Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko denbora bat eta eremu bat jorratu du azken urteetan Euskal Herria Batera-k, eta, aurten, Donostiako Kursaalean izango da horretarako aukera, ikuskizun bat egingo baitute apirilaren 11n, 18:30ean. Ekhiñe Atorrasagastik, Xabier Euzkitzek eta Joseba Larratxe aurtengo kartelaren egileak aurreratu dituzte ikuskizunaren zertzeladak. «Herri gisa elkartzeko» topagunea izatea nahi dute.
Manex Fuchsek, Lorea Agirrek eta Martxel Rodriguezek kozinatutako ideia eszenikoa taularatuko dute. «Euskara leku bat bezala diseinatzen duen ekitaldiak dantza, hitza eta kantua txirikordatuko ditu», gaur egin duten agerraldian aurreratu dutenez. Ardatzean dago Aberri Eguna ospatzea, «euskal nazioa badela adierazteko». Sarrerak doan eskuratzeko aukera dago, eta honako fundazio hauek babesten dute ekitaldia: Sabino Arana fundazioak, Olaso Dorrea fundazioak eta Agirre Lehendakaria Centerrek. BERRIAk, Gara-k eta Noticias taldeko egunkariek kartela lamina gisa banatuko dute egunkariekin batera hilaren 13an.
Hainbat arrazoirengatik sustatu dute ekitaldi bateratua: batetik, euskararen defentsa batera egin beharra aldarrikatu dute, «eta horrela erakusten digute azken asteotako gertakizunek». Bigarrenik, askotariko eragileek batera aritu behar dutelakoan daude, eta hor barnean sartu dituzte herri eraikuntzan, erakundeetan eta herrigintzan diharduten eragileak. Azkenik, lurraldeen arteko jarduera amankomunak sustatu beharra azpimarratu dute, «herri gisa etorkizuneko erronkei berme osoz aurre egin ahal izateko».
«Dagokion garrantzia eman»
Uste dute inoiz baino «aukera eta borondate» gehiago daudela euskal nazioaren oraina eta etorkizuna desberdinen artean eraikitzeko, eta Kursaaleko ekitaldian mezu argi bat helarazi nahi dute: «Hemen bada herri bat, askotariko ezberdintasunak dituena, bere nortasunarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa azaldu nahi duena». Hargatik, «zer garen ospatu eta zer izan nahi dugun aldarrikatzea» du xede.
Eskatu dute Aberri Egunari dagokion garrantzia eta instituzionalizazio maila emateko, «baldintzak sor daitezen ospakizuna zabaltzeko eta batera ospatzeko».
Euskal diasporari ere egin diote deia. Haiek ere Aberri Eguna ospatzera deitu dituzte, eta apirilaren 20an, Aberri Egunean, euskal ikurrak erakustera animatu dituzte.