Memoria historikoa

Ganaltoko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen. BASOTXERRI (WIKIPEDIA)
2023ko martxoaren 27a
20:15
Entzun

Arabako Probintzia Auzitegiak agindu du berriz zabaltzeko Badaia mendilerroan dagoen Ganaltoko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa. Ezezagun batzuek bota zuten gurutzea, joan den urteko ekainean, baina, handik gutxira, bizilagun talde batek bere tokira bueltatu zuen. Abogados Cristianos taldeak salaketa aurkeztu zuen, ondare erlijiosoaren aurkako erasoa zela argudiatuta, baina Gasteizko epaitegiak artxibatu egin zuen salaketa hura. Elkarte ultrakatolikoak helegitea jarri zuen erabaki horren aurka, eta Arabako Auzitegiak arrazoia eman dio orain. Ikerketa abiatzeko agindu duen autoan jaso duenez, «onartezina» izan zen auzia artxibatzea «inolako ikerketarik» egin gabe.

Ganaltoko gurutzea 898 metro luze da, eta Badaia mendilerroan dago, Gasteiz eta Gorbeialdea artean, Zuia udalerrian. Mendian zebiltzan hainbat mendizalek eraitsita topatu zuten iazko ekainaren 28an, ohiko lekutik metro batzuetara: hormigoizko oinarri baten gainean zegoen, burdinaz forjatuta, baina gurutzea lau hanketatik moztuta topatu zuten mendizaleek. Ordu gutxi batzuen buruan, Zuiako bizilagun talde batek lehengo tokira igo zuen gurutzea, poleen eta noranahiko ibilgailuen laguntzarekin.

Ganaltoko lehen gurutzea 1900ean jarri zuten, eta egurrezkoa zen. 1954an, Manuel Iradier Txangozale Elkarteak metalezko gurutze bat eraikitzeko eskatu zien Elejalde anaiei. Gaur egungo gurutzea Iñaki Elejalderena da, eta 2003an jarri zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.