Garraio publikoko deskontuei 2025eko ekainera arte eutsiko die Nafarroako Gobernuak

2022ko irailean beherapenak ezarri zituztenetik garraio publikoa gehiago erabili dela jakinarazi dute. Datorren urteko uztailean «neurri gehigarriak» ezarri nahi dituzte.

Autobus bat Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Autobus bat Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko abenduaren 25a
16:55
Entzun

Datorren urteko ekainaren amaierara arte garraio publikoko deskontuei eustea erabaki du Nafarroako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak. Hain zuzen, gaur egun dauden %50eko deskontuei eutsiko diete beste sei hilabetez. Garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitzea dute helburu, «mugikortasun jasangarria» bultzatuz. Horrela, gobernuak uste du murriztu egingo dela «krisi energetikoak eta inflazioak Nafarroako familietan duten eragina».

Espainiako Gobernuak joan den astean Podemosekin hitzartu zuen uztailera arte luzatzea garraio publikoaren ohiko erabiltzaileei aplikatzen dien %30eko beherapena. Kopuru hori aplikatzen du betiere tokian tokiko erakundeek eta garraio partzuergoek beste %20ko deskontua beren gain hartzen baldin badute, guztira %50eko beherapena aplikatzeko.

2022ko irailean onartu zen lehen aldiz beherapen hori. Nafarroako Gobernuaren arabera, ordutik garraio publikoa gehiago erabili da lurraldean. Aurten, «hiriarteko garraio publikoaren emakidek batez beste %12,2ko hazkundea» izan dute erabiltzaile kopuruan. Besteak beste, iazko datuekin alderatuta, Iruñea eta Soria (Espainia) arteko zerbitzuak %8,15eko igoera izan du erabiltzaileei dagokienez, Iruñea eta Tafalla (Nafarroa) artekoak %11,3koa, eta Iruñea eta Tutera (Nafarroa) artekoak %18,8koa.

Ekaineko azken egunera arte eutsiko diete deskontuei. Behin beherapenak amaituta, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak «neurri gehigarriak» ezartzea aurreikusi du, «garraio publikoaren erabilera sendotzeko eta ibilgailu pribatuen erabilera murriztuko duen moda aldaketa sustatzeko».

Espainiako Gobernuak ere zehaztu du uztailaren 1etik aurrera bestelako neurriak hartuko dituela. Besteak beste, garraio publiko kolektibo guztiak doan izango dira 15 urtetik beherakoentzat; beherapen bereziak izango dira gazteentzat; prezio merkeagoak ohiko erabiltzaileentzat; eta Renferen aldirietarako txartel edo bonu bakarra, hilean hogei euro ordainduta.

«Funtsezko eskubidea»

Garraio publikoa «funtsezko eskubidetzat» jo du Nafarroako Gobernuak, eta adierazi du «lurralde kohesiorako, gizarte ekitaterako eta klima aldaketaren aurkako borrokarako zutabea» dela. Are, Berta Miranda Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendari nagusiak erantsi du garraio publikoa «berdintasunaren eta iraunkortasunaren motorra» dela, eta onartutako beherapenen helburua dela «etorkizun berdeago eta irisgarriago bat» lortzea, familien zama ekonomikoa arintzearekin batera.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere eutsiko diete deskontuei, Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Agintaritzak erabaki duenez. Orain arte bezala, Eusko Jaurlaritzak %10 hartuko du bere gain, eta diputazioek, udalek eta garraio operadoreek, beste %10. Horrez gain, erabaki dute 12 urtetik beherako haurrek doan erabiliko dutela garraio publikoa. Datorren urtearen hasieran jarri nahi dute neurri hori indarrean, baina aurretik lurralde bakoitzeko garraio agintaritzek onartu behar dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.