Amnistia osoaren aldeko Tinko erakundeak zabaldu duenez, Garikoitz Etxeberria presoak gose greba utzi du, Zaballako espetxeko zuzendaritzarekin akordioa eginda. Apirilaren 19an hasi zuen protesta, Arabako espetxera lekualdatu eta ia astebetera, zuzendaritzak beste preso batekin zelda partekatzera behartu nahi zuela jakin zuenean.
«Kartzelak ziurtatu dio aste honetan edo hurrengoan modulu arrunt batean egongo dela eta ez duela ziega beste inorekin partekatu behar», adierazi du Tinkok bere webgunean.
Atzo seigarren eguna bete zuen Etxeberriak gose greban, eta hamaika patio greban —patiora ateratzea uko egitean datza—, eta Zaballako beste zazpi presok bat egin zuten protestarekin, hari sostengua adierazteko: Jon Kepa Preciadok, Orkatz Gallastegik, Mikel San Sebastianek, Aitor Cotanok, Dani Pastorrek eta Jesus Mari Etxebarriak. Horrez gain, Patxi Ruizek gose greba hasi zuen Iruñeko kartzelan. Basaurin protesta hasi zuten Jon Mirena Sampedrok eta Oskar Barrerasek.
Apirilaren 14an eraman zuten Etxeberria Dueñastik (Gaztela eta Leon, Espainia) Zaballara. Etxeberria Euskal Herrira eramanda, euskal presoen sakabanaketa politika amaitutzat eman zuten Etxerat elkarteak eta Sare Herritarrak.
«Preso ororen eskubidetzat dut ziegan bakarrik zein binaka bizitzea, espetxeak bata zein bestea inposatu gabe», adierazi zuen Etxeberriak joan zen astean, protestaren arrazoiak azaltzekoan.
2007ko urtarrilean atxilotu zuten Etxeberria, Azkainen (Lapurdi). Auzitegi Nazionalak 27 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2009an. Iazko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.