Ganten (Flandria) Jaione Jauregi euskal presoaren alde lanean diharduen elkartasun batzordeak BERRIAri jakinarazi dionez, hiri hartako auzitegiak atzera bota du Espainiak Jauregiren kontra egindako eskaera. Jauregi 2020an atxilotu zuten, Belgikan, eta Espainiaren esku utzi; geroztik, preso dago, 1981ean Ramon Romeo Espainiako Armadako kidearen kontrako atentatuan parte hartu izanaz akusatuta. Geroago, Espainiak beste eskaera bat egin zuen, 1981ean beste atentatu batean ustez izan zuen parte hartzeagatik epaitu ahal izateko, baina bigarren eskaera atzera bota dute orain.
Jauregiren abokatu Paul Bekaertek esan duenez, Ganteko auzitegiak prozedura hutsegiteak topatu ditu Espainiak egindako eskaeran. Gainera, argudiatu du eskaerari men eginez gero Jauregi 2028ra arte egon zitekeela behin-behineko espetxealdian eta epaiketarik izan gabe, eta hori giza eskubideen kontrakoa dela.