Ricardo Garcia Danboreneak diputatu ohi gisa jasotzen duen diru sariaren kontra egin du Eusko Legebiltzarrak, eta Espainiako Gorteetako Mahaiari eskatu dio hori eteteko. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin (25) egin du. EAJ (31) abstenitu egin da, eta PSE-EEk, PPk eta Voxek (17) aurka bozkatu dute. PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusi izandakoa 1998an zigortu zuten, Segundo Mareyren bahiketagatik. Halere, hilabetean 2.063,75 euro jasotzen ditu gorteetatik, gehienezko pentsiora iristeko laguntza gisa.
Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu du legez besteko proposamena, salatzeko «estatu terrorista batek» pentsio gehigarria kobratzen duela. Miren Gorrotxategi eledunak azaldu duenez, helburua ez da gorteen araudia aldatzea, biktimak «umiliatzen» dituen erabaki baten aurka egitea baizik. Uste du Garcia Danborenearen pentsio gehigarria GALeko kideek izan duten «inpunitate jasanezinaren» adibide bat gehiago dela: «Zuzenbide estatu batek izan behar dutenaren kontra doaz injustizia hauek».
2006ko Pentsio Parlamentarioen eta Bestelako Prestazio Ekonomikoen Araudiaren arabera—2011n indargabetu zuten—, pentsio bat jasotzeko zazpi urte egin behar zituzten diputatu edo senatari. Garcia Danboreneak ez zuen baldintza betetzen, baina araudiak jasotako salbuespen bat baliatu zuen horretarako: Kongresuko eta Senatuko mahaikideen hiru bostenek haren alde egitea.
Mahaiko kideek hartu beharreko erabaki bat zen heinean, «erabaki politiko bat» izan zela azaldu du Gorrotxategik, hura hartzeko parametro etiko eta demokratikoak zalantzan jarrita. Izan ere, gogoratu du Garcia Danboreneak diputatu lana eta «ekintzailetza kriminala» bateratu zituela urte haietan, eta ez dela egindakoaz inoiz damutu.
EH Bilduk bakarrik babestu du proposamena. Josu Estarronak ohartarazi du Garcia Danborenearenaren pareko kasuak «giza eskubideak urratu zituztenen indarkeriaren apologia» direla, eta, era berean, biktimen duintasunaren aurkako «eraso larriak» ere bai. «Agian, egindako zerbitzuengatik izango da; edo hura ez probokatzeagatik, ez dezan utzagerian dena».
Gainerako alderdiek legez besteko proposamena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu izana kritikatu diote Elkarrekin Podemos-IUri, afera Madrilgo ganberen eskumenekoa delako. EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek adierazi du eztabaidaren planteamendua ez dela «oso ulergarria». Azaldu du EAJk ez duela ontzat jotzen Garcia Danboreneak pentsioa jasotzeko erabakia, ez diolako mesederik egiten elkarbizitzari eta biktimen errekonozimenduari. Halere, gehitu du Kongresuko eta Senatukomahaiei dagokiela halako erabakien inguruan eztabaidatzea: «Ez da gure eskumenekoa».
«Oinarrizko eskubidea»
PSE-EEko kide Miren Gallastegik azaldu du Garcia Danborenearen «oinarrizko eskubidea» dela pentsio hori jasotzea, eta haren «heriotza zigor zibila» nahi izatea txarretsi dio Gorrotxategiri. Gallastegiren ustez, Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak egindako adierazpenei eman nahi zioten erantzun bat izan da proposamena.
PP+Ciudadanoseko Luis Gordillok, berriz, esan du Garcia Danboreneak jasotako indultuari eman nahi zaion «mendeku» bat dela. Bi talde horiek eta Voxek bi «neurgailu» izatea ere leporatu diote EP-IUri, ez dutelako ETArekin lotura izateagatik zigortutakoen pentsioen kontra egin.
Unidas Podemosek iazko urrian aurkeztu zuen gaiaren inguruko lehen eskaera, Kongresuko eta Senatuko mahaietan. Eskatu zuen «parametro demokratikoak» erabil zitezela pentsio osagarriak ezartzeko. Halere, EH Bilduk eta EAJk urratsik ez egin izana leporatu diote. Estarronak konpromisoa eskatu die prozesu hark bidea egin dezala. Iturratek, berriz, azaldu du Gorteetako Mahaia ez dela bildu eskaera hori egin zenetik: «Inork ez du eskatu mahai bateratuaren bilerarik».
Garcia Danboreneari pentsioa kentzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute legez besteko proposamena. Alderdiek EP-IUri eskatu diote Madrilen ekiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu