Gizarte politiketan «murrizketarik ez» egitea, hondakinen kudeaketan «nazioarteko erreferente» bihurtzea, ekonomian «EAEko eragile» izatea eta zerga politikan «urrats garrantzitsuak» egitea. Horra, Martin Garitanoren arabera, bere agintaldiko lorpen nagusiak. Gipuzkoako ahaldun nagusi gisa politika orokorreko azken saioa izan zuen atzokoa, kargurako ez baita berriz aurkeztuko, eta haren jarduna baliatu zuen agintaldian hartutako neurrien begiratua eta balorazioa egiteko. Agerraldiak agur kutsua izan bazuen ere, Garitanok esan zuen «azken egunera arte» agintean «sendo» ariko dela, «erronka ugari» dituelako oraindik.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumen diren gaietan jarri zuen arreta, eta ez zuen, beste batzuetan egindakoaren kontrara, gatazka politikoarekin loturiko gairik aipatu. Ordu eta erdi iraun zuen agerraldiak, eta baikor azaldu zen egindako lanarekin, «baikorregi», oposizioko taldeen arabera. EAJk, PSE-EEk eta PPk gogor kritikatu zuten Bilduko agintariak eginiko diagnostikoa. «Triunfalista eta Gipuzkoako errealitatetik urrundua», Markel Olano bozeramaile jeltzalearen iritziz; «ez erreala eta autokritikarik gabekoa: hauteskundeei begira eginikoa», Rafaela Romero sozialistarentzat; eta «bere burua goraipatzeko» egindakoa, PPko Juan Carlos Canorentzat. Aldiz, Bilduko eledun Idoia Ormazabalek «eredugarritzat» jo zuen aldundiaren orain arteko jarduna. Baita Aralarrek ere: «Errealista, zintzoa eta eredu sozial eta politiko berri baten oinarriak jartzeko asmoa agertu duena», Maite Sarasuarentzat.
Ahaldun nagusiak, bere hitzaldian, nabarmendu zuen 2011tik, Bildu foru gobernura iritsi zenetik «Gipuzkoa berri baterako oinarriak» jarri dituztela martxan, eta «eredu bat» bihurtu dela beste lurraldeentzat: bidea zehaztu dutela. Azaldu zuen aurrerantzean ere bide beretik joko dutela, «eragile ekonomiko eta sozialekin batera lan eginez».
Zerga politika jarri zuen «aldaketaren» adibide eta sinbolo. Azpimarratu zuen zerga sistema «justu eta aurrerakoi» baten alde «urrats garrantzitsuak» egin dituztela — oposizioaren «kontrarrefomaren» gainetik— eta zerga iruzurraren aurka «borroka eraginkorra» egin dutela. Garitanok azaldu zuen horrek ere ahalbidetu duela beste alor batzuetan, gizarte politiketan bereziki, murrizketarik egin ez izana.
Zerga iruzurrarekin loturik ere, ahaldun nagusiak «lasai» egoteko esan zien herritarrei, Gipuzkoan iruzurgileak «atsedenik gabe» jazarri egiten dituztelako. Hitz horiekin Garitanok gogora ekarri nahi izan zituen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak asteartean esandakoak —lasai egoteko esan zien Bilbaok iruzurgileei; asko ezagutu dituen arren ez duela horien berri emango-.
«Birziklatzearen agintaldia»
Babes soziala bermatzeaz gain,ekonomian ere emaitza onak lortu dituztela azaldu zuen ahaldun nagusiak. Oposizioak esandakoa ukatu eta gezurtatu zuen «enpresariei bizkarra ematen» dienik aldundiak. Are, «berrikuntzaren» aldeko apustua «irmoa» dela eta beste erakunde batzuen gabeziak bete dituztela esan zuen. Datu sozioekonomiko batzuk eskutan, azpimarratu zuen Gipuzkoa dela, gaur egun, «EAEko eragile ekonomikoa» eta langabezia tasa txikiena duena.
Legegintzaldian zehar, eztabaida askoren iturri izan den beste gai bati ere ez zion izkin egin Garitanok: zaborren kudeaketari. Errauste planta bertan behera uztea lortu dutela gogoratu zuen, eta nabarmendu Gipuzkoa «nazioarteko erreferente» bihurtu dela. Azaldu zuen Bildu gobernura iritsi zenean, herrialde osoko birziklatze tasa %20 zela eta, gaur egun, %40 dela. «Birziklatzearen agintaldia izan da hau», azpimarratu zuen.
Garitanok dio Gipuzkoa «EAEko eragile» bihurtu dela eta bidea zehaztu duela
Zerga politika azpimarratu du ahaldun nagusi gisa eginiko politika orokorreko azken saioan.«Autokritikarik eza» egotzi dio oposizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu