Energia nuklearra

Garoña eraisten hastea baimendu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioak

Datozen egunetan hasita, lanek hamar urtez irautea aurreikusi dute. 350 pertsona beharko dira lanetarako, eta 475 milioiko kostua izango dute. Araba Garoña Gabe plataformak salatu du kostu horiek aurrekontu publikoen bidez ordainduko direla, eta ez zentral nuklearraren ustipenak emandako etekinetatik.

Garoñako zentral nuklearra. SANTI OTERO / EFE
2023ko uztailaren 17a
10:51
Entzun

Espainiako Gobernuak iragarri zuen ez zutela Garoñako zentral nuklearra berriz ere martxan jarriko, Gaztela eta Leongo Juntak nahi zuen eran (PP-Voxen gidaritzapean dago egun), eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak urrats bat egin du hitzartutako bidean: Garoña desegiten hasteko baimena eman du gaur, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako agindu baten bidez. Bi fasetan egingo dituzte deseraikitze obrak, eta 2033. urtera arte irautea aurreikusten dute; 475 milioi euroren kostua izango dute, eta une batzuetan 350 pertsonari ere emango diete lana. Prozesu horren jarraipena egingo duela adierazi du Araba Garoña Gabek: plataforma pozik agertu da albistearekin, baina ohartarazi du segurtasun neurriak gertutik zaindu behar direla.

Burgosen (Gaztela eta Leon, Espainia) dago Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra, Arabatik oso hurbil, eta horrek eragin du euskal erakunde eta gizarte mugimendu asko borrokatu izana hura ixteko. 1971n inauguratu zuten, eta 2012 amaieran itzali egin zuen Nuclenorrek berak. Berriz abiatzeko mamua ez zen guztiz desagertu 2017ko abuztura arte: Endesak eta Iberdrolak Garoña ustiatzen segitzeko baimena berritzea eskatua zuten, baina behin betiko ezezkoa eman zien Energia Ministerioak. Ia sei urte behar izan dituzte desmuntatze lanak bideratzeko: CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak maiatzean onartu zuten zentrala eraisteko proiektua, eta berriki jaso du ingurumen baimena.

Obrak datozen egunetan abiatuko direla iragarri du ministerioak. Bi fase izango dituzte. 2026ra arte iraungo du lehenak: turbinaren eraikinaren egiturak eta osagaiak deseraikiko dituzte, eta bertako hondakinak kudeatu ahal izateko, hainbat instalazio moldatuko dituzte; gainera, erregai erradiaktiboa urtegitik atera eta «behin-behineko biltegi» batera mugituko dute. Bigarren fasean, berriz, behin erregaia aterata, «eraikin erradiologikoak» desmuntatuko dituzte, kutsadura kenduko dute eta ingurua «zaharberrituko» dute. 475 milioi euro erabiliko dituzte prozesuan, baina zenbaki horretan ez dute kontuan hartu erregai erradiaktiboaren kudeaketak eragingo duen gastua.

«Denon poltsikotik»

Ministerioak emandako agindu horretan, halaber, azpiegituraren titulartasuna aldatzea baimendu du; hain justu, hori da obrak abiatzeko falta zuten azken tramitea. Orain arte Nuclenorrena izan da Garoñako zentral nuklearra: Iberdolak eta Endesak osatua da Nuclenor. Ministeriotik iritsitako aginduaren arabera, Enresa enpresa publikoak hartuko du Garoña desegiteko ardura. Kritiko mintzatu da Araba Garoña Gabe horren inguruan: «Titulartasuna eskualdatzeak dakar, finean, zentrala deseraikitzeko lanak denon poltsikotik ordainduko direla, hau da, aurrekontu publikoetatik, eta ez Iberdrolak eta Endesak 40 urte baino gehiagotan jasotako etekin gizenetatik».

Plataformak nabarmendu du aurrekontutik kanpo geratu dela erregaiaren kudeaketa: «Ehunka urdez luzatuko da». Hain justu, lan horien inguruan kezka agertu du Araba Garoña Gabek: «Beren beregi eraikitako biltegi batera mugituko dute erregaia. De facto, horrek esan nahi du Nuclenorrek hilerri nuklear bat utziko digula oinordetzan, gaur-gaurkoz gutxi baitu behin-behinekotik, ez baitago alternatibarik hondakinok biltegiratzeko. Hilerri nuklear inprobisatua, denbora mugagabean, horrek dakarren arriskuekin». Izan ere, «kutsadura erradiologikorako arriskuaz» ere ohartarazi du, eta adierazi du segurtasun neurriak hartu behar direla zentralaren eragin gunean, baita Arabar Errioxan eta Nafarroako hegoaldean ere, Ebroko uren eragin eremu baitira.

«Herritarrentzako bermeekin»

«Berriro gertatu behar ez litzatekeenaren adibide da Garoña», Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak gaur adierazi duenez. Zentralaren itxiera «arduraz» egin izana txalotu du, baita «herritarrentzako bermeekin eta alternatiba ekonomikoekin» ere. Ministerioak gogora ekarri du Bidezko Trantsiziorako Institutua 2020an hasi zela lanean Garoñaren eragin eremuan dauden 27 herriekin —tartean Eusko Jaurlaritzarekin ere bai—, aztertzeko zer ondorio izango zuen zentrala ixteak enpleguan eta errentan; ingurua biziberritzeko hamabi egitasmo abiatu dituzte.

Juantxo Lopez Uralde Unidas Podemoseko diputatu eta Aliantza Berdeko buruak «logikotzat» hartu du zentralaren eraispena martxan jartzea: «Zalantzarik gabe, energia nuklearraren amaieraren hasiera markatzen du. Lehen urratsa da. Espero dugu gorabeherarik gabe gauzatzea eta zonaldea lehengoratu ahal izatea».

Zentrala deseraikitzeko lanei buruzko albisteak ez ditu eragile guztiak poztu, halere. Gaztela eta Leongo Gobernuko presidenteorde Juan Garcia-Gallardo (Vox) ez da bat etorri Garoña desmuntatzearekin. Madrili leporatu dio egitasmoa «azkartzea», PPk eta Voxek osatutako gobernu bat etor daitekeelakoan igandeko bozen ondoren, eta mehatxu egin du: «Eraisten duten guztia berreraikiko dugu, izan urtegiak, izan energia ekoizteko zentralak, izan gurutzeak». Gobernu horretako iturriek adierazi dute Garoña ixteko erabakia «presaz» hartu zutela eta «desegokia» izan zela. Antzera mintzatu da PPk Gaztela eta Leongo Gorteetan duen bozeramaile Angel Ibañez: Garoña ixtea erabaki «ideologikoa» izan zen, «PSOEren adar jotzeen paradigma», bere hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.