Garoña ixteko «erabakigarria» izango da urtea, eragileen arabera

Araba Garoñarik Gabe plataformak eskaria egin die alderdiei eta instituzioei, zentrala ixteko «konpromiso aktiboa» har dezaten

Araba Garoñarik Gabe taldeak Garoña ixteko Gasteizen egindako manifestazio bat, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / ARP.
Gasteiz
2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun
«Garoña berriz irekitzeko prozesuan ematen den pauso bakoitza gero eta itzulezinagoa da», adierazi du Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe ekinbideko bozeramaileak. Taldeak, urte politiko berrirako dituen ildoak garatzeko, alderdi politikoen eta instituzioen «konpromiso aktiboa» lortu nahi du. «Garoña behin betiko ixteko urte erabakigarria da aurtengoa», ohartarazi du Friasek.

Espainiako Gobernuak otsailean onartu zuen Errege Dekretuak aukera ematen du Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) berriz irekitzeko. Araba Garoñarik Gabe taldeak salatu du Espainiako Gobernuak «berariaz» egin zuela arau hori, zentral nuklearra berriz irekitzeko. Arabako Batzar Nagusiek helegitea jarri zioten Errege Dekretuari, eta plataformak uste du Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak era berean jokatu beharko luketela. Helegitea ebatzi bitartean dekretua behin-behinean bertan behera uzteko eskatu du plataformak. «Behin-behineko eteterik gabe, helegitea keinu hutsean geldi daiteke, administrazioarekiko auzia oso luzea izan baitaiteke», adierazi du Friasek.

Europara begira ere jarri da Araba Garoñarik Gabe: «Energia nuklearraren gaiarekin, estatuek eskumen asko dituzte, baina Europak gainbegiratzeko gero eta botere handiagoa du; bereziki, Fukushimakoaren ostean». Garoña berriz irekitzeko eskaera Europako Batzordera iritsi ez bada ere, plataforma Europako Parlamentuan ordezkariak dituzten alderdiekin bilduko da.

Nuclenor osatzen duten bi elektrizitate enpresak —Endesa eta Iberdrola— Arabako energia hornitzaile nagusiak dira. Enpresa horien jarrera salatzeko eta horri aurre egiteko, ekinbideak energia hornitzaile alternatiboen «azoka» egingo du datozen hilabeteetan. «Energia hornikuntzarako alternatibak badaudela erakutsi nahi diogu jendeari», adierazi du plataformako bozeramaileak.

Horrez gain, Araba Garoñarik Gabe taldeak agerraldia eskatuko du Gasteizko legebiltzarrean. «Garoña berriz irekitzeak dituen arazo teknikoak eta gure ildoak azaldu nahi ditugu». Halaber, Nuclenorrek parte har dezala ere eskatuko dute, «zentral nuklearra berriz irekitzeko arrazoiak azaldu ditzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.