Kirk ekaitza heldu da Euskal Herrira, eta goizean goizetik kalte andana utzi du, baina oraingoz ez dago zauriturik. Gehienbat errepideetan nabaritu dira haizeteak, adar eta zuhaitz ugari erori baitira. Eguraldiak ere ez die utzi hegazkinei aireratzen: Loiuko aireportuan (Bizkaia) gutxienez 42 hegaldi utzi dituzte bertan behera, eta iristekoak ziren beste hemezortzi beste aireportuetara desbideratu behar izan dituzte; Biarritzekoan (Lapurdi), berriz, lurrean geratu da arratsaldean Lyonera (Frantzia) zihoan hegazkina. Bilboko metroa ere atzerapenekin ibili da, haizeteek arazo teknikoak eragin baitituzte Boluetako geltokian.
Ipar Euskal Herrian alerta laranja ezarri dute haizeteengatik 20:00 arte, eta beste bi orduz luzatu dute alerta, horia izanagatik ere. SNCF Frantziako trenbide konpainiak honako linea hauek bertan behera utzi ditu eguerditik 20:00 arte: Baiona eta Hendaia artekoa; Baiona eta Donibane Garazi artekoa; eta Baiona eta Tolosa (Okzitania) artekoa. Dena den, erabiltzaileek izan dute nola bidaiatu, autobus zerbitzua eskaini baitu trenbide konpainiak tarte hartan. Errepideen egoeraz ere ohartarazi du prefeturak: zuhaitz ugari erori dira RD 918 errepidean, Donibane Lohizune eta Kanbo artean (Lapurdi).
Garraioa ez ezik, sare elektrikoa ere hondatu du Kirk-ek: haize boladek 7.500 etxebizitza argirik gabe utzi dituzte Maule-Lextarre eta Atharratze-Sorholüze inguruan, Zuberoan. Enkarterrin, Karrantzan eta Barakaldoko Mespelerreka auzoan (Bizkaia), 2.000 etxebizitza daude argirik gabe eguerditik. Artziniegan (Araba), zuhaitzak erori dira linea elektrikoan goizaldean, eta 2.500 bizilagun argindarrik gabe egon dira; 16:00etan 300 inguruk jarraitzen zuten argirik gabe.
Eusko Jaurlaritzak 778 intzidentzia jaso ditu atzo gauetik gaur arratsaldera arte: 487 Bizkaian, 117 Gipuzkoan eta 114 Araban. Errepideetan 24 istripu zenbatu dituzte. Bigarren mailako errepideetan abisu ugari jaso dituzte adar eta zuhaitzengatik, baita errepide nagusietan ere: N-240n, Barazarko mendatean (Bizkaia); eta N-634n, Orio parean (Gipuzkoa). Euskalmetek 18:00 arte eman du alerta laranja Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, horia, 21:00 arte.
Nafarroan, ehun intzidentzia
Nafarroako Gobernuak ehun intzidentzia ingururen berri eman du, goizetik eguerdira artekoak. Gehientsuenak lurraldearen iparraldeko bigarren mailako errepideetan izan dira, adarrak eta zuhaitzak erortzeagatik, baita Sakana eta Domeñu aldean ere. Nafarroako suhiltzaileek ere hogei intzidentzia jaso dituzte eguerdira arte, Iruñerrian batez ere: Mutiloan eta Noainen hainbat eraikinetako teilatuetako xaflak hegan irten dira, baita Txantreako liburutegikoak ere; Beriainen aldamio bat erori da Iruñea Hiribidean; Iruñeko Nafarroa Hiribidean zenbait autok kalteak izan dituztela jakinarazi dute Udaltzaingoak eta Foruzaingoak, haizeak botatako adarrengatik.
Mendira ateratzera ausartu dira gutxi batzuk, eta Nafarroako Gobernuak erreskate baten berri eman du. Ultzaman, Belateko Ama Birjinaren ermitan harrapatuta geratu dira bost erromes haize boladengatik, eta SOS Nafarroak suhiltzaileen erreskate taldea bidali du hara. Bestalde, Izandorreko mendi aterpean hamalau erromes daude, haizea baretu esperoan, Orreagarako bideari berriro ekiteko.
Aemet agentziak alerta laranja ezarri du isurialde atlantikoan eta Pirinioetan 20:00 arte; Nafarroaren erdialdean, berriz, horia.