PSE-EE. Idazkari nagusiak aukeratzeko hauteskundeak. Cristina Gonzalez. Arabako PSEren hautagaia

«Garaia da gure ideiak amaieraraino eramateko»

Gonzalezek dio «ausardiaz» jokatu behar dela boto-emaileen konfiantza berreskuratzeko. Alderdiaren egituran sinesten du, baina uste du«dinamizatu» egin behar dela.

BERRIA.
edurne begiristain
Gasteiz
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Politikan eskarmentu handia dauka Cristina Gonzalezek (Gasteiz, 1969): legebiltzarkidea izan zen 2009tik 2011ra, biltzarkidea da 2007tik, eta Arabako eta Euskadiko PSEren zuzendaritzako kide ere bada. Txarli Prietok ordezkatzen duen sektore ofizialeko hautagaia da.

Zer espero duzu bozketatik?

Irabaztea espero dut, baina zuhurra naiz. Abalak boto bilakatzea nahiko nuke. Baina, batez ere, nire nahia da alderdi sozialistak asmatzea, hori ona izango delako bai alderdiarentzat eta bai herritarrentzat.

Zein bide hartu behar du Arabako PSEk?

Nire lehentasuna da ausardiaz jokatzea, boto-emaileen konfiantza berreskuratzeko. Koherentzia faltagatik egin ditugun hutsen ondorioz galdutako boto-emaile horiek berreskuratu nahi ditut. Orain da garaia hautesleei erakusteko alderdi sozialistaren ideien alde lan egiten dugula, eta azkeneraino eramango ditugula ideia horiek. Boto-emaileei erakutsi behar diegu politikak arazoak konpontzeko balio duela eta, besteak beste, ustelkeriaren aurka borrokatzen garela.

Alderdia berritzeko asmoa duzu?

Alderdien betebeharra da etengabe berritzea. Esperientziadun pertsonekin lan egin beharra dago, baina jende berriak prestatzea ezinbestekoa da, freskotasuna ematen duelako. Uste dut alderdi guztiok esperientzia eta berritasuna uztartzen jakin behar dugula.

Alderdiaren barne demokrazian sakontzea beharrezkoa da?

Ez da egia alderdi sozialistari barne demokrazia falta zaionik. Alderdia erabat demokratikoa da, parte hartzerako bide guztiak zabal-zabalik daudelako. Nik, adibidez, afiliatu guzti-guztien iritziak aintzat hartzen ditut. Alderdiaren jarduna dinamizatzea da lortu beharrekoa. Eta horretarako, zuzendaritzetan arlokako idazkaritzak sortu behar ditugu afiliatuek parte har dezaten.

Azken urteotan, Arabako PSEko bi sektore aurrez aurre daude. Batasuna lortzea duzu lehentasun?

Bai, alderdiaren batasuna lortzea ezinbestekoa da. Ez da onargarria alderdi bat zatituta egotea, are gutxiago, egungo egoera sozial eta ekonomiko larrian. Barruko gatazkak albo batera utzi beharko lirateke halako egoera batean. Denok jokatu beharko genuke eskuzabal, eta denok lan egin beharko genuke helburu horren alde.

Ruiz de Eguilazek bere zuzendaritzan egotea proposatu dizu idazkari nagusi aukeratzen badute. Ezetz esan diozu.

Kohesiorako urratsak bikain iruditzen zaizkit, baina nork bere modura ulertzen du batasun hori. Nik neure burua idazkari nagusi izateko aurkeztu dut, ez idazkari nagusiordea izateko. Baina argi daukat, halaber, ez dudala neure burua aurkeztu zuzendaritzan postu bat izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.