Garcia-Castellonek gezurra esan zien Frantziako autoritateei, ETAren inguruko informazioa eskuratzeko

Auzitegi Nazionaleko epaileak adierazi zuen Yvan Colonna ekintzaile korsikarra Espainian zegoela, nahiz eta jakin ez zela hala.

Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellon. SERGIO PEREZ / EFE
Garcia-Castellon, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 22a
11:25
Entzun

Orain zabaldu da, baina ez da berria: urriaren 5ean emaniko hitzaldi baten parte baizik. Ekitaldi hartan, aho bizarrik gabe mintzatu zen Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia-Castellon, besteak beste Tsunami Demokratikoaren auzia ikertzen ari dena, aitortuz Frantziako autoritateei gezurra esan ziela ETAren inguruko informazio trukaketa bat egin zedin, Parisek uko egin ostean: «Esan nuen Colonna Espainian lokalizatua zegoela, eta atxilotzean ez geniela informazioa pasako». Halere, xantaia ez zen hark nahi bezala atera, gehitu zuenez: «Sinatu zuten, Malagan sinatu zen, baina ez zuten bete, edo nahi izan zutenean bete zuten».

Garcia-Castellon ez zen dataz ziur mintzatu bere mintzaldian, baina, kontuan izanik Malaga (Espainia) eta Espainiako gobernuburu ohi Jose Maria Aznar aipatu zituela eta Ivan Colonna ekintzaile korsikarra 2003an atxilotu zutela, litekeena da azken sinadura hori Espainiako eta Frantziako gobernuen arteko 2002ko goi bileran egin izana. Orduan, Garcia Castellon Frantziarekiko bitartekari lanetan ari zen, Aznarren gobernuaren eskariz.

«Colonna Frantziako gizonik bilatuena zen», adierazi zuen epaileak, Silvia Intxaurrondo kazetariak X sare sozialean zabaldutako bideoan entzuten denez. Izan ere, Korsikako talde armatu batek Claude Erignac prefeta hil zuen 1998an, eta Frantziako Poliziak urtebete geroago egotzi zion hilketa hori Ivan Colonnari, nahiz eta hark ukatu. Ordutik, ihesean aritu zen.

Hala, Garcia-Castelloni okurritu zitzaion Frantziako agintariei adieraztea Colonna Costa del Sol inguruan zegoela, Andaluzia hegoaldean. «Orduan, denbora eskatu zuten; kanpora atera eta hitz egiten aritu ziren; itzuli, eta esan zuten: ‘Ados, sinatuko dugu’». Gerora, baina, Olmeton atzeman zuten Colonna, Korsikan bertan, 2003ko uztailean. Ordutik bizi osoko espetxe zigorra betetzeari ekin zion, DPS estatusarekin. 2022ko martxoan, baina, beste preso batek jipoitu zuen Arlesko kartzelan (Okzitania), eta handik hiru astera hil zen, ospitalean; Korsikan protesta uholde bat eragin zuen horrek.

Ekitaldi hartako tesi nagusia, baina, beste bat zen: Kataluniako prozesu independentistari lotutako amnistiari aurkakotasuna adieraztea. Hain zuzen, Garcia Castellon da, besteak beste, 2019ko udazkenean Katalunian izandako protestak ikertzen ari den epailea. Eta haien oinarrian, epailearen ustez, «terrorismo» delitu bat egon daiteke. Horrez gain, baina, Auzitegi Nazionaleko epaile hark ETAk 1990eko eta 2000ko hamarkadetan egindako zenbait ekintzaren inguruko auzi batzuk ere ireki ditu azken urteetan, Dignidad y Justicia elkartearen eskariz. Asmoa da ustez erakunde armatuaren zuzendaritzako kide izandakoak epaitzea atentatu horiengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.