Garoñako zentral nuklearra eraisteko lanak abiatuko ditu Espainiako Gobernuak datozen egunotan. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako agindu baten bidez, horretarako lanei baimena eman zien atzo Trantsizio Ekologikorako Ministerioak. Bi fasetan deseraikiko dute zentrala, eta lanek hamar urte irautea aurreikusten dute, 2033. urtera arte. 475 milioi euroren kostua izango dute, eta une batzuetan 350 pertsonari ere emango diete enplegua. Prozesu horren jarraipena egingo duela adierazi du Araba Garoña Gabek: plataforma pozik agertu da albistearekin, baina ohartarazi du segurtasun neurriak gertutik zaindu behar direla.
Burgosen (Gaztela eta Leon, Espainia) dago Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra, Arabatik oso hurbil, eta horrek eragin du euskal erakunde eta gizarte mugimendu asko borrokatu izana hura ixteko. 1971n inauguratu zuten, eta 2012 amaieran itzali egin zuen Nuclenor enpresak berak. Berriz abiatzeko mamua ez zen guztiz desagertu 2017ko abuztura arte: Endesak eta Iberdrolak Garoña ustiatzen segitzeko baimena berritzea eskatua zuten, baina behin betiko ezezkoa eman zien Energia Ministerioak. Ia sei urte behar izan dituzte desmuntatze lanak bideratzeko: CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak maiatzean onartu zuen zentrala eraisteko proiektua, eta berriki jaso du ingurumen baimena.
Lanek bi fase izango dituztela azaldu du ministerioak. 2026ra arte iraungo du lehenak: turbinaren eraikinaren egiturak eta osagaiak deseraikiko dituzte, eta, bertako hondakinak kudeatu ahal izateko, hainbat instalazio moldatuko dituzte; gainera, erregai erradiaktiboa urtegitik atera eta «behin-behineko biltegi» batera mugituko dute. Bigarren fasean, 2026tik 2033ra arte, behin erregaia aterata, «eraikin erradiologikoak» desmuntatuko dituzte, kutsadura kenduko dute eta ingurua «zaharberrituko» dute. 475 milioi euro erabiliko dituzte prozesuan, baina zenbaki horretan ez dute kontuan hartu erregai erradiaktiboen kudeaketak zer gastu eragingo duen.
«Denon poltsikotik»
Ministerioak emandako agindu horretan, halaber, azpiegituraren titulartasuna aldatzea baimendu du. Orain arte, Nuclenorrena izan da Garoñako zentral nuklearra: Iberdrolak eta Endesak osatua da Nuclenor. Aurrerantzean, ordea, Enresa enpresa publikoak hartuko du Garoña desegiteko ardura; hondakin erreaktiboak kudeatzeko sortu zuten 1984an. Kritiko mintzatu da Araba Garoña Gabe horren inguruan: «Titulartasuna eskualdatzeak dakar, finean, zentrala deseraikitzeko lanak denon poltsikotik ordainduko direla, hau da, aurrekontu publikoetatik, eta ez Iberdrolak eta Endesak 40 urtean baino gehiagoan jasotako etekin gizenetatik».
Plataformak nabarmendu du aurrekontutik kanpo geratu dela hondakinen kudeaketa: «Ehunka urtez luzatuko da». Hain justu, lan horien inguruan kezka agertu du Araba Garoña Gabek: «Beren-beregi eraikitako biltegi batera mugituko dute erregaia. De facto, horrek esan nahi du Nuclenorrek hilerri nuklear bat utziko digula oinordetzan, gaur-gaurkoz gutxi baitu behin-behinekotik, ez baitago alternatibarik hondakinok biltegiratzeko. Hilerri nuklear inprobisatua, denbora mugagabean, horrek dakarren arriskuekin». Izan ere, «kutsadura erradiologikorako arriskuaz» ere ohartarazi du, eta adierazi du segurtasun neurriak hartu behar direla zentralaren eragin gunean eta Ebro ibaiarenean.
«Bermeekin»
«Berriro gertatu behar ez litzatekeenaren adibide da Garoña», adierazi du Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak. Zentralaren itxiera «arduraz» egin izana txalotu du, baita «herritarrentzako bermeekin eta alternatiba ekonomikoekin» egin izana ere. Ministerioak gogora ekarri du Bidezko Trantsiziorako Institutua 2020an hasi zela lanean Garoñaren eragin eremuan dauden 27 herriekin —tartean Eusko Jaurlaritzarekin ere bai—, aztertzeko zer ondorio izango zuen zentrala ixteak enpleguan eta errentan; ingurua biziberritzeko hamabi egitasmo abiatu dituzte.
Juantxo Lopez Uralde Unidas Podemoseko diputatu eta Aliantza Berdeko buruak «logikotzat» hartu du zentrala eraistea: «Zalantzarik gabe, energia nuklearraren amaieraren hasiera markatzen du. Espero dugu gorabeherarik gabe gauzatzea eta zona hori lehengoratu ahal izatea».
Halere, albisteak ez ditu eragile guztiak poztu. Gaztela eta Leongo Gobernua PPren eta Voxen esku dago egun, eta bertako iturriek adierazi dute Garoña ixteko erabakia «presaz» hartu zutela eta «desegokia» izan zela. Juan Garcia-Gallardo presidenteordeak (Vox) Madrili leporatu dio eraiste lanak «azkartzea», PPk eta Voxek osatutako gobernu bat etor daitekeelakoan igandeko bozen ondoren, eta mehatxu egin du: «Eraisten duten guztia berreraikiko dugu, izan urtegiak, izan energia ekoizteko zentralak, izan gurutzeak».