Igandean BERRIA-n

Garoñako zentral nuklearrak ateak ireki dizkio BERRIAri

Garoñako zentral nuklearra hamar urte barru ixtea aurreikusten da. BERRIA bisitan izan da, eta igandean bisita horren kronika argitaratuko du.

2023ko azaroaren 10a
10:18
Entzun

BERRIA Garoñako zentral nuklearrean sartu da. Edurne Begiristain kazetaria eta Oli Artola, Lara Madinabeitia eta Nagore Arin Ikus-Entzunezkoen Taldeko kideak desegin zain dagoen azpiegitura horretan izan dira aste honetan bisitan. Igandean bisita horren kronika argitaratuko da BERRIAn. Horrekin batera, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko kide bati egindako elkarrizketa bat eta Garoña inguruko herrietako eragileekin hitz eginda idatzitako beste albiste bat argitaratuko dira.

Garoñako zentral nuklearrak ateak ireki dizkio BERRIAri-5510ef5538

Espainian dago Garoñako zentral nuklearra, baina Euskal Herriko mugatik kilometro gutxi batzuetara. 2012tik dago itxita, baina martxan izan zen bitartean erabili zuten erregaia ur biltegian dago, eta, ondorioz, erradiazio handia dago han oraindik. Segurtasun neurri bereziak hartu behar izan dituzte BERRIAko kazetari eta bideogileek, bai sartzeko, baita ateratzeko ere.

Hondakin nuklearrak tokiz aldatzea eta gordetzea da zentrala eraitsi ahal izateko egin beharreko lanik konplexuena. Desegitearen lehen fasea ur biltegian dagoen uranio erradioaktiboa hustearekin batera hasiko da. Erradioaktibitate handiko 49 edukiontzi handi atera behar dituzte ur biltegitik, handik 300 metrora eraiki duten behin-behineko biltegira eramateko. Oraingoz bakarra atera dute, eta 160 ordu behar izan zituzten horretarako.

Gutxienez 2073ra arte izango dituzte behin-behineko biltegi horietan horiek guztiak, etengabeko zaintzan. Espainiako Gobernuak sakonera handiko biltegi geologiko bat egin behar du urte horretarako, hondakin erradioaktiboak gordetzeko. Garoñako zentrala 2033an ixtea aurreikusten dute, hamar urte barru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.