Garai berrirako jokalekua

Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoak parlamentuan azaldu du enplegu politikak garatzeko UGTk, CCOOk eta CENek jasotako diru laguntzak berrikusteko asmoa dutela.

Izaskun Goñi kabinete burua eta Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoa, atzo, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Urte politiko berria, legealdi berria eta gobernu berria. Oporrak atzean utzita, Nafarroako Parlamentuak atzo ekin zion bere egunerokotasunari eta datozen bi asteetan gobernuko kontseilariak banan-banan pasako dira handik, euren ardurapeko departamentuen nondik norakoak azaltzeko asmoz. Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoa izan da lehena. Garapen ekonomikoaren alde bultzatuko dituen programak zehazteaz gain, lehen agerraldi horrek jokaleku politiko berriaren aurrean gainerako alderdien posizioak ikusteko balio izan du. Adibidez, gobernua babesten duten alderdiak «arazo bat» eta «lasta bat» direla kritikatu zuten UPNk eta PSNk, hurrenez hurren. Manu Aierdik irmo erantzun zien: «Gobernu hau lasai eta pozik dago babesten duten bazkideekin. Hori argi geradadila, eta gure erreferentziazko dokumentua akordio programatiko bat da».

Hiru ordu iraun zuen agerraldiak. Bi gai nagusi hurrengo kontseilarien esku utzi zituen. Batetik, Miguel Laparra Gizarte Eskubideen lehendakariordeari egokituko zaio gaur enplegu politikan zein langabeentzako babes neurrietan dituen asmoen berri ematea. Bestetik, etzi Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak finantza publikoen egoeraren berri emango du, eta zerga erreforma erabakigarriaren giltzarriak azalduko ditu.

Aierdik, dena den, argi utzi zuen gobernuaren «erreferentzia argia» dela eskubidedun enpleguaren alde egitea eta langabezia murriztea. Horri buruz akordio programatikoan datozen neurriak jasoko dituzte —hala nolalan erreformaren ondorio kaltegarriak leuntzeko aukerak aztertzea eta lan segurtasunerako neurriak hobetzea—. Enplegua sortzeko bidean, sektore estrategikoen alde apustu egingo duela ere aipatu zuen, «beste sektoreak gutxietsi gabe».

Aldatuko diren gauzen artean,eragile ekonomiko eta sozialekin harreman ereduaren aldaketa dago. UPNko gobernuekin enplegu politiketako laguntzak CEN enpresaburuen elkarteak eta CCOO eta UGT sindikatuek kudeatu dituzte, eta diru horren bidez erakundeok finantzatzea leporatu zaio UPNri. «Gobernuak argi du itun horiek berrikusi egin behar direla», aipatu zuen Aierdik. Horrez gainera, aurreko legealdian hiru eragile horiek partaide dituen Gizarte Elkarrizketarako Kontseiluarekin zer egin aztertuko du, eta erakunde horren finantzaketa kenduko duela ziurtatu zuen.

Halaber, orain arteko bazterketa gaindituz, gobernuak ELA, LAB eta Anel elkartea lehen aldiz solaskideen artean izango ditu lan harremanetako esparruetan. Eredu hori indartzeko asmoz, Aierdik azaldu zuen Gizarte eta Ekonomiaren Kontseilua bultzatuko dutela.

AHTren inguruko jarrera

Galderen txandan, UPNk, PSNk zein PPk AHTrekin zer egingo den zehazteko eskatu zioten. Aierdiren esanetan, akordioa izenpetu duten lau alderdiak bat datoz Iruñetik Castejonera doan proiektua «gaindituta eta gainezka» dagoela: «Nik esango nuke alderdi denok gatozela bat horretan». Estatuarekin izenpetutako egungo itunarekin zer egin gogoeta egin behar dela deritzo. «Estatuan diren AHT guztiek ez dute merkantziarik garraiatzen, eta ez dugu horrelako konponbiderik nahi inondik inora».

Agerraldia gobernuarekiko izango duten posizioa azaltzeko baliatu zuten gainerako alderdiek. «Zehaztasun falta» leporatu zion PSNko Miguel Garmendiak. «Ehun egun ere ez dira iragan, eta ez dugu kritika kaltegarririk egin nahi. Proposamenen politika egingo dugu, baina epelkerietan erori gabe». Hori esanda, gobernuak «bidaide txarrak» topatu izana kritikatu zuen, «lasta bat direlako».

Ironia erabiliz, UPNko Carlos Garcia Adanerok meritua onartu zion Aierdiri politikarik gabeko gobernu batean lehendakaritza lortu duelako, eta arerioek babestu dutelako. Adanerok ziurtatu zuen UPN Nafarroako garapen ekonomikoaren alde egongo dela. «Ez duzu gurekin arazorik izango. Zure bazkideak izango dira arazo, garapen ekonomikorako proposamenei ezezkoa eman diotelako beti. Oraingoan baiezkoa ematen badute, zuen arrakastaren artean egon beharko da». PPko Ana Beltranek, berriz, «mahai asko eta plan asko» entzun zituen Aierdiren ahotik.

«Dena ez da txeke zuria»

Adolfo Araizek aukera baliatu zuen gobernuarekiko EH Bilduk izango duen harremanen joko eremua zehazteko. Araizek eskatu zion parlamentuarekiko erlazioetan ere aldaketa nabaritu behar dela: «Espero dugu parlamentua lan tresna gisa ikustea, eta hemen esaten dena aintzat hartuko duela». EH Bilduk «hartutako konpromisoekin leial» jokatu duela ziurtatu zion, eta harreman estuan lan egiteko nahia azaldu: «Dena ez da txeke zuria izango, kritikarako tartea izango da, baina uler itzazu kontrolerako ikuspuntu gisa». Azkenik arerioen argudioei erreparatu zien: «Lasta bat garela diote, baina batzuk ez dira ohartu gehiengo berriaz».

Ahal Dugu-ko Carlos Cousoren arabera, UPNk utzitako egoera hobetzea ez da zaila izango, baina eredua aldatzea izan behar du xede. «Egitura zaharreko politika zaharrek ez dute funtzionatzen». Bitxia iruditu zaio «batzuk 20 urtetan egin dutena, Aierdiri 56 egun soilik dituela leporatzea».

Nuinen arabera, oposizioko alderdien posizioek politikoki ez dute heldulekurik: «Badirudi nahi dutela akordioa gauzatzea eta bazkideak kentzea gainetik. Orain, bidaideak dira arazoa». Haren ustez, lau alderdiek borondatea dute akordioa programatikoa betetzeko, eta, orain, «lan egin eta asmatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.