Garcia Castellonek proposatu du «ongietorrien» auzian sei lagun epaitzea

Auzitegi Nazionalak martxoan behartu zuen epailea instrukzioa ixtera, eta gaur argitaratu du autoa.

Manuel Garcia Castellon epailea, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
Garcia Castellon, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 3a
14:45
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Salak martxoan behartu zuen Manuel Garcia Castellon epailea «ongietorrien» auziko instrukzioa ixtera, hura luzatzeko asmoen kontra eginda. Hartara, auzitegiak gaur jakinarazi du zein den Garcia Castellonek berak egindako proposamena: Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio epaitzea, biktimak umiliatzearen delituagatik.

Epailearen aburuz, sei kide horiek «modu sistematikoan» antolatu zituzten «presoak omentzeko ekintzak» 2016tik 2020ra bitartean, Kalera Kalera dinamika eta bestelako gizarte mugimenduak baliatuta. Autoan 120 ekintza aipatzen ditu Garcia Castellonek. Orain, fiskalak hamar egun ditu ahozko epaiketa bati ekiteko akusazio idatzi bat aurkezteko, edo auzia artxiba dadila eskatzeko. Aurrez ere, aipatutako sei kideak auzipetzearen alde egin zuen fiskaltzak; denera, hamabost lagun ikertu dituzte.

Auzia bera, baina, zalantzaz betea izan da orain arte. Besteak beste, Dignidad y Justicia elkartearen eta PPren eskaerei men eginda, Garcia Castellonek instrukzioa luzatu nahi izan zuen, Sorturen eta Sare Herritarraren Telegrameko talde batzuk aitzakiatzat hartuta, jomugan beste zenbait lagun ere ezartzeko. Orduan, Carlos Garcia-Berro Auzitegi Nazionaleko fiskalak epaileari leporatu zion «ikerketa prospektibo bat» sustatu nahi izatea, eta hala gehitu: «Ez da delitua euskal herritarra izatea; ez da delitua preso bat izatea; ez da delitua elkarrizketatzea; ez da delitua bakoitza nahi duen norabidean aritzea politikoki». Gerora, Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Salak bat egin zuen fiskalarekin, eta instrukzioa ixteko agindu, argudiatuta hura luzatzeko «oinarri juridikoak falta» zirela.

«Konponbiderako oztopo»

Sorturen ustez, «estatu sakonak segitzen du gatazken konponbide politikoa oztopatzeko ahaleginean», eta uste du, auzia irekitzearen atzean hauxe dagoela:«Eskuineko bloke erreakzionarioaren eta estatu sakonaren operazio politikoa». Sortuk ohar bidez salatu duenez, nazio eskubideen aitortzan aurrera egiteko aukera zapuztu nahi dute halako auzibideak irekita. Baina Euskal Herrian «konponbide oso bat nahi duen gehiengoa» badagoelakoan dago Sortu, eta horren alde lanean segituko duela berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.