Garesko udaletxean zegoen irudi batek udalaren «neutraltasun politikoa» urratzen duela ebatzi du Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Zizelkatutako zurezko piezak Euskal Herriko armarria eta lauburu bat ditu, eta erabakia dela eta, Garesko Udalak eraikinetik kendu beharko du. UPNk aurkeztutako helegite bati erantzunez hartu du erabakia Nafarroako auzitegi horrek; izan ere, alderdiak salatu zuenaren arabera, armarri hori eraikin publiko batean jartzeak udalaren «neutraltasunaren aurka» egiten du.
Bide beretik jo du auzitegiak. Zizelkatutako irudi horretan agertzen diren bi ikurrak «ildo politiko baten aldeko jarrera gisa» ulertzen dira, ebatzi du gaur: «Botere publikoei eska dakieken neutraltasun publikoaren betebeharra urratzen dute».
UPNk begi onez hartu du Nafarroako Administrazio Auzitegiaren erabakia. Ohar batean adierazi duenez, «poztekoa» da «herritarrak banatzeko eta nazio bat inposatzeko» ikurrak Garesko udaletxetik kentzea.
Bestalde, Garesko Udalak (EH Bildu) auzia abiatu zenetik argudiatu du irudiak ez duela esanahi politikorik; are gehiago, nabarmendu izan dute «oroitzapen eta opari» gisa gorde izan dutela udaletxean.
Aurrekariak
Hala ere, ez da azkenaldian Euskal Herriko armarriaren aurka hartu den aurreneko neurria. Iazko martxoan, Atarrabiako frontoian zegoen irudia kentzera behartu zuen udala Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Hango hartan ere, zazpi herrialdeak irudikatzen dituen armarria jartzea «posizio politiko jakin baten alde lerratzea» dela ondorioztatu zuten epaileek. Eta, Garesko auziarekin gertatu bezala, Atarrabiakoa ere UPNren salaketa batetik etorri zen.

Atarrabiako Udalak argudiatu zuen Euskal Herria hitzaren eta zazpi lurraldeen armarrien erabilerak ez duela zertan urratu neutraltasun politikoa, eta hainbatetan erabili dela, besteak beste kirolaren alorrean. Baina, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez zuen argudioa ontzat jo.