Maria Txibite

Garai zailenean hartu du PSNren lema

Roberto Jimenezek gertutik zaindu du bere karrera. Hala ere, ondare zaila utzi dio. Orain arte, Carlos Txibiteren ilobak oztopo handirik gabeko ibilbidea izan du. Bihartik aurrera malda ugari datozkio.

joxerra senar
2014ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Garai berri bat irekitzen da». Hitz horiekin eman dio ongietorria Maria Txibite PSNren presidentegai berriak aurrean duen erronkari. Igandean, hauteskunde primarioetan alderdiko 4.306 jarraitzailek bozkatu zuten, eta Txibitek botoen %58,6 eskuratu zuen. Alderdiaren garairik zailenean hartuko du PSNren gidaritza. Ikasketaz soziologo, Txibitek ondotxo daki Nafarroako soziologia konplexua ez dela bere eragozpen nagusi. «Hazten jarraitzeko» borondatea azaldu arren jendaurrean, badaki gaur egun duenari eustea duela helburu nagusi. Izan ere, bere babesle eta oinordekoak, Roberto Jimenezek, ondare politiko zaila utzi dio. Gaurdaino, Maria Txibiteren karrera politikoa nahiko laua izan da, eta aurrean izan dituen oztopo bakanak saihestu ahal izan ditu. Bihartik aurrera, ordea, guztiz bestelakoa izango da egoera.

Duela 36 urte sortu zen Cintruenigon. Nafarroako politikan, Txibite abizenak pisu handia dauka. Askok bere abizena ardo gorri ezagunaren markarekin lotu arren, Carlos Txibite PSNko buruzagi historikoaren iloba da. NUPen Soziologia ikasketak egin zituen, eta gero Giza Baliabideetako Masterra. Lan arriskuen prebentziorako teknikari egin zen. Alta, Nafarroako Gazte Sozialisten buruzagi izan ostean, berehala egin zuen politikarako jauzia.

Bere osaba Carlos Txibitek ereizan zuen zerikusirik. 2004tik PSNko idazkari nagusi izendatu zuten, eta haren babespean egin zituen lehen urratsak. Hasieran, Cintruenigo bere herriko hautetsi izan zen, eta, udal politikaren nondik norakoak gertutik ezagutu ostean, ondorengo legealdian Parlamentuko ur nagusietan hasi zen igeri egiten.

Garai gorabeheratsuan egin zuen jauzia. Jose Blancoren aginduz, NaBai eta Ezker Batuarekin hitzartutako ituna hautsi eta Miguel Sanzen inbestidura ahalbidetu zuen PSNk. Fernando Puras lehendakarigaiak dimisioa eman eta PSNk krisi politikoa gainditu zuela zirudienean, bihotzekoak jota hil zen Carlos Txibite, 2008ko otsailean. Gertaera tragiko horren ostean, ilobak zama politikoa hartuz joan zen.

Apurka egin zuen. Roberto Jimenezek gertutik zaindu du bere karrera. Etorkizunera begirako aktibo baten aurrean zegoela ikusirik, ahalegindu da hura ez erretzen. Adibidez, ez zen Nafarroako Kutxako organoetan eseri, eta ez du izan UPNren eta PSNren artean hitzartutako kargu publikorik.

Hala ere, Jimenezen politikaren oinordeko ere bada. Batetik, Jimenezen bigarren agintaldian, 2012ko apiriletik PSNko zuzendaritzako kide eta eledun izan da. Bestetik, Eguesibarko hautetsi izan da, eta Josetxo Andia UPNko alkatea udal gobernutik kentzeko presa handiegirik ez zuen erakutsi. Hala ere, kontuok ez dute eraginik izango etorkizunera begira.

Martxoan PSOEk Bilduk babestutako zentsura mozio ororen alde egiteko debekua eman zuen, eta PSNren zuzendaritzak men egin zuen. «Nafarroan PSOE ni naiz», esan zuen aste batzuk lehenago Jimenezek eta PSOEren betoaren aurrean kritika gehienak harengana zuzendu ziren. Alta, zuzendaritzako gainerako kideek, Txibitek barne, gertatutako onartu eta ez zuten dimititu.

Madinaren alde

Orban horrek bere etorkizuna baldintzatu zezakeen. Edo uztailean Eduardo Madina hautagaiari babesa eman izanak ere bere anbizioa lurperatu zezakeen. Ez zuen egin, ordea. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak bekatu hori barkatu ziola ematen du, eta irailean Senatuko bozeramaile izendatu zuen Txibite. Babes horrekin PSOEko lider berriak mezu argia igorri zuen PSN barrura, eta horrek ere izango zuen bere eragina igandeko bozketan.

Atzean, Roberto Jimenezen itzala nabari da. Laster utziko du PSNko idazkari nagusi kargua, eta nahiago izan du bere eginahal guztiak zuzendu alderdiaren gidaritza bere babespeko pertsonari emateko, aspaldiko arerio politikoari baino (Amanda Acedo). PSOEko zuzendaritza federalean postu bat du, eta Sarasate pasealekuko egoitzaren eta Ferrazen artean zubi-lanak egingo ditu ziurrenik. Bada ezpada ere, argi utzi du Maria Txibiterekin betiko PSNk aginduko duela aurrerantzean ere: «Zure aldeko borrokan lehen soldadua izango naiz lanean, elkarlanean. Hori egokitu zait orain. Mariaren garaia da».

Txibiteren garaia heldu da, bai. Bidea libre du. Acedok aurreratu du ez dela idazkari nagusi izateko karreran sartuko, eta Txibitek argi utzi du idazkari nagusi izan nahi duela. Alderdi barruko lema hartuta, zailena geratuko zaio. PSNk aurpegia aldatu du, baina herritarren konfiantza eta sinesgarritasuna berreskuratzeko zazpi hilabete baino ez ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.