Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzearen arriskuez ohartarazi du Lurra elkarteak

Erredakzioa
Gasteiz
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) 2012ko abenduan itxi zen. Halere, zentrala berriz irekitzeko zantzuak antzeman dituztela-eta, Lurra Sarea elkarteak azalpenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Elkarteko bozeramaile Alberto Friasen arabera, PPren gobernua argindarraren igoerari buruzko eztabaida baliatzen ari da «erabat bidegabea» den zentralaren ateak zabaldu ahal izateko. Salatu duenez, Madrildik dekretu ugari onartzen ari dira, Garoña martxan jartzea errazteko. Haren esanetan, jada protokolo batzuk zehaztu dituzte zentrala berriz irekitzea ahalbidetzeko: besteak beste, Garoñaren etorkizunaren inguruko eskumena Iberdrola eta Endesa etxeen esku utzi du. Nuklearren bizitza 40tik 60 urtera arte luzatzea ere erabaki du.

Ildo horretatik, zentrala berriz irekitzeak ekar ditzakeen arriskuez ohartarazi du Friasek. «Inoiz baino arriskutsuagoa izango litzateke, eta herritarrek aurre egin beharko liokete zentralak dakarren gehiegizko gastuari». Horrez gain, Lurra elkarteko ordezkaria kritiko agertu da PPk Garoñaren itxieran izan zuen jarrerarekin. Friasen iritziz, ustez behin betikoa izan behar zuen itxiera «behin-behineko» bihurtzea lortu zuten.

Bestalde, «kontraesantzat» jo du argindarraren prezioaren gorakada, azken urteotan energiaren eskaria jaitsi egin baita. Energia etxeen aurka ere mintzatu da Frias: «Jarrera laidogarria erakusten dute erreformen aurka. Biktimatzat dute beren burua». Uste du «itxurakeriatan» ari direla. «Ulertezina da, iaz enpresa horien burtsa balioak nabarmen handitu baitziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.