Garaikoetxea: «Meniaren berritasunak ukatzen ari dira»

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiarentzat, PSOEri eta PPri «ez zaie interesatzen gauzak alda daitezen»

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
ETAk iragarritako su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarriaren ostean «egoera nahasgarri samarra» sortu da, Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Carlos Garaikoetxearen ustez, iraganeko esperientziek eragindako «eszeptizismoari» meniak dituen «berritasun oro ukatzen ari diren alderdi politiko askoren erantzun ofizialista, politikoki zuzena» erantsi zaiolako.

Baina, Garaikoetxearentzat, ETAren meniak berrikuntzak baditu; garrantzitsuak, gainera, «aldebakarrekoa delako, zenbaitzuek onartu nahi ez duten arren, eta une berean atxiloketak egiten ari dira eta ebazpen judizial gogorrak plazaratzen».

ETBn eskainitako elkarrizketa batean, egungo egoeran Espainiako Gobernua «besoak gurutzatuta» egotea ez duela ulertzen ere nabarmendu du Eusko Alkartasuneko buru ohiak, «zeharkako formulak» ere badirelako indarkeriaren amaiera ekar lezakeen akordio bat bilatzeko.

Nazioarteko bitartekaritza

Horretan ari den nazioarteko aditu taldea aipatu du; alderdi batzuek haiei buruz «arin eta irainka» badihardute ere lan garrantzitsua egin dezaketela sinetsita dago Garaikoetxea. Lehendakari ohiaren arabera, «aukera garrantzitsu bat alferrik galtzea litzateke su-etenaren nazioarteko egiaztatzea alboratzea».

Garaikoetxearen ustez, PSOEri eta PPri «ez zaie interesatzen gauzak alda daitezen», besteak beste, ezker abertzaleari erakundeetan parte hartzeko atea irekiko balitzaio «egungo gehiengo eta gutxiengo erregimenak, bi alderdiok baliatzen baitituzte, hankaz gora jarriko lirateke eta». Dena den, uste du «estatu gizon duin batek» ez liokeela horrelako aukera bati ihes egiten utzi behar, «gutxienez dauden aukerak aztertu gabe, zeharka bada ere».

ETAri exijitzen jarraitu behar zaiola ere esan zuen lehendakari ohiak, baita ezker abertzaleari ere, hark presio egin diezaion erakunde armatuari. Baina ez du ulertzen Aralarrek egungo egoeraren inguruan erakutsi duen jarrera: «Badirudi ETAren barrenetan denbora gehiegi egon direnen eta orain gainontzekook baino uzkurrago agertu behar dutela uste dutenen subkontzientearen erakusgarri gisa ulertu beharko dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.