Pertsonalizatuak ez diren Barik, Mugi eta Bat garraio txartelei deskontua kentzea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Hortaz, txartel pertsonalizatuetan besterik ez dute deskontua mantenduko. Orain arte, %50eko deskontua izan dute guztiek. Izan ere, aste honetan iragarri du Espainiako Gobernuak garraio publikoa merkatzeko neurria mantenduko duela 2024an: abonuen %30 berak ordainduko du, betiere tokian tokiko erakundeek beste %20eko deskontua jartzen badute.
Bizkaian, gainera, aldizkako bidaietan ere deskontua kentzea erabaki du Bizkaiko Garraio Kontseiluak. Hileko abonua duten horiek bakarrik izango dute deskontua. Urtarrilaren 14an sartuko da neurria indarrean: 2024ko lehen bi asteetan deskontua ezarriko dute, aurtengo uztaileko lehenengo egunetan ezarri ez zutena orekatzeko.
Erabakiaren aurka agertu da ELA sindikatua, eta «onartezina» dela uste du. Erakundeei atzera egiteko exijitu die, eta deskontuak «pertsona guztientzat» eta «iraunkorrak» izateko. ELAren arabera, adostutakoa garraio publikoa indartzearen aurka doa, eta hori da «trantsizio ekosozialerako» ardatzetako bat. «Horrelako neurriek EAJ eta PSE errealitate sozialetik eta behar sozialetatik urrun daudela erakusten dute», sindikatuaren iritziz.
«Bidegabea»
Antzera mintzatu da EH Bildu; erabakia «onartezina» dela esan du. Koalizio abertzaleak «kezka handiz» hartu du notizia: «Erabiltzaileak, askotan, errenta apaleko pertsonak dira, eta txartel pertsonalizatua eskuratzeko arazoak dituzte». Pertsona horiek deskonturik gabe geratzea «bidegabea» da. Horregatik, erabakia aldatu ezean, «ekimena hartuko du erakunde guztietan». Egoera argitzeko, Batzar Nagusietan arloko diputatuen agerraldiak eskatu ditu.
Adostutakoaren atzean «inkoherentzia politikoa» eta «iruzur soziala» daudela kritikatu du EH Bilduk, «harrabotsez iragarritako erabaki politikoen desitxuratze larria» baita. Gainera, uste du erabaki horrek kalte egingo diola klima aldaketaren kontrako borrokari.