Garcia Adanero eta Sayas PPrekin aurkeztuko dira hauteskundeetan

Nafarroan «zentro-eskuina batu» dutela azaldu du Javier Garcia PPko presidenteak, eta eskua luzatu die «bat egin nahi duten guztiei»

Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero, atzo, Javier Garcia PPko presidentearekin, alderdiaren egoitzan. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
UPNtik PPra jauzi egingo dute Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuek. Atzo goizean Javier Garcia Nafarroako PPko presidentearekin bildu ziren, eta bilkuraren ostean jakinarazi zuten bozetan Alderdi Popularrarekin batera aurkezteko akordioa erdietsi dutela. Pozarren, irribarrea aurpegian, Garciak nabarmendu zuen PPren teilatu pean «zentro-eskuina batu» egin dela eta eskua luzaturik dutela «bat egin nahi duten guztiei».

Akordioan jasotzen denez, «askatasunak, konstituzionalismoak eta Nafarroako foru erregimenak» batzen ditu. Sozialistek gidatutako gobernuen aurrean «alternatibo sendo eta erreala» izan nahi dute, eta «ulergaitza» deritzote gobernabidea EH Bilduren eskuetan egoteari, «haren helburua egungo Nafarroa desagertzea baita».

Oraindik akordioaren letra txikia jakitea falta da. Garciak azaldu zuenez, oraingoz «udal eta foru hauteskundeetara» mugatuko da, baina oraindik ez dute esan Adanero eta Sayas zehazki zer zerrendatan eta zer postutan aurkeztuko diren. Akordioa udazkenean egitekoak diren Espainiako Gorteetarako bozetara zabalduko ote den galdetuta, ez zuten argitu. «Aurrerago azalduko ditugu xehetasunak», esan zuen Garciak.

PPren altzora gerturatzeko eta salto politikorako azken tranpolina izan da Sayasek eta Adanerok iaz sortutako Nafarroa plataforma. «Hura sortu genueneko helburua bete dugu orain. Alternatiba honek Bilduk babestutako Txibiteren gobernuari aurre egingo dio, baita Sanchezi ere», arrazoitu zuen Sayasek. Haren ustez, egitasmoak «ilusioa» piztuko du: «Umezurtz sentitu diren boto emaile askok eskertuko dute zatitu nahi izan dutenen aurrean gu elkartzeko gai izan izana». Antzera mintzatu da Garcia Adanero, eta uste du proiektu hori ez dela egungo gobernuen makulu izango. «Argi dugu Sanchezekin ez dela itunik egin behar, eta demokratikoki irabazi behar zaiola, sozialistek Nafarroako Gobernua eta Espainiakoa utz ditzaten».

UPN eta PP, hautsita

UPNren eta PPren artean harremanak oso gaiztotuta daude, eta krisi politikoetan maiz gertatzen den bezala, hausturaren errua elkarri botatzen diote. Garciaren ustez, «UPNren egungo buruzagi Javier Esparzak» hautsi du euren arteko akordioa. Aitzitik, Esparzaren arabera, guztia hasi zen Sayasek eta Adanerok alderdiaren erabakiaren aurka bozkatu zutenean lan erreformaren bozketan eta PPk zeresan handia izan zuen «traizio» hartan. UPNren ikuspegitik, oraingo akordioak agerian utzi du azpijoko hori.

PP alderdian izena eman al duten galdetuta, Adanerok ukatu egin zuen. Ez du baztertzen aurrerago hori egitea. Berez, iaz UPNk bi urte eta erdirako kanporatu zituen, eta, epemuga amaituta, alderdiaren diziplina pean jarraituko lukete. Horri buruz galdetuta, Adanerok berretsi zuen de facto UPNtik kanporatu zituztela. Iazko otsailean Nafarroa Arenan egindako kontseilu politikoko «kanpora, kanpora!» zioten oihuak iltzatuta geratu zitzaizkion. «Hain gogotsu oihu katzen zuten, ezen Madrileraino heldu baitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.