Garai zailetan,eztabaida ahalbidetzeko formula

XX. mendeko euskalgintzaren erreferente izan zen Karlos Santamaria; haren lanak ez zuen etenik izan hil zen arte. 'Donostiako Solasaldietan' izandako «garrantzia» gogora ekarri dute EHUko Udako Ikastaroetan.

Donostiako Solasaldiak eta Karlos Santamaria izan zituzten mintzagai Lopez-Chavesek eta Intxaustik. GORKA RUBIO / ARP.
Donostia
2015eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Karlos Santamaria ekarri zuten gogora Joseba Intxausti eta Pablo Lopez-Chaves historialariek herenegun, Donostiako Miramar Jauregian. Ez da erraza Santamaria lanbide batera bakarrik mugatzea, haren lana aztertu dutenek sarri adierazi duten bezala. Eta, oraingoz, horretan azkena Lopez-Chaves da, Granadako historialari gaztea. Donostiako Solasaldiak (horrela euskaratu zuen Joseba Intxaustik duela zenbait hamarkada egindako lan batean) aitzakiatzat hartuta, Karlos Santamariak 1940 eta 1950eko hamarkadetan eginiko lana eta enpeinua ezagutarazi zituen. Eta, nahiz eta erlijioaren gaia izan nagusi, Santamariaren orduko kezken, asmoen eta egitasmoen zenbait zertzelada eman zituzten.

Karlos Santamaria (1909-1997) matematikari donostiarra izan zen. Zientzia Zehatzak ikasi zituen Madrilen, baina haren lana aritmetikatik eta estatistikatik harago zabaldu zen. Alde batetik, euskaltzaletasunak bultzatuta, lan handia egin zituen. Euskaldun berria zen, eta sarri adierazi zuen egin zizkioten elkarrizketetan haren hizkera ez zela egokia. «Badira oso ondo mintzatzen diren euskaldun berriak, baina hori ez da nire kasua. Halere, asko irakurri dut euskaraz, eta idatzi ere bai. Errazagoa zait euskaraz idaztea mintzatzea baino», baieztatu zion 1991n Egunkaria-ri.

Beharbada, horregatik egin zuen hainbesteko lana euskara idatziaren alde. Zeruko Argia-n kolaboratzaile ibili zen, Jakin aldizkarian parte hartze nabarmena izan zuen bere idatziekin, Elhuyar-en ere aritu zen lanean, eta Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileen talde eragilean jardun zuen. Hitzaurrean, Intxaustik bi bizialdi nabarmendu zituen matematikariaren bizitzan: euskalgintzari zegokion bizialdia bigarrengotzat hartu zuen, «etxe barruragokoa» gisa definituz. Horren isla da Santamariak Donostiako Santo Tomas Lizeoaren sorreran parte hartu izana, 1960an.

Baina hitzaldian beste bizialdi bati buruz ere hitz egin zuten: lehen bizialdiaz, alegia. «Nazioarteko» gisa definitu zuen Intxaustik, eta 1947. eta 1966. urteen bitartean kokatu zuen: Donostiako Nazioarteko Solasaldi Katolikoetako eta Pax Christi mugimendu bakezaleko idazkari izan zen garaiari dagokiona, hain justu.

Santamaria fededuna zen, «pertsonalista», hark zion moduan; hau da, pertsona ardatz zuen fedea. Eta Donostiako Solasaldietan nagusitu ziren haren ideiak. Helburu nagusia zen garai hartan Elizak eztabaidatu beharreko gaiak mahaigaineratzea. Lopez-Chavesek «erakusleiho bat bezala» irudikatu zituen, bakarturiko Francoren erregimenaren irudia atzerrian zabaltzeko modu bat. Baina, aldi berean, «leiho bat» izan zela adierazi zuen Lopez-Chavesek: atzerriko haize berriak sartzen laguntzen zuen leiho bat. Hori izan zen Santamariaren lana: atzerriko ideia demokratikoak «kontrabandoan» sartzea Elizaren irudi eta babesaren bitartez. Matematikariaren hitzak gogoratu zituen Granadako historialariak: «Arrakala hori ideia demokratikoen alde eta diktaduraren aurka erabil zitekeen, baina beharrezkoa zen tentuz jardutea».

Solasaldien gaurkotasuna

Lopez-Chavesek mundua askorik ez dela aldatu azaldu zuen. «Donostiako Solasaldietan eztabaidatu ziren gaiak oraindik bizirik daude gaur egun». Erlijio askatasuna, estatu konfesionala, giza eskubideak, abertzaletasuna, Europako Batasuna... Solasaldietan egoteko aukera izan zuen Intxaustik, eta antzeko ikuspuntua jendarteratu zuen herenegun: «Mende erdi geroago, gai berak aztertzen jarraitzen dugu».

Halere, ez zen bide erraza izan Santamariarentzat Donostiako Solasaldiak antolatzea. Hasieran frankismoa laguntzeko balio izan bazuen ere, denborarekin ez zuten begi onez ikusi Donostian gertatzen zena. Santamariak, gainera, iritzi berrietara zabaldu asmo zuen. Lopez-Chaves: «Funtsean, dogma eguneratu nahi zuen». Baina kontserbadoreenek heresiatzat hartu, eta Ofizio Santuak mehatxu egin zion Santamariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.