Ilargi Jaunarena. Iruñea Askatasunerantz-eko kidea

«Garai egokia da UPNri planto egin eta bestelako hiri eredu baten alde egiteko»

UPNk urteotan Iruñean bultzatutako eskubideen urraketa gaitzetsi eta bestelako hiri eredu bat sustatzeko asmoz, manifestazioa egingo dute gaur 18:00etan. Horren aldeko agiriak 383 sinadura bildu ditu.

joxerra senar
Iruñea
2013ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Sanfermin aurreko giroan murgilduta dago jada Iruñea. Eztandaren aurreko giro elektrikoa nabari da kaleetan. Jaiak iruindar guztiak batzen baditu ere, asko dira bestelako jai eta hiri eredu bat bultzatu nahi duten herritarrak eta gizarte mugimenduak. UPNk 1999tik agintzen du Iruñean. Yolanda Barcina aurreko alkateak lorratza utzi zuen, eta haren oinordeko zuzenak, Enrique Maiak, ildo beretik jo du. UPNk urteotan inposatutako politika gaitzesteko, 83 gizarte mugimenduk eta 300 norbanakok manifestu bat sinatu dute.

Agiriaren zergatiaz galdetu zaio Ilargi Jaunarena sinatzaileetako bati eta erantzun du helburu argi batekin egin dutela. «Hemen, Iruñean, UPNk gobernuan urte asko daramatza, eta agintean denez geroztik, era guztietako murrizketetan oinarritutako estrategia eskuindar eta atzerakoi bat martxan jarri du. Horren ondorioz, askatasun demokratikoak mugatu egin dira, guk espero ez genuen neurrian».

«Iruñean ez da garai ona askatasunarentzat», dio hasieratik dokumentuak. Bertan, UPNk ezarritako eskubide urraketak gaitzesten dira. Mezu horren oihartzuna gaur 19:00etan eramango dute kalera, Iruñea askatasunez, baita sanferminetan ere lelopean. Ez da protesta hutsa izango. Manifestazioa koloretsua eta plurala izatea nahi dute, bultzatu nahi duten hiri ereduaren parekoa. «Deialdia eragile eta norbanako guztiei egiten diegu, bestelako Iruñea eraiki nahi duten guztiei. Mundu guztia ongietorria da».

Aurtengo sanferminak «mugarri» izatea nahi dute. «Hau hasiera bat da. Hemendik aurrera, askotariko dinamikak jarriko dira martxan, baina definitzeke dagoen zerbait da», azaldu du Jaunarenak.

«Argazkitik kanpo dagoena»

Egitasmoa, gainera, jaietatik haratago doa. «UPNren politika integrala da. Hor daude etorkinei egiten dieten jazarpena edo euskararen harira ezarri dituzten isunak, edo eraso sexisten aurrean udalak erakusten duen anbiguotasuna»,dio Jaunarenak. Honelaxe laburbildu du UPNren eredua:«Argazkitik kanpo dagoena tokiz kanpo dago eta ez dute utziko euren gustukoa ez den edozein ekitaldi egiten».

Euskararen harira, adibidez, UPNk erabiltzen duen jarrera gogor kritikatu du. «Euskara altxor bat da, gure kulturaren ondare, eta babestu beharrean, kontrakoa egiten du. UPNk bere eredutik kanpo ikusten du, eta kriminalizatu egiten du».

Irizpide hori ohikoa da jaietan. Azken urteetan, adibidez, txupinazoaren unean Iruñeko Udaltzaingoak liskarrak eragin ditu hainbat herritarrek ikurrina Udaletxe plazan sartu nahi izateagatik. «Ematen du ikurrina dela legez kanpoko zerbait. Kolonbiako ikurrarekin joaten bazara, ez dago arazorik, baina ikurrina izatea, aldiz, delitu bat dela dirudi». Hala, Jaunarenaren ustez, beste hainbat ekitaldi, Riau-riaua edo uztailaren 15eko billabesaren entzierroa, UPNk «kriminalizatzen ditu ez datozelako bat beraiek bultzatzen duten ereduarekin».

Sexu erasoen inguruan udalak agertzen duen «anbiguotasuna» ere deitoratu du: «Guretzat ulertezina da txupinazoan ikurrina ez sartzeko zer-nolako polizia kopurua erabiltzen duten, eta bortxaketa bat gertatzen denean, berriz, justu-justu aipatzen dute gertaturikoa, eta ez dira saiatzen errudunak bilatzen. Ez da neurririk jartzen. Emakumeak guztiz babesik gabe egoten dira».

Jai batzordeei jarritako oztopoak edo peñek jasaten duten jazarpena ere gogorarazi du. Gora Iruñearena da adibide garbiena: «Jai gune bat ezartzeko traba burokratiko eta polizial guztiak jarri dizkiete». Hamabi urte iragan dira txosnak debekatu zituztenetik,eta azkenik, Gora Iruñeak baimena lortu du lehenengo aldiz Arrotxapea auzoko Runako parkean. «Udalak oraingoz baimendu du. Oso positibotzat jotzen dugu, baina argi dugu ere ez dela Iruñeko Udalaren edo Enrique Maiaren borondatearen ondorioz. Hamaika saio egin da. Azken urteetan, bai udaleko gehiengo politikoak bai jendartearen gehiengo zabal batek jai eremu herrikoi baten aldeko apustua egin dute, eta UPNk bere burua behartuta ikusi du».

Jendearen inplikazioarekin egoera aldarazteko ahalmena azpimarratu du. Haren ustez, azken batean, UPNren politika aldatzeko giltza «jendartearen eskuetan dago». Manifestua zein manifestazioa, hasiera besterik ez da izango. Dena den, abiapuntu horretan «oso pozik» daude bildutako atxikimenduekin. «Orain ikusten dugu garai egokia dela planto egin eta bestelako hiri baten alde egiteko».

Gaurko manifestazioan, gainera, Burlatatik zutabe bat aterako da Burlatherria webgunearen itxiera salatzeko. Auzitegi Nazionalaren aginduz itxi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.