Ingurumen adierazleen azterketa gainditu egin du aurten Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Esther Larrañaga Ingurumen sailburuaren arabera. «Egoera zein den ikusita, nik 6 edo 6,5 puntuazioa emango nioke», esan zuen, atzo, ingurumen adierazleen emaitzen berri ematerakoan.
Eta egoera hauxe da: neurtu diren 11 adierazleetatik lau gainditu ditu, joera positiboa erakusten dutelako (lurzoruaren kutsadura, energiaren kontsumoa, lurraldearen erabilera orekatua eta klima aldaketara egokitzeko neurriak); beste seitan joera gurutzatuak edo aurrerapauso eskasak eman dira (uraren kalitatea, aire garbia, baliabide naturalen kontsumoa, hondakinen sorrera eta kudeaketa, berotegi efektuko gasen isurketa eta dibertsitate biologikoari eustea); beste baten joera negatiboa izan da (mugikortasuna).
Aire garbia
Substantzia batzuen isurpenean «hobekuntza nabarmenak» izan direla esan zuen Larrañagak. Hala, SO2 substantziaren emisioak gutxitu egin direla azaldu zuen. Energia produkzioan sortzen den substantzia da SO2. «Kezka handienetakoa sortzen duen substantzia kutsatzailea da, eta ahalegin handiak egiten ari gara aspaldian horren isurpenak murrizteko».
Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiri eta herrietan airearen kalitatea ona edo onargarria izan zen neurketen %93an. Airearen kalitatea %95ean ona izateko konpromisoa hartuta dauka Ingurumen Sailak.
Uraren kalitatea
Ibaietako uraren kalitatearen bilakaera pixka bat geldituta dago, Ingurumen sailburuaren hitzetan. Dena dela, hurrengo urteetan egoerak hobera egingo duen itxaropena agertu zuen. Izan ere, gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %82ak hiri uren tratamendurako saneamendu sarea dauka, baina etorkizunean kopuru hori hazi egingo dela aurreratu zuen sailburuak. Hala, Deba eta Ibaizabal ibaietako saneamendu plantak egiten edo proiektu fasean daudela esan zuen.
Kostako uren kalitateari dagokionez, bilakaera positiboa izan da azken urteetan; estuarioetakoa, aldiz, negatiboa. Industria jarduerak eta portuetako jarduerak dira kostako eta estuarioetako urak gehien kutsatzen dituztenak.
Lurzoruaren kutsadura
Joera positiboa izan du lurzoruaren kutsadura prebenitzea eta garbitutako garbitzea izeneko adierazleak. Izan ere, azken urteetan «aurrerapauso handia» izan da lurzoru kutsatuak berreskuratzean eta kutsadura prebenitzean. 2006. urtean 145 hektarea lurzoru kutsatu berreskuratu ziren. Aurreko urtean 100 baino apur bat gehiago izan ziren berreskuratutako hektareak.
Natur baliabideen kontsumoa
Natur baliabideak erantzukizunez kontsumitzeko adierazlearen bilakaera neurtzeko, barne produktu gordinarekin (BPG) alderatzen da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren gorakada (BPG) baliabideen erabilerari dagokiona baino handiagoa izan dela nabarmendu zuen Ingurumen sailburuak. Dena den, baliabideen kontsumoak, oro har, gora egin du. BPG %22 hazi da 2000. urtetik. Epe berean, energiaren kontsumoa %15 hazi da, lurzoruarena %12 eta materialena %9. Uraren kontsumoa jaitsi da bakarrik 2000. urtetik: %13 ur gutxiago kontsumitzen da.
Energiaren kontsumoa
Energiaren kontsumoa eta ekoizpen iraunkorrak sustatzea izeneko adierazlean joera positiboa izan da. Arlo horretan emandako «aurrerapauso garrantzitsuak» azpimarratu zituen Ingurumen sailburuak. Garraio arloko energiaren kontsumoak gora egin du, baina, hala ere, energia kontsumoan joera positiboa izan da. Larrañagak azaldu zuenez, 2006. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumitutako energiaren %14,4 energia berriztagarriak erabilita produzitu zen. Era berean, garraioan erabili ziren erregaien %4 bioerregaia izan zen. Energia iturri berriztagarriei guztizko kontsumoaren %4,4 dagokie. Datu hori handitzeko nahia azaldu zuen Larrañagak.
