Elixabete Garmendia Lasaren ustez (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1958), Carlos Garaikoetxea iruditeria kolektiboan sartu da, Jose Antonio Agirreren lehen Jaurlaritza haren ondorengo eta diktadura osteko lehen lehendakari moduan. Dioenez, euskal politikaririk enblematikoenetarikoa da, «enblematikoena ez bada». Haren ibilbidea jaso du Lider bat lehendakari liburuan.
Norentzat idatzi duzu liburua?
Oso argi eduki dut dibulgaziorako liburu bat egin behar nuela. Politika, askotan, diziplina zakar samarra da, eta ez nuen trabatu nahi politikako hizkera sarritan abstraktu eta teknikoegi hartan. Bestalde, irudipena dut gure atzetik datozen belaunaldientzat Garaikoetxea lehendakari zeneko garaia historiaurrea dela. Eta, hortaz, uste dut benetan belaunaldi horiek jakin behar dutela nor izan zen, zer egin zuten berak eta inguruan izan zituenek. Era berean, garai hura bizi izan genuenontzat, euskal politikan gertakizun traumatiko bat izan zen haren dimisioa eta atzetik egon zen EAJren haustura. Orduan, bere garaian mina ere sortu zuen gertakari hura hutsaldu ez, baina beste egoera batetik aztertzeko garaia ere bada.
Liburua bera elkarrizketa moduan planteatu duzu. Zergatik?
Liburu honen oinarria elkarrizketa izan da, edo solasaldiak. Ez dira galdeketak izan. Ping-pongean bezala, biok hitz egin dugu. Sarritan harrapatzen ninduen sorpresaz; uste ez nituen gauzak esaten zizkidan. Bere hariari jarraitu diot. Idazterakoan, berriz, kostatu zitzaidan tonua harrapatzea. Joko askoz handiagoa ematen zidan naturaltasun horri eusteak, nik dena hartu, iragazkitik pasatu eta nire modura jartzeak baino.
Garaikoetxearekin aurrez aurre izan aurretik, informazioa bildu duzu. Nolakoa izan da lan hori?
Aurretik, bere garaian, atera bezain azkar erosia nuen haren memoria liburua jarraitu dut, eta ez hori bakarrik: dokumentazio lana, hemeroteka astindu, bideoak bilatu... Harekin hitz egiten hasterako, baneukan eginda haren ibilbidearen kronologia, eta zer gai eta zer mugarri tratatu nahi nituen ezinbestean.
Beste Garaikoetxea bat deskubritu duzu bidean?
Nik pertsonaia ezagutzen nuen, eta figura horren ezaugarriak apenas aldatu diren. Pertsona, distantzia motz horretan, ez nuen ezagutzen. Solasaldiak interaktiboak izan direnez, pertsona ere, neurri batean, ezagutzen hasten zara. Gainera, oso argi neukan, landu nahi nuela, batetik, nondik zetorren —zer jatorri, nola hezitakoa, zer girotan ibili zen politikan sartu aurretik—, eta, bestetik, zer egin duen.
Aurretik ezagutzen al zenuen?
Garaikoetxea hemen ezagutu nuen [Iruñean], euskarazko gau eskoletan. Irudi hori dut, 1973an edo 74an, Carlos Garaikoetxea eta Sagrario Mina, biak oso dotore, bera traje eta gorbatarekin. Ez zen gure gau eskoletako ikasleen ohiko profila. Biak Patxi Zabaletaren klasekoak ziren. Garaikoetxea modan zegoen, saltsa guztietan baitzegoen: merkataritza ganberako presidente, Eaton Ibericako kudeatzaile, Kontseilu Foralean, ikastolen bultzatzaile, Vianako Printzean... Oso gauza bitxia da; liburua egiteko, 2017ko udan egon ginen lehen aldiz: «Hemen, zapi moreko neska», esan zidan. Eta orduan gogoratu nintzen zapi morea erabiltzen nuela garai hartan. Aspaldiko ezagutza azaleko horrek, elkarren arteko erreferentzia horrek, lagundu egin digu.
Beste zortzi ahots agertzen dira: Mirentxu Purroy, Charo Zarzalejos, Pedro Miguel Etxenike, Mari Carmen Gallastegi, Jaime Ignacio del Burgo, Patxi Zabaleta, Maritxu Uria eta Koldo Amezketa. Zer ekarpen egin dute?
Uste dut bere jokoa eman duela. Pintzeladak ematen dituzte.
Del Burgo bera ere badago. Aurretik ezagutzen zuten elkar.
