Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak uko egin dio Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentziaren Jarraipen eta Sustapen Batzorde Prestatzailean parte hartzeari; besteak beste, Espainiako Gobernua hitzartutako «aldebiko akordioak behin eta berriz ukatzen» ari delako.
Bilera gaur egingo dute, Madrilen, eta Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikako ministroak eta estatuko autonomia erkidego bakoitzak izendatutako sailburu eta ordezkariek hartuko dute parte. «Ziurrenik» urtarrilean egingo den autonomietako presidenteen Konferentzia prestatzeaz arduratzen da foroa.
Garamendiren arabera, «ez du zentzurik alde anitzeko foro autonomiko batean parte hartzeak» Pedro Sanchezen Gobernuak «Eusko Jaurlaritzarekin dituen aldebiko akordioak behin eta berriz urratzen dituen bitartean». Horrela, Espainiako Gobernuari eskatu dio bete dezala Eusko Jaurlaritzarekin «hitzartutakoa». Horrez gain, nabarmendu du Gernikako Estatutua ez dela betetzen ari, eta hori onartu eta 42 urtera ere «falta diren transferentzien proposamenik» ez dagoela adierazi du.
Sailburuaren ustez, adostutako aldebiko akordioak ez betetzeak «birzentralizazioa aplikatzen saiatzea dakar». Sanchezen Gobernuari adierazi dio «akordioak betetzeko daudela», eta ez dutela onartuko «Eusko Jaurlaritza gutxiestea»: «Espainiako Gobernuak ulertu behar du hori ez dela bidea». Nabarmendu du «estatuarekin lanean eta negoziatzen» jarraituko duela, «egin gabe dauden transferentziak ekartzeko».
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak maiatzean sinatutako lau transferentziei ere egin die erreferentzia. Eskualdaketa horien garrantzia «aitortu» du, baina zera gaineratu du: «Ez gara iraganeko errentetatik biziko, are gutxiago euskal autogobernua jokoan dagoen honetan, eskubide hori guri dagokigulako eta lege organiko batean jasota dagoelako».