Asteartean hasiko da bederatzien aurkako ahozko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bederatzi eta hamabost urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte haien aurka, inkomunikazio aldiko deklarazioak eta jardun politikoa oinarri hartuta —bilkurak eta dokumentuak dira instrukzioan dagoen bakarra—. Aurreikusitakoaren arabera, ekainaren 8an bukatuko da epaiketa.
Eleak-Libre taldeekin batera Donostian egindako agerraldiaren aurretik bildu dira Ariznabarreta eta Compains BERRIArekin.
ATXILOKETEN TESTUINGURUA
«Bultzada politikoa»
«Legez kanporatzeen soka luzetik dator», hasi da Compains. Ondorio nabarmenak utzi ditu horrek azken urteetan, dena da ETA doktrinaren aterkipean. «Hori hala izanik, egia da 2009. eta 2010. urteek ezaugarri propioak izan zituztela». Ezker abertzalea eztabaida prozesu betean zegoen, eta sarekada ugari egin zituzten horretan ari zirenen aurka. Compains: «Gure kasuan, ETAk eraso armatuen etenaldia jakinarazi eta astebetera izan zen». Auzipetuak gogora ekarri du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak garai hartan esandakoa: «Esan zuen operazio horiek guztiek ezker abertzalearen ekimen politiko berriari erantzuten zietela».«Oraindik egongo da Euskal Herrian esaten duenik delituen edo terrorismoaren aurka egin zituztela operazio horiek», dio Compainsek: «Gutxieneko objektibotasun batekin ikusi nahi duenarentzat, argi dago bultzada politiko nabarmena dagoela».
INKOMUNIKAZIOA, TORTURA
Epailea, «mugitu ere ez»
Lau edo bost egunez eduki zituzten inkomunikatuta atxilotuak, eta tortura salaketa larriak egin zituzten. Mehatxuak, poltsa eta kolpeak salatu zituzten, eta, «bereziki» emakumeen kasuan, sexu erasoak ere bai. Kasu batean, «tortura farmakologikoa» jasan izanaren zantzuak ere badituzte: atxilotuetako batek kontatu zuen gorputz osoan hauts zuri bat zabaltzera behartu zutela, eta ondoren «lo» geratu zitzaizkiola gorputzeko hainbat atal.Auzi medikuei eta epaileari sarri salatu zieten hori, baina Fernando Grande-Marlaska epaileak ez zuen diligentziarik egin. «Auzi medikuak beste aldera begiratzen zuen. Tematzen ginenean, batzuetan, jasotzen zituen esaten genizkionak. Baina txosten horiek epailearen eskura iristen zirenean, epaileak tiradera batera bidaltzen zituen». Habeas corpus eskaerak ere egin zituzten; atxilotuetako batek, bere eskuz idatzita. «Mugitu ere egin gabe, epaileak uko egin zion eskaerari», salatu du Compainsek. «Bada gehiago. Atxilotuetako batek egin zuen salaketa hain zen gogorra, deklarazio egunean bertan zegoen euskara teknikaria negar batean hasi baitzen». Ofiziozko abokatu batek adierazitakoa ere oroitarazi du Ariznabarretak: «Esan zuen iruditzen zitzaiola deklarazio hura ez zela baldintza normaletan egin. Erantzunak mekanikoak zirela. Aditzera eman zuen prestatuak zirela».
Bederatzi atxilotuetatik zortzik salaketa judiziala egina dute; gehienak artxibatu egin zituzten: Ariznabarretarena instrukzio fasean dago, Eibarko epaitegian; Compainsena, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi da; eta Sandra Barrenetxearen salaketagatik lau guardia zibil epaituko dituzte —egun jakinik ez dago—. Atxilotuetako gehienek tratamendu psikologikoa behar izan dute azken urteetan.
ESPETXEA, IA BI URTEZ
Salbuespen neurria, arau
Grande-Marlaska epailearen aurretik pasatuta, espetxera bidali zituzten denak. «Legeak dio behin-behineko espetxealdia soilik oso baldintza zehatzetan gauzatzen ahal dela; gure kasuan, arau bilakatu zen», esan du Compainsek. Kasu batean izan ezik, ia bina urtez eduki zituzten preso, sakabanatuta. Eta etxetik urrun: gertuen zegoena, 292 kilometrora; urrunen zegoena, 859ra.Auzi osoan «ziurgabetasun egoeran» bizi izan direla nabarmendu du Ariznabarretak, eta azaldu du kartzelak ere eragina duela. «Gure bizitza berreraikitzeko zenbat baldintza gaitzakeen kontuan hartzeaz gain, esan behar da torturatu ostean espetxeratu gintuztela; beraz, torturari aurre egiteko baliabideak murriztu zizkigutela. Atera eta epaiketa baten zain egoteak etengabe baldintzatzen eta atzeratzen dutorturak eta espetxeak utzi ahal dizkizun ondorioei aurre egiteko prozesu hori. Eta epaiketara joateak hori guztia berriz bizitzera behartzen gaitu. Gainera, ez dakigu zer gertatuko den gurekin...».
EPAIKETARI BEGIRA
«Jarrera politikoa»
Compainsek azaldu du hiru oinarri dituela beren aurkako akusazioak: «torturapean lortutako inkulpazioak», dokumentazio politikoa eta bilerak. «Bilerak, edo, besterik gabe, hitzorduak. Taberna batean elkarrekin egote hutsa», zehaztu du Ariznabarretak. Dokumentazioa «Euskal Herrian zegoen eztabaidaren harira erabili zena» dela dio Compainsek. «Horretaz ari gara».Tortura salatzeari garrantzi berezia eman nahi diote epaiketan ere. Istanbulgo protokoloa egin dute auzipetuek, eta Eusko Jaurlaritza egiten ari den ikerketan ere hartu dute parte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erroldatuta daudenek. «Ondorioztatu dena da sinesgarritasun guztia daukatela gure salaketek». Horretan aritutako psikologoak ere deitu dituzte deklaratzera.
«Epaiketa baliatu nahi dugu salbuespen neurri horiek salatzeko. Horretara joango gara», azaldu du Ariznabarretak. Bide beretik jo du Compainsek ere: «Abokatuek lan juridikoa egingo duten arren, gure jarrera, auzitegiaren kanpoan zein barruan, guztiz politikoa izango da. Gure militantzia politikoa aldarrikatuko dugu, eta gure torturatzaileak han bertan seinalatu».
AKORDIORAKO AUKERAZ
Bidea itxi dute akusazioek
Aurreko epaiketetan gertatu bezala, oraingoan akordiorako aukerarik ez dutela izango diote bi auzipetuek. Fiskalak egin zien proposamen bat, baina herri akusazioek bidea itxi diete. Ariznabarreta: «Gaur-gaurkoz, esku artean daukaguna da erabateko itxikeria. Hitz egiteko ere bai».AVT eta DyJren jokabidea nabarmendu du Compainsek: «Biktima izan daitezkeen neurrian, eta ez dut ukatzen hor biktimak badaudela, aintzat hartzen dut haien sufrimendua. Baina bilakatzen badira eskuin muturraren lanabes bat, Euskal Herrian edozein akordioren, edozein konponbide demokratikoren aurka jotzeko, parez pare edukiko gaituzte». Gaineratu duenez, auzipetuei «arrazoizkoa» iruditzen zaie halako akordio bat lortzen saiatzea, «oinarrizko bermeak errespetatzen ez dituen salbuespen epaitegi batean» egonik. «Baina esan behar da hori ez dela justizia. Azkenean, derrigortzen zaituzte zigor bat onartzera erabat zilegi zen lan batengatik».