Xabier Arzalluz. EAJren EBBko presidente ohia

«Garbi dago zein izango den katalanen etorkizuna; hori jadanik eginda dago»

EAJko kide historikoak uste du Katalunian ez dela galdeketarik egongo Espainiak galaraziko duelako; hala ere, «honetara ezkero», katalanek euren helburua lortuko dutela pentsatzen du Arzalluzek.

gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidente izandakoa (Azkoitia, Gipuzkoa, 1932) BERRIArekin mintzatu da EAJk 1977an egin zuen Nazio Batzarraren inguruko oroitzapenak berritzeko, urte hartako gertaera politiko garrantzitsuenak oinarri hartuta euskarazko egunkaria prestatzen ari den serie baterako —irailaren 5etik aurrera argitaratuko du BERRIAk erreportaje sorta hori—. Kontu historikoez gain, bestelako gaiak ere izan ditu hizpide, Kataluniako prozesu subiranista, esaterako.

Nola ikusten duzu Kataluniako egoera?

Ez dut uste Katalunian galdeketarik egingo denik. Espainiako Konstituzioa egin zenean, ni hango batzordean ez nintzen egon, eta [Miquel] Rocak eramaten zituen gure jarrerak hara. Baina Miguel Herrerok Memorias de estio bere liburuan kontatzen du batzorde haren bilera batean karpeta batetik atera zutela armadaren zuzendaritzaren agiri bat, eta hor zegoela egun Espainiako Konstituzioaren 8. artikulua dena, Armada Espainiaren batasunaren bermetzat hartzen duena. Hori militarren baldintza izan zen, militarrek konstituzioa ontzat emango bazuten onartu beharrekoa. Xantaia hutsa izan zen.

Beraz, 8. artikulu horren mehatxua ikusten duzu.

Hori gure kontra jarrita dago, Espainiaren batasunaren aurka katalanak eta gu baino ez goazelako. Eta gu bagoaz, guk euskal estatu bat nahi dugulako. Horren aurrean, konstituzioa ateratzen digute, baina konstituzioa horrela eginda dago, militarren xantaia baten bidez. Hemen, benetan aurrera egin bahi baduzu, pistola jartzen dizute, edo terrorismoaren apologia egitea leporatzen dizute. Horren aurrean zerbait egitea oso zaila da: oso azkarra izan beharra dago, oso zuhurra.

Espainiako Gobernua indarra erabiltzeko gauza izango litzatekeela uste duzu?

Aurrekoan, hamahiru lotinant jeneral bildu zituen Defentsa ministroak [Maria Dolores de Cospedal] Bartzelonan. Zertarako bildu zituela uste duzu? Ahal duten guztia egingo dute armada ez erabiltzeko, baina, beharrezkoa bada, erabili egingo dute, eta galdeketa galaraziko dute.

Eta horrek Kataluniako prozesua geldiaraziko du?

Garbi dago zein izango den Katalanen etorkizuna. Honetara ezkero, hori eginda dago: ez dira ausartuko Puigdemont fusilatzen, Companys fusilatu zuten moduan, eta hori pauso handia da Kataluniarentzat.

Zure ustez, zer egin beharko litzateke Euskal Herrian prozesu subiranista bat abian jartzeko?

Herri hau herri gisa indartu. Ez dezala euskal kutsua gal: euskara indartu, geure ikuskerari eutsi. Herriak indarra badauka, hori etorriko da. Noiz? Inork ez daki. Europan estaturik ez zeukaten hainbeste herrik estatua lortu dute. Kosovo ez zen ezer, eta orain estatua da, soilki bere parlamentuaren erabakiagatik. Eta berdin Montenegro, Serbia eta beste hainbat. Bizirik eta indartsu dagoen herri baten kontra ezin du inork ezer egin.

Azken urteotan aldaketak egon dira egoera politikoan. Eragile berriak agertu dira; Ahal Dugu, esaterako.

Nik Podemoseko buruzagiak ondo ezagutzen ditut, gehienek eskolak ematen dituztelako ni egon nintzen Madrileko unibertsitateko fakultatean. IUkoak ziren Pablo Iglesias-eta, baina IU elbarrituta zegoenez, pentsatu zuten alderdi berria sortu behar zela, eta orduan hasi ziren euren demagogia guztiarekin. Baina ez dut uste horiek aurrera aterako direnik.

Baina kezkatuta zaude?

Nik beldur bat daukat. Otegiren ingurukoak eta Ahal Dugu-koak elkartzen badira, erdiak baino gehiago izango dira, eta horiek jende asko uxatu egiten dute. Hori da nire kezka: EAJra badatorrela boto berri bat, ez lehengoa eta ez abertzalea baizik eta boto beldurtia, batez ere ekonomikoki ondo daudenak eta erradikaltasun horrek beldurtu egiten dituenak. Horiek EAJ alderdi moderatu bezala ikusten dute, eta ez luke izan behar. Hori ez da gure botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.