Lurraldearen erabilera
Azken urteotan lurzoru artifizial bilakatzearen erritmoa murriztu egin dela azaldu zuen Larrañagak. Iaz, 273 hektarea artifizialdu ziren; orain bi urte, 1.635 hektarea izan ziren artifizialdutakoak.
Mugikortasuna
Mugikortasunean gutxiegi kalifikazioa eman diote; horixe da gainditu ez den adierazle bakarra. Larrañagak azaldu zuenez, garraio publikoaren erabilerak gora egin du azken urteetan, baina antzeko zerbait gertatzen da ibilgailuen erabilerarekin. Ibilgailuen erabilera %4 hazi da azken 5 urteotan. Gainera, hirietan gero eta gutxiago mugitzen dira oinez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak.
Datuetara etorrita, joan-etorrien %58 autoz egiten dira, eta merkantzien %87 errepidez garraiatzen dira. Horri buelta emateko, garraio publiko zerbitzu egokia eskaini behar dela adierazi zuen Ingurumen sailburuak. «Garraio publikoa ona denean, erabili egiten da». Era berean, abiadura handiko trenak (AHT) onurak ekarriko dituela esan zuen, pertsonak eta merkantziak garraiatzeko izango delako.
Aurreko astean egindako proposamena ere mintzagai izan zuen. Hirietara autoz sartzeko ordaindu behar izatearen proposamena ontzat eman zuen, eta «epe ertainean» ezarri egingo dela esan. «Orain urte batzuk ez genuen sinesten TAO ezarriko zutenik, eta jada hiri eta herri askotan dago».
Aniztasun biologikoari eustea
Bioaniztasuna zaintzean aurrepausoak eman direla nabarmendu zuen Larrañagak. Besteak beste, nekazaritza ekologikoan, bertako basoen eta baso-ustiapen iraunkorraren esparruetan. Dena dela, oraindik ere 42 fauna espezie eta 44 animalia espezie desagertzeko arriskuan daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Berotegi efektuko gasen isurketa
Larrañagak esan zuenez, azken urteetan egonkortu egin dira berotegi efektuko gasen isurketak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %22 hazi dira berotegi efektuko gasen isurketa 1990. urtetik, Kyotoko Protokoloa sinatu zen urtetik (2012. urterako isurketak %14koak izateko konpromisoa hartuta dauka Ingurumen Sailak). Jaurlaritzak isurketa kopuru osoaren adierazlea (kontsumitzen den energiaren jatorrizko produkzioan isurtzen dena ere hartzen da kontuan) erabiltzen du datu hori ematerakoan (2006. urtean 25,5 milioi tona isuri ziren atmosferara). Hala ere, Kyotoko protokoloa sinatu zuten estatuei emisio kopuru zuzena erabiltzeko eskatu zaie. Jaurlaritzak ez zuen isurpen zuzenen datua eman, inbentarioa eguneratu gabe daukala argudiatuta. 2005. urteko isurpen zuzenen kopurua jakinarazi zuen, eta horren arabera, berotegi efektuko gasen emisioa %45 hazi da 1990. urtearekiko.
Ingurumen Sailak emandako datuen arabera, energiaren sektoreak hartzen du isurtzen diren berotegi efektuko gasen %38. 1990. urtetik %198 hazi da energia sektoreko emisioen kopurua. Garraioaren emisioak, aldiz, %109 hazi dira 1990. urtearekiko, eta isurketa osoen %22 dira. Industriak hartzen du emisioen %20, baina 1990. urtetik %32 murriztu ditu bere emisioak.
Emisio kopuru osoaren adierazlea zergatik erabiltzen duten azaldu zuen Ibon Galarraga Ingurumen sailburuordeak. «Energia kontsumoaren ikuspegia hartzen dugu kontuan. Kontsumitzen den energiaren erantzukizuna izan behar du herrialde bakoitzak». Luxemburgen adibidea jarri zuen: «Emisio zuzen gutxi dauka, baina kontuan izan behar da kanpotik inportatzen duela kontsumitzen duen energia guztia».
