Amaitu da eztabaida. Donostian, azken asteetan, zeresana eman du PSE-EEk udalerako aurkeztuko zuen hautagaia aukeratzeko prozesuak. Bi ziren izen posibleak, eta militanteek hartu dute erabakia gaur egindako hauteskunde primarioetan: Marisol Garmendia izango da PSE-EEren hautagaia maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan.
Gutxienez botoen %50 behar zituen Garmendiak, eta %66 bildu ditu. Donostiako zinegotzi izan zen Garmendia 2011. eta 2015. urteen arteko legealdian, eta 2015etik 2019ra Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako diputatua izan zen. Legealdi honetan, Donostiako Udalean dago berriro, bigarren alkateorde gisa, eta Gune Publikoetako eta Hiri Proiektuetako zinegotzia da.
Beste hautagaia Odon Elorza zen. 2011n alkatetza galdu ostean, Espainiako Diputatuen Kongresuan ibili da Elorza, Donostiako Udalerako hautagai izateko itzuli den arte.