Garapenerako lankidetzarako 83 milioi jarri zituzten iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoek

Euskal Lankidetza Publikoaren Atariak emandako datuen arabera, 2022an baino %2,8 diru gehiago erabili zen garapen lankidetzarako iaz.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak boluntarioekin martxan jarritako hezkuntza arloko proiektu sozial bat, Perun.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak boluntarioekin martxan jarritako hezkuntza arloko proiektu sozial bat, Perun. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko irailaren 28a
17:01
Entzun

Garapenerako lankidetza sustatzeko 1.299 egitasmo lagundu zituzten iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publiko nagusiek. Orotara, 83,6 milioi euro bideratu zituzten; 2022an lankidetzarako bildu zen kopurua baino %2,8 gehiago. Diru hori 65 herrialdetako 361 erakundek kudeatu zuten, beren proiektuak garatzeko. Euskal Lankidetza Publikoaren Atariak kaleratu ditu datu horiek, Euskal lankidetza zenbakitan txostenean.

Lankidetzarako funtsaren zatirik handiena Amerikako herrialdeetara bideratu zen iaz —%51,65—; batez ere, Guatemala, Kolonbia, El Salvador eta Perura. Funtsen laurden bat Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak jaso zuen, eta diruaren %4,5 Palestinako krisi humanitarioari erantzuteko erabili zen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere sustatu zen lankidetza baliabide horiekin. Gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak eta Ukrainako errefuxiatuei laguntzeko egitasmoak finantzatu ziren.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lankidetza funtsaren bilakaera. ITURRIA: EUSKAL LANKIDETZA PUBLIKOAREN ATARIA.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lankidetza funtsaren bilakaera. ITURRIA: EUSKAL LANKIDETZA PUBLIKOAREN ATARIA.

Txostenak bigarren urtez aztertu du lankidetza erakunde publikoek 2030eko Agendari egiten dioten ekarpena. Agendaren garapen jasangarriko helburuetan, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari eta emakumeen ahalduntzeari egin diote ekarpenik handiena —%27—; bigarren tokian bakea, justizia eta erakunde sendoak sustatzeko helburua dago —%19,4—, eta hirugarrenean, desberdintasun sozialak murriztekoa —%9,5—.

Funtsa elikatzeko baliabideak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusiek jarri zituzten. Eusko Jaurlaritzarena izan zen ekarpen handiena: %69koa. Diru poltsa osatu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, eta Bilboko, Gasteizko, Donostiako eta Zarauzko udalek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.