Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak espero du espetxe eskumenak «lehenbailehen» eskualdatzea, Espainiako Gobernuarekiko negoziazioak «nahikoa aurreratuta» daudelako. Hala azaldu du Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketan.
1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu zuen urrian Espainiako Gobernuak, eta proposamen berria igorri zion Eusko Jaurlaritzari. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako itxiko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan. Gobernuek abenduaren 30ean adostu zuten zirriborro bat.
Garamendik azaldu duenez, «bereziki» ari dira lanean espetxe eskumenaren transferentzian, «oso konplexua» delako: «Espetxeen gaiaz ari garela, sakonean izan dezakeen oinarri politiko sinbolikoaz harago, pertsona, azpiegitura eta ekipamendu askori eragiten dien eskualdatze bati buruz ari gara, eta, beraz, segurtasun juridiko eta kontu handiarekin egin behar da». Gaineratu du «gai guztien letra txikia» lantzen ari direla.
Edozein modutan, gogorarazi du espetxe legeria Espainiako Gobernuari dagokiola, eta hala jarraituko duela eskumena transferitzeko orduan ere: «Beste kontu bat da espetxe eskumenen eskualdaketak Euskadira ekarriko dituela kartzelen antolaketa eta funtzionamendua, eta ahalbidetuko duela lan hezkuntzari edota presoen birgizarteratzeari buruzko gaiei heltzea» .
Espainiako Gobernuko Lurralde Antolaketako Ministerioa da Jaurlaritzaren solaskidea, baina ministerioan aldaketa izan da berriki; Carolina Dariasek Osasun ministro kargua hartu duelarik, Miquel Iceta da orain Lurralde Antolaketako ministroa. Garamendik azaldu du harekin «harreman ona» izatea espero duela.
Autogobernu Lantaldea, «aurki»
Bestalde, esan du espero duela Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak «aurki» berrekitea bere zereginari, «Gernikako Estatutuaren eguneratzea gai garrantzitsua delako gure komunitatearentzat. Estatutuak baditu urte batzuk, gizarteak eboluzionatu egin du, eta eman beharreko pausoa da». Hala ere, Jaurlaritzak ez du esku hartuko lan horietan, eta «lagundu» egingo du hala eskatzen badiote. Sailburuak itxaropena azaldu du talde parlamentarioek akordio zabal bat lortzeko.