Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, hainbat lagunek martxa bat egin dute gaur goizean Zubietako erraustegira (Gipuzkoa). 11:00etan abiatu dira Lasarte-Oriatik, eta Donostiako Erraustegiaz…zer ez digute esaten? izan da martxaren leloa. «Informazioa ezkutatzen ari dira. Urte eta erdi da erraustegia martxan dela, eta ez dira hangoen berri ematen ari», adierazi dio Errausketaren Aurkako Mugimenduko kide batek Euskadi Irratiari. Azpimarratu du plantaren matxura eta geldialdien berri ez direla ematen ari. Hain zuzen, pasa den astean aitortu zuen GHK-k apirilaren 26an matxura bat izan zuela erraustegiak.
Giro paregabea @ErrausAurkMugi k antolatutako erraustegiaren aurkako martxa hasieran. Elektropapo egurra banatzen!!
— Julen Begiristain (@JulenBegi) May 14, 2022
Errauustegia GELDITU!!! pic.twitter.com/1NCv974NJX
EAMko kideek –Donostia Bizirik, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan elkartea– gogor kritikatu zuten matxuraren berri izan ondoren erraustegiaren inguruan dagoen isiltasuna. Eta agintariei galdegin zieten geldi dezatela: «Ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon». Hondakinen politika ere kritikatu zuten. «Tamalez, erraustegiak ez du konpondu hondakinen arazoa, eta, aldiz, Zubietan eta inguruetan eguneroko ogia da hondakinen errekuntzak eragiten duen kutsadura». Halaber, salatu dute inguruko herrialdeetara eramaten ari direla erraustegiko zepak eta eskoriak.
Gogorarazi zuten Donostian hondakinen %42 baino ez dela gaika jasotzen, Europak ezarritako %50eko helburutik urrun.