Oso harrera ona egin zidan, eta hitz egiteko gogoa zeukan. Badakigu gutxienez arerio direla. Hitzez hitz honela esan zidan: «EAJkoak Garaikoetxearen bila etorri ziren, izugarrizko fitxaketa zelako». Zortziek, modu batera edo bestera, Garaikoetxearen lider izaera hori azpimarratzen dute.
Haiek eman zizuten izenburua.
Kanpoko begiradek konfirmatu zidaten: lider eta lehendakari bada, Lider bat lehendakari.
Oso denbora gutxian egin zuen politikarako jauzi hori.
Karrera meteorikoa izan zuen. Berak esaten du karrera politikorik egitea ez zuela pentsatzen. Sinesten diot. Kontua da 1975etik 1980ra, EAJko EBBko presidente, Eusko Kontseilu Nagusiko presidente eta gero lehendakari, konstituzioaren eta estatutuaren negoziazioa, Jaurlaritzaren osaera... Hori dena egin zuen.
Erantzukizun handiko garaia.
Polita da nola kontatzen duen EAJrengana hurbiltze horretan bera izatez joera hartakoa zela. Baina ez zuen sartu nahi nolanahi, ikastolak sortzeko mugimendu hartan zegoelako, eta ez zuelako nahi jendeak lotzea EAJkoak zebiltzala ikastolak sortzen eta bultzatzen. Jasotzen zituen Irujo eta Ajuriagerraren enkarguak, eta, azkenean, «seduzitu» egin zutela dio [barrez].
Euskarari garrantzi berezia ematen dio.
Izugarria da nola, edozein garaitaz hitz egiterakoan, euskararen kontua ateratzen den. Hunkitu egiten nauen pasadizo bat dago. Mutikotan, Soraurenean, deskubritu zuen euskara fosildua. Abereei hitz egiteko erabiltzen zen euskara, eta zera ondorioztatu zuen: «Abereek ez dute euskara galdu, eskolara joan ez direlako». Izugarria da. Beti galeraren sentsazioarekin, bere aurrean gertatu baitzen euskara galtzea. Eta, gero, segidan dator berreskuratzea. Umetan ateratako ondorio horrekin lotzen dut: eskolak izan ziren euskarak galtzeko bidea, eta, horri aurre egiteko, ikastolak sortu beharra zegoen. Karpeta bat atera zuen behin, eta ez zen bakarra. Zenbat karta, Nafarroa guztian!
Krisiaren garaia gogorra izan zen. Gainditua du?
Ez du ahaztua. Bere kontaeran, gauzak ez ditu edulkoratzen. Gertatu zena gertatu zen; oso egoera larria izan zen. Joko politiko maltzur asko egon zen, azpijokoak, baina berak, berotu gabe, distantziarekin eta erresuminik gabe kontatzen du istorio hori.
Zer izan daitekeen eta zer izan den. Hura guztia gertatu izan ez balitz urte luzez iraungo zuela dio Etxenikek.
Zalantzarik ez dago dimisioa ematera behartuta egon zela, eta, eman zuenean, hura izan zen haren karrera politikoaren mugarria. Ez zuen moztu, baina bai izan zen izugarrizko danbatekoa, herritarrongan sortzen zuen espektatiben ondorioz. Pentsa liteke Garaikoetxearen lerroak jarraitu izan balu gaur ez ginela egongo EAEko 37 eskumenen zain, esate baterako. Ibarretxeren plan moduko bat beteta egongo zen. Politika fikzioaz hitz egiten ari naiz.
Orduan, gertatu zena gertatu zen, EAJk beldurra ziolako?
Bizkaiko aparatuak agintzen du. Behin eta berriz galdetu diot neure buruari. Badakigu Arzalluzek aginte handia zuela, eta badago beste konponente hori, bi nortasun oso indartsuren arteko talka; baina horrek ez du azaltzen dena. Hor alderdiaren aparatua dago, Bizkaian kokatzen dena, eta gaur ere argi ikusten da. Nafarroako alderdia suntsitzea zer alderdik egiten du? Horrek gogorarazi dit Garaikoetxeak ere kontatzen duen La Vanguardia-ko pasarte hori. Erregeak, nonbait, izan zuen zeresana, eta oso sinesgarria da. Erregeak jarritako baldintzetako bat zen Nafarroarekin ahaztea, eta bestea, Garaikoetxea kentzea.
Euskara akuilu duen biografia
'Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari'. Liburu aurkezpena. Elixabete Garmendia Lasa. Kazetaria
«Garaikoetxearen dimisioa gertakizun traumatikoa izan zen»
Liburuaren egileak uste du euskal politikarietan enblematikoenetarikoa izan dela Garaikoetxea, «enblematikoena ez bada». Dioenez, liburu egokia izan daiteke garai hura ezagutu ez zuten belaunaldientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu