Andueza hautagaiak iragarri du eragile sozialak deituko dituela Jaurlaritzara iritsi bezain pronto. Konpromiso irmo, kanpaina promesa edo hitzak besterik ez, kontua da kanpaina honetan (ere) orain arte leku eskasa izan duen eztabaida interesgarrirako aukera ematen duela esandakoak. Hautagaiek ekitaldietan eta alderdiak programetan konponbide proposamenak eta egitasmo politikorako asmoak azaltzen ari zaizkigularik, ongi dago gauzak nola egin nahi dituzten azaltzea.
Adostasunak bilatzearen eta itunak egitearen alde daude gehienak; eta hala beharko parlamentuaren osaketak horretara eramango diela dirudien honetan. Orduan ikusiko dugu norainokoak diren garai berriak batzuen ahotan, itunak egiterakoan orain arteko matematikak edota ikuspegi eta estrategia politiko berritzaileak nagusituko diren adierazle ezin hobea izango da noski. Eta gauza berrietan sartuz gero, ikusiko dugu ere parlamentuaren lau paretetan egindako alderdien itunak izango diren, edota itunen eremua zabalduko den politika egiten duten subjektu gehiago daudela onartuz eta ibilbide instituzionaletan aitortza eta lekua zor zaiela aitortuz.
Egoera ezezagunak ekarri ditzaketen hauteskundeak direla ezin ukatu, kanpainaren ikurrak dira berria eta aldaketa. Zuzenago iruditzen zait, ordea, garai politiko berri batean burutzen ari diren hauteskundeak direla esatea, kanpainak berak erakusten duelako gauzak aldatu direla. EAJk arreta asko kezkatzen dion abstentzioan jartzea, EH Bildu Ertzaintzaren inguruko proposamen zehatzak eginez poliziaren desmilitarizazioa agenda politikora ekartzea, Andueza furgoneta batean garaile tankeran giltza poltsikoan duelakoan eta estatuko ezker esparrua iraultzera etorritakoak txiki-txiki eginda ikusten dituelako. Batere aldatzen ez diren gauzak badaude ere, noski, De Andresek Aberri Egunean txapela jarri eta esandakoek sortutako auzo lotsak beti izango duelako bere lekua, bazter batean zorionez. Beste berritasun bat, 21ean erabakiko dugula nortzuen artean erabakiko diren politika instituzionalak, eta lehia inoiz baino estuago izan arren, kanpaina inoiz baino lasaiagoa izaten ari dela.