Gipuzkoako Foru Aldundiak «etapa berri bati» ekin dio, Eider Mendoza ahaldun nagusiaren hitzetan. Ostiralean jakinarazi zuen nortzuk izango diren foru aldundian izango dituen gobernukideak, eta haiek 24 ordu baino gutxiagoan hartu dituzte euren karguak. Lehen bilkuraren ostean, «herritar guztien ongizatea babesteko» konpromisoa adierazi dute, eta erronkatzat jo «garai berriei» erantzutea.
Mendozaren esanetan, aldundiak «modu eraginkorrean» erantzun nahi dio «aldaketa sozial, ekonomiko eta teknologiko handiek» baldintzatutako errealitateari, eta hiru oinarri nagusiren pean egingo du hori: «gizarte politiken bultzada eta pertsona zaurgarrien gaineko arreta», «ekonomia lehiakor bat» eta «lurraldearen etorkizunerako proiektu estrategikoak egonkortzea». Horrez gain, gizartearekin elkarlanean aritzeko asmoa azaldu du Mendozak, «errespetuz» eta «komunitate eta berdintasun» balioak bere eginda.
Karguei zin eginda, gobernukideek lehen gobernu bilera egin dute, eta aldundiko oinarrizko egituren inguruko dekretua onartu dute; hala, zehaztu dituzte departamentu bakoitzak bere kudeaketapean izango dituen zuzendaritzak eta erakundeak.
Denera, Mendozak zuzendutako gobernuak bederatzi departamentu izango ditu. Sei EAJren esku egongo dira, eta hiru PSE-EEk kudeatuko ditu. Horrez gain, aurreko legealdian ez bezala, PSE-EEko kide bat izango da lehen ahaldunorde nagusia: Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi Jose Ignacio Asensio. Bigarren ahaldunorde nagusia, berriz, Maite Peña jeltzalea izango da. Hark gizarte politikak eta zaintza gaiak kudeatuko ditu. Denak ere gaur Oiartzunen (Gipuzkoa) izatea espero da. Han bilduko dira gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiak.
«Garai berriei» erantzutea jarri du erronkatzat Gipuzkoako Aldundiak
Mendozak azaldu du gizarte politikak, ekonomiaren lehiakortasuna eta proiektu estrategikoak izango direla gobernuaren lehentasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu