Garamendik ez ditu azaldu Etika Publikoko Batzordearen filtrazioak

Sailburuak argudiatu du legeak debekatzen diola auziaz jendaurrean hitz egitea. Ate birakariez galdetu dute

Olatz Garamendi, atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Ate birakarien auzia eta, oro har, Etika Publikorako Batzordearen jarduera eztabaidagai izan ziren atzo Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta oposizioko taldeek zenbait galdera egin zituzten horren inguruan. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronak batzordean izandako filtrazioen auziaz galdetu zion Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendiri. Sailburuak erantzun zion batzordeko kideek betebeharra dutela han jorratzen duten informazioa sekretupean gordetzeko eta, beraz, legeak galarazten diola jendaurrean horretaz hitz egitea.

Hain zuzen ere, informazioa sekretupean gordetzeko betebehar hori urratu izana leporatu zion EH Bilduk batzordeari joan den astean. Koalizioak esan zuenez, duela zenbait hilabete Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak Garraio Plangintzako zuzendari Ivan Pedreiraren kasua eraman zuen Etika Batzordera, eta ondoren Pedreiraren abokatuaren mezu elektroniko bat jaso zuen, nahiz eta teorian batzordeko kideek baino ezin zuten jakin hura izan zela salatzailea.

Estarronak uste du gertatutakoa «larria eta onartezina» dela, eta Garamendiri leporatu dio «ezer egin ez izana» mehatxuen harira, «hasiera-hasieratik izan arren horren jakitun»; izan ere, abokatuak Garamendiri ere igorri zion mezua kopian. Zenbait galdera egin zizkion atzoko saioan: «Espero dut filtrazioa zeuk egin ez izana, baina batzordea osatzen duten gainerako lauretatik nor izan da? Lehenago ere filtraziorik egon da? Pentsatu duzu honen harira zerbait egitea? Eta gertatutakoaren ostean, nor ausartuko da ordezkari publiko baten jokabidea salatzera?».

Garamendik erantzun zion beti saiatu dela «zorroztasun juridikoz eta gardentasunez» jokatzen, eta Estarronak aipatutako gaiak jorratu dituztela batzordean, baina legeak galarazten diola horretaz adierazpenak egitea. «Gauzak nahastea» eta «funtzionario publikoen jarduera susmopean jartzea» leporatu zion Estarronari.

«Susmo arrazoituak»

Oposizioko beste taldeek ere galdetu zuten batzordearen jardueraz, bereziki ate birakarien auziari lotuta. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Miren Gorrotxategik gogorarazi zuen batzordeak orain arteko bere jardunean oso gutxitan egin dituela ordezkari publikoen jokabidea txarretsi duten ebazpenak. «Hala ere, susmo arrazoituak daude ate birakariak zabalik daudela pentsatzeko», erantsi zuen.

Gorrotxategiri Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun zion. Haren ustez, kargudun publikoen interesen kontra hain ebazpen gutxi egin izanak erakusten du «ordezkari gehien-gehienak zintzotasunaren eta gobernantza onaren irizpideen arabera» aritzen direla.

PP-C's taldeko Jose Manuel Gilek, berriz, «eskandalutzat» jozuen enpresa pribatuetan lanean hasi diren bost kargudun ohien auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.