeko udal taldeak 180 graduko itzulingurua egin du garraioaren auziari dagokionez. Joseba Asiron alkate zenean «burugabekeriak», «lardaskeriak» edo «ateraldi xelebreak» iruditzen zitzaizkionak egoki ikusten ditu orain Enrique Maiaren gobernuak. Pio XII.aren etorbideko bidegorri proiektuari, adibidez, kritika latza egin zion Maiak, eta iragarri zuen agintera iristen bazen laukoak eginiko guztia deseginen zuela. Antzeko erreakzioa izan zuen Alde Zaharra eta Zabalgunea oinezkoentzat egokitzeko plana aurkeztu zenean.
Kasu batean eta bestean, inguruko merkatarien bozeramaile bihurtu zen UPN, eta mugikortasun planen aurkako kanpainak babestu zituen. Alkatetza lortuta, ordea, azpiegitura horiek bere horretan utzi ditu, eta areago: bereak balira bezala aurkeztu ditu laukoaren garaikoak ziren beste zenbait proiektu, hala nola Basotxo kalea oinezkoentzat egokitzea eta Alde Zaharra emisio gutxiko eremu izendatzea, Espainiako Klima Aldaketaren Aurkako Legea bete ahal izateko.
Alta, iraganeko inertziei eutsita ere, autoari lehentasuna eman dio UPNk beste zenbait proiektutan. Adibidez, Gurutzeko plazako zuhaitzak bota eta lurrazpiko aparkaleku bat egiteko asmoa agertu zuen, oposizioakproiektua atzera bota zuen arte. Hain zuzen, eredua aldatzeko nahia agertu dute oposizioko taldeek, kanpaina honetan. EH Bilduk hiru proiektu handi iragarri ditu. Bat: Sarasate pasealekua, Sanduzelaiko biribilgunea eta Marcelo Zelaieta etorbidea eraberritzea. Bi: garraio sistema publikoa elektrifikatzea. Eta hiru: oinezkoentzako eta bizikletentzako «sare seguru eta jarraitua» sustatzea. Bidegorria hobetzeko proposamena egin du Geroa Baik ere, eta, horrez gain, planteatu du «mikrobus elektrikoen doako bi linea zirkular» sortzea.
BILBO
Bilbon 2020ko irailean sartu zen indarrean orduko 30 kilometroko muga hiri osoan. PSE-EEko Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziak iragarri zuen, eta, azaldu zuenez, munduan 300.000 biztanletik gorako lehen hiria izan zen hori egiten. «Heriotza bakar bat eragozten badugu, neurriak merezi izango du», esan zuen.
Bestalde, nabarmen handitu da bizikleten erabilera hirian. 2018an ekin zioten Bilbo Bizi zerbitzuari bizikleta elektrikoekin, ohiko bizikletak ordezkatuz. Urte hartan, 300 bizikleta ipini zituzten eskuragarri, eta orain 900 daude. 700 erabiltzeko, eta 200 erreserban. 2019an, 20.000 erabiltzaile baino gutxiago zeuden erregistratuta, eta, gaur egun, 27.000tik gora.
Zerbitzua hobetzeko asmoa adierazi du EAJk hauteskunde programan. Bertan jaso du Bilbo Biziko bizikleta eta aparkaleku kopuruak handitzea, baita bidegorrien sarea osatzea ere.
Hala ere, EH Bilduko Maria del Rio alkategaia kritikoa da hiriaren bizikleta politikekin, bidegorriak «txukun eta ondo» egon arren «ez daudelako elkarrekinkonektatuta». «Miribillan bidegorri berri bat dago, baina zentrora ezin zaitezke jaitsi hura erabilita. Deustuko Erriberan ere ez da pentsatu bidegorri sarean. Badakigu hiri batean aldaketak kosta egiten direla, baina ez da ikusten apustu sakonik dagoenik» kritikatu du.
Udal eta foru hauteskundeak. Garraioa
Garraioa. Kanpaina gurpil gainean
Azken legealdian, ugari egin dira ibilgailu motordunak hiritik ateratzeko planak, bidegorriak eta abiadura murrizteko neurriak. Bide horretan, alderdiek askotariko proposamenak ondu dituzte kanpainarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu