Garabide elkarteari eman diote Abadia saria

Euskararen biziberritzeari egindako ekarpena goratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hizkuntza gutxituen alde lan egiten du gobernuz kanpoko erakundeak.

Jon Sarasua, Iñaki Martinez de Luna eta Markel Olano, gaurko ekitaldian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2023ko otsailaren 22a
19:57
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak  Garabide gobernuz kanpoko erakundeari eman dio Anton Abadia saria. Munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu Garabidek, horretarako euskararen prozesua eta esperientzia oinarri hartuta. Hain zuzen ere, lan hori azpimarratu du gaur aldundiak ekitaldian. Garabide elkartearen izenean, Iñaki Martinez de Luna eta Jon Sarasua elkarteko kideek jaso dute saria. Foru jauregian egin dute sari banaketa, Donostian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizazioaren aldeko lanean nabarmendutako pertsona eta elkarteen jarduna saritzeko sortu zuen Anton Abadia saria, 1996an. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu du Garabide «hizkuntza gutxituen arteko elkar ezagutza eta norberaren hizkuntzaren defentsa uztartzen dituen proiektua» dela, eta «elkarlan eredu berritzaile» baten bitartez ekarpen «esanguratsua» egiten diola euskararen biziberritzeari.

Garabideren izenean, Martinez de Lunak saria eskaini die mundu zabaleko komunitateekin ehundutako sareei: «Antzeko kezkak, ilusioak eta lana partekatzen ditugu, eta elkarrengandik ikasten dugu. Besteen ispiluan begiratzean gure irudia, iraganean pairatutako egoerak ikusten ditugu, eta oso baliagarria da hori ahalegin horretan jarraitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.