Gardelegin ez dute nahi amiantorik

Eusko Jaurlaritzak fibrozementua lurperatzeko gune bat sortu nahi du Arabako zabortegian, baina Gasteizko Udalak esan du ez duela emango horretarako baimenik. Amiantoa non gorde erabaki behar du udalak 2028. urtea baino lehen.

Gasteizko Gardelegi zabortegia, artxiboko irudian. JUANAN RUIZ / FOKU
Gardelegiko zabortegia, Gasteizen. JUANAN RUIZ/ FOKU
edurne begiristain
2024ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun

Gaur-gaurkoz inork ez daki zer gertatuko den Gasteizko amiantoarekin. Ez dago argi ez nora eraman, ez nola gorde. Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritza ez dira ados jartzen, eta, oraingoz, Gasteizko Gardelegiko zabortegiak ez du amiantorik jasoko. Ez, bederen, Gasteizko Udalak jarrera aldatzen ez badu. Izan ere, Gardelegin «hondakin arriskutsuak» biltzeko ingurumen baimena eskatzeari ateak itxi dizkio udalak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak egindako proposamenari kontra eginez.

2028. urtea: Hego Euskal Herriko udalek ordurako prest izan behar dituzte amiantoa duten tokien erroldak eta material kutsagarri hori ezabatzeko kudeaketa planak. Hala agintzen die Espainiako Kongresuak 2022. urtean onartutako Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen Legeak. Lehendik ere, 2002. urtean, Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zuen udalerriek mapa hori egiteko, eta 2006. urtetik legean jasota dago mineral toxikoa kentzeko beharra. Amiantoa osasun publikoko arazo nabarmena den arren, udalerri gutxi batzuek egin dute errolda hori eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 33 udaletan baino ez dira hasi inbentarioak egiten.

Gasteizko Udala ere errolda bat osatzen ari da fibrozementua duten hiriko eraikin eta instalazioekin, eta, behin arazoaren neurria jakinda, «irtenbide propioa» bilatuko du. Udal gobernuak aitortu du amiantoa zabortegi batean uztea beste irtenbiderik ez dagoela, baina uko egin dio Gardelegiri kategoria aldatzeari eta bertan jasotzeari. 

Jaurlaritzak, aldiz, bereari eusten dio. Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Murrizteko Planaren barruan jasoa du datorren urterako urratsak egingo dituela fibrozementu eta hondakin egonkortuak lurperatzeko ziegak sortzeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zabortegietan. Besteak beste, industria hondakinetarako hiru zabortegi handituko ditu, hirurak Bizkaian —Igorrekoa, Lemoako Bistibieta eta Mallabiako Beteartea —, eta beste bi berriro ireki— Elorregiko (Gipuzkoa) Epele eta Bilboko Artxanda—. Gardelegiri dagokionez,  zabortegia handitzea edo amiantorako gelaxka espezifiko bat eraikitzea proposatu du Tapiak, eta Gasteizko Udala, zabortegiaren jabe den heinean, «erantzukizunez» jokatzera deitu. Nolanahi ere, udalak aurrerantzean ere aukera horri atea itxiz gero, Jaurlaritza «bestelako aukerak» aztertzeko prest legoke.

Oposizioa, aurka 

Gaur egun, Arabako zabortegi bakarra da Gardelegi, eta Euskal Autonomia Erkidegoko handiena, 85 hektareako lursaila baitu. Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia 2020an itxi zen, eta ordutik nabarmen handitu da hango jarduera eta hara iristen den hondakin kopurua. Zaldibarrera bidaltzen ziren milaka tona hondakin jasotzen hasi zen Gardelegi 2020an, batez ere metalak eta eraikuntzan erabilitakoak –2019an 17.156 tona jaso zituen, eta 2022an, 33.182 tona–. Hala ere, hondakin arriskutsuak biltzeko baimenik ez du: soilik hiri hondakinak eta arriskurik gabeko industria hondakinak jaso ahal ditu.

Zabortegiaren egungo egoera dela eta, askotan agertu dute kezka oposizioko taldeek. Amiantoa biltzeko proposamenari ezezko borobila eman diote EH Bilduk, Elkarrekin-ek eta PPk, eta udal gobernuari jarrera argitzeko exijitu diote. Hain justu, hilaren 19ko osoko bilkurara ekinbide bat eramango PPk helburu horrekin.

EH Bilduk uste du Gardelegi ez dagoela prest amiantoa eta antzeko hondakin arriskutsuak hartzeko, eta EAJri eta PSEri eskatu die argi eta garbi azaltzeko zer irtenbide eman nahi dioten aferari. «Gauza bat esaten du Eusko Jaurlaritzak, eta beste bat, udalak. Ez da serioa, ez eta arduratsua ere». Hondakinen kudeaketa jasangarria helburu, estrategia egokia lantzea premiazkoa dela uste du koalizioak. Bide horretan urratsak egiteko galdegin dio udalari, eta hirian diren amiantodun instalazioen errolda egitera premiatu du. 

Elkarrekin taldeak ere jarrera irmoa agertu du: Gardelegira amiantoa ezin da eraman, ingurumenerako arriskutsua izateaz gain, baimenik ez duelako. Salatu du Jaurlaritzak muzin egiten diola hondakinak murrizteko eta berrerabiltzeko Europatik egindako gomendioei, eta hondakinak kudeatzeko eredu  «zaharkitua» izatea leporatu dio.

Javier Vazquez: «Adostu egin behar da amiantoa non eta nola gorde»

JAVIER VAZQUEZ
MARISOL RAMIREZ/ FOKU

Ekologistak Martxan-eko kideak uste du «oso arriskutsua» dela amiantoa beste hondakin batzuk dauden toki berean gordetzea.

Eusko Jaurlaritzak amiantoa eraman nahi du Gardelegira. Zer iritzi duzu?
Ez da egokia amiantoa beste hondakin batzuekin toki berean gordetzea. Badakigu zer gertatu zen Zaldibarren. Oso arriskutsua izan daiteke; are, itxitura espezifikoetan baldintza egokietan gordeta ere, dena kutsatzeko arrisku handia dago istripuren bat gertatuz gero.

Zein da irtenbidea?
Amiantoa modu egokian kudeatu behar da. Lehenik eta behin, udalek amiantoa duten instalazioen eta kokalekuen errolda bat egin behar dute, eta erretiratzeko plan bat ondu; gero, erabaki behar dute non gordeko duten material hori. Zaindutako gune bat izan behar du,  beste hondakin mota batzuk gordetzen ez diren toki bat.

Zabortegitik at, betiere?
Noski. Aztertu beharko da herrialde bakoitzean toki bat egon behar den edo bakar bat izan behar den hiru lurraldeentzat. Ez du zertan ziega bat izan; akaso, pabiloi bat izan daiteke. Azter ditzagun aukerak: adostu egin behar da amiantoa non eta nola gorde, baina denon artean, ez inposatuta.

Hondakin arriskutsuen kudeaketari zer gabezia ikusten dizkiozu?
Lehenik eta behin, Jaurlaritzak behin betiko itxi beharko lituzke jada erabilgarri ez dauden zabortegiak, adibidez, Artxandakoa. Itxiera ordenatua izan behar du, eta publikoa, ezin baita zabortegiekin negozioa egin. Eta ekonomia zirkularraren alde egin beharko luke benetan.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.