Klima aldaketara egokitzea
Klima aldaketaren aurkako Jaurlaritzaren planak 23 neurri hartzen ditu barnean, klima aldaketara egokitzeko. 23 neurri horietatik lau indarrean jarri ditu Ingurumen Sailak. Hurrengo urteetan beste guztiak ezartzen joango direla aurreratu zuen Larrañagak.
Hondakinak murriztea
Hondakinen sorrera «egonkortu» egin dela nabarmendu zuen Larrañagak. Hiri hondakinen isurketari dagokionez, %77 isurtzen zen 2000. urtean eta %56 isuri ziren iaz. Bataz beste, 545 kilo hondakin sortzen ditu biztanle bakoitzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hiri hondakinen sorrera egonkortu egin da, baina horien birziklatzeak gora egin du azken urteotan. Hiri hondakinen %22 birziklatzen zen 2000, urtean, iaz baino 7 puntu gutxiago.
AHT, Kyoto eta beste
anaLIsIaIÑAKI PETXARROMAN
Urtero egin duen gisan, ingurumen adierazleen azterketa aurkeztu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Hamaika adierazletan bakar bati aitortu zioten joera negatiboa: mugikortasunaren kudeaketari. Izan ere, autoaren erabilera handitzen ari da urtetik urtera. Ingurumen Sailaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren joan-etorrien %58 autoz egiten dira. Horri dagokionez, abiadura handiko trenaren (AHT) aldeko apustua berretsi du, autoaren alternatiba izango delakoan, eta, egun, nagusiki errepidez garraiatzen diren salgaiak eraman ahal izango dituelakoan.
AHTk ingurumenean onurak baino gehiago kalteak ekarriko dituela diote, ordea, eragile ekologistek. Lurrak okupatzea eta artifizialtzea areagotuko du, balio handiko naturguneei eta akuiferoei kalteak eragingo dizkie, zarata handituko du, hondakindegi ugari sortu beharko dira obretako soberakinak botatzeko, nekazari lur ugari desagerraraziko ditu...
Mugikortasunaren arazoa ere ez du konponduko. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren bidai gehienak -%97- herri eta eskualde artekoak dira. Horietan ez du eragingo AHTk. Eta kamioiak ere oso gutxi aterako ditu errepideetatik. Jaurlaritzak berak uste du 1.000 bat kamioi kenduko dituela errepideetatik. Gaur egun, 11.000tik gora kamioi igarotzen dira Irundik (Gipuzkoa) egunero.
Bestalde, Jaurlaritzak ez ditu emanberotegi efektua eragiten duten gas kutsagarrien emisio zuzenen datuak. Harrigarria da hori, zeren Kyotoko Itunak horiek neurtzeko eskatzen baitu preseski, alegia, herrialde bakoitzak zuzenean atmosferara isurtzen dituenak. Jaurlaritzak bertan isurtzen direnei bertan kontsumitzeko kanpoan isurtzen diren tonak gehitzen dizkie. Datu horrekin, 1990etik 2006ra %22 hazi dira bakarrik gas kutsagarrien isurpenak. Aldiz, kontaketa Kyotok agintzen duen legez eginez gero, %45 handitu dira. Kyoto erreferentzia izanik,logikoa litzateke itun horrek agintzen duen legez egitea kontuak, horrek erakutsiko bailuke gardenago euskal herritarren bizimoduak eta bertan egiten diren politikek -besteak beste, erregai fosilen kontsumoan oinarritutako energia eta garraio ereduek- gero eta eragin kaltegarriagoa dutela klima aldaketaren arazoan.
Sailburuak nota ere jarri zion Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ingurumen garapenari: 6,5... Datuek, ordea, azterketa ez dugula gainditu diote: lurraren artifialtzeak abiadura handiz jarraitzen du aurrera -1,2 hektarea eguneko-, airearen kalitatea okertzen ari da, hondakin gero eta gehiago sortzen ditugu -hondakin arriskutsuak, tartean-, gero eta natur baliabide gehiago xahutzen ari gara, dozenaka espezie desagertzeko arriskuan daude, eta bioaniztasuna galtzen ari gara urtetik urtera...