'Gara'-ko zuzendaria inputatu dute gutun bat argitaratzeagatik

«Terrorismoa goratzea» egotzi dio Sotori epaileak, eta bi urte arteko espetxe zigorra jaso dezake; atzo deklaratu zuen, MadrilenHamaika lagun inputatu dituzte, Gasteizen presoen argazkiak erakutsi zituztelakoan

Iñaki Soto, maiatzean eginiko mintegi batean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2012ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Gara egunkariko zuzendari Iñaki Soto inputatu du eta deklarazioa hartu dio «terrorismoa goratzea» egotzita,joan den abuztuaren 16an egunkarian argitaratutako gutun bat dela eta. Bilboko alde zaharreko sei lagunek sinatu zuten gutun hura, eta auzipetuta daude haiek ere —ardura eurena zela adierazi zuten—.

Atzo deklaratu zuen Sotok Auzitegi Nazionalean, inputatuta, eta ondoren azaldu zuenez, egunkarian ardura postuetan daudenen izenei buruz galdetu zion epaileak, gutuna nola argitaratu zen jakiteko. Sotok bere gain hartu zuen argitalpenaren ardura, nahiz eta gaineratu ezin duela kontrolatu egunkarian argitaratzen den guztia. Auziak aurrera egiten badu, bi urte arteko espetxe zigorra jaso dezake.

Joan den ostiralekoa da Sotori Madrilera joateko agintzen zion zitazioa. «Terrorismoa goratzea» egozten diotela jartzen du, baina ez du zehazten zergatik. Horregatik, babesgabetasuna salatu zuen Sotok: «Ni auzipetzeak ez du zentzurik juridikoki. Nire lana adierazpen askatasuna bermatzea da, ez epaitzea». 1987an, Rafael Etxebesterekin batera, lehergailu batek eztanda eginda hildako Maite Perez Severri idatzitako gutuna da Gara-n atera zutena. Joan den abuztuaren 16an argitaratu zuten, hain zuzen, Perez Sever hil zeneko hogeitabosgarren urteurrenean. «Nire ustez, maitasunaz dihardu gutun horrek. Irain moduan ulertzen dutenek gorrototik hitz egiten dute. Gorrotoan oinarritutako justizia ez da justizia», adierazi zuen Sotok, Twitter bidez. Ez dutela zentsurarik onartzen ohartarazi zuen: «Askatasuna maite dugu. Gera daitezela eurek iraganean; guk aurrera egingo dugu etorkizunerantz».

Elkartasun mezu ugari jaso zituen Gara-ko zuzendariak hainbat arlotako pertsonengandik. «Oso larritzat» jo zuen ezker abertzaleak gertatua. Ohar bidez adierazi zuenez, euskal gizartearen «bake, konponbide eta justizia nahien aurka» PPk darabilen estrategiaren adierazgarri da Soto auzipetu izana. Ildo beretik, «euskal kazetari eta hedabideen kontrako enegarren erasoa» salatu zuen Alternatibako Oskar Matutek, eta Auzitegi Nazionala desegiteko eskatu zuen, «salbuespenezko jarduera politikoa» gauzatzen duelako. Euskal PEN klubak ere «gogor» salatu du Soto deklaratzera deitu izana, eta ohartarazi du irmo agertuko direla «adierazpen askatasuna jazarri nahi dutenen» aurrean.

11 auzipetu, argazkiengatik

Ez zen Sotorena izan atzo Auzitegi Nazionalean «terrorismoa goratzeagatik» izandako auzi bakarra. Atzo bertan, Gasteizko 11 lagun auzipetu zituzten delitu beragatik, joan den uztailaren 30ean euskal presoen argazkiak erakutsi zituztelakoan. Gasteizko alde zaharreko Zaharraz Harro elkarteak antolatu zuen ekitaldia, Andra Mari Zuriaren jaien hasiera zela eta. Dignidad y Justicia elkarteak egin zuen salaketa, eta Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren ikerketen ondoren, 11 lagunak inputatu gisa deklaratzera deitzea erabaki zuen Pablo Ruz epaileak.

Horrez gain, ekitaldiko bertso, kantu eta abarrak itzultzeko, festen antolkuntzari buruzko informazioa lortzeko, Zaharraz Harro elkarteko arduradunak identifikatzeko eta Barrenkale auzo elkarteari buruzko datuak lortzeko eskatu zuen Ruzek, besteak beste.

Bestalde, Galdakaoko herritar batek ere deklaratu zuen atzo Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Segiko logotipoa eta presoen argazkiak zituzten pankarta batzuk jartzea egotzi diote; urtebeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak haren aurka. Ezin izan dute, ordea, epaiketa amaitu, peritoei eta lekuko batzuei deklarazioa bideokonferentziaz hartzeko «medio faltagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.