Garabidek eta Plazara-k lankidetza hitzarmena izenpetu dute

Munduan diren hizkuntza gutxituetako komunitateekin harremanak indartu eta euskararen biziberritze prozesua mundu mailan kokatzeko helburua dute.

Plazara eta Garabideren arteko hitzarmenaren izenpetzea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Plazara eta Garabideren arteko hitzarmenaren izenpetzea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko urriaren 11
13:48
Entzun

Garabide eta Plazara elkarteek lankidetza hitzarmena izenpetu dute Baionan, mundu mailan diren hizkuntza gutxituetako komunitateekin harremanak indartu eta euskararen biziberritze prozesua mundu mailan kokatzeko helburuz. Mundu guziko hemezortzi hizkuntza aktibistak inguratuta egin dute ekitaldia, egun hauetan Euskal Herrian baitira, Garabidek antolatzen duen Aditu programaren harira. 

Hitzarmenak bi elkartek dauzkaten «interes eta asmo partekatuak» islatzen dituela adierazi du Iñaki Martinez de Luna Garabideko lehendakariak. Bi alde aipatu ditu: munduan dauden hizkuntza gutxituen aldeko jarrera hartu eta lan egitea, eta horren bidez partekatzen dituzten esperientziak euskararen aldeko borrokan baliatzea. «Gurdi berean daude, bai euskararen aldeko ahaleginak, baita munduko hizkuntza gutxituen aldeko ahaleginak ere». 

Xan Aire Plazara-ko kideak baieztatu du Garabide «biziki bidelagun inportantea» izan dela haien elkartea egituratzen laguntzeko, prekaritate handia bizi dutelako oraindik. «Ekarpen moral eta ekonomikoa ekarri digute hastapenetik, eta baita lankidetza proiektu batzuk obratzeko aukera ere». Azken urteetan hainbat hizkuntza komunitaterekin izan dituzten harremanak aipatu ditu, izan Europan, Afrika iparraldean ala Quebecen. «Marokoko Riff eskualdean izan ginen duela bi urte amazigekin, eta iaz etorri ziren haien onera. Orain dela hiru aste Bartzelonan egon ginen hango hainbat egitura ezagutzen». Aditu programaren bidez jende gehiago gurutzatzeko aukera ere izan dute. Hori da bigarren lankidetza. «Mundu mailan kokatu nahi dugu euskararen biziberritze prozesua, biziki inportantea baitzaigu ikuspegi zabal hori». 

Horrez gain, «euskarak etorkizunean proiektatzeko diskurtsoak berrikusten» ari direla ere erran du Airek. «Ohartzen ari gara pixka bat lausoaldian garela euskararen aldeko diskurtsoetan. Nahi dugu ikusi beste hizkuntzek ere zer kontatzen duten. Bai beren buruari, bai inguruko gizarteari, eta baita inguruko instituzioei ere». Inspirazio iturri gisa erabili nahi dute, ikusteko zer duten kontatzeko elkarrekin, «uste baitugu biziberritzen ari diren hizkuntzok badugula mundu bat osatzeko etorkizunari begira». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.