Galtzak janzteagatik baztertua

Emakume bati galarazi egin diote sokatira txapelketa batean parte hartzea Basauriko jaietan, ez zuelako gona jantzi nahi

Kuadrillak Basauriko San Fausto jaietan, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU.
edurne begiristain
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Emakume batek salatu du joan den ostegunean Basauriko (Bizkaia) San Fausto jaietako kuadrillen arteko sokatira txapelketan parte hartzea galarazi ziotela jantzi ofizialeko gonaren ordez galtzak janzteagatik. Herriko kuadrillek adostutako arauek ezartzen dute lehiaketa horretan parte hartzen duten neskek gona jantzi behar dutela, eta gizonek, berriz, prakak eraman behar dituztela. Salaketa egin duen emakumeak, berriz, prakak jantzita parte hartu nahi zuen sokatiran, baina beste kuadrillako kideek ez zioten utzi.

Sare sozialen bidez eman du neskak gertatutakoaren berri.Azaldu du Itsaslapurrak kuadrillako kidea dela, eta aspalditik eskatu duela festetako sokatira lehiaketan ez behartzeko emakumeak gona janztera. Esan du berak galtzak jantzita parte hartu nahi zuela, gonarekin ez delako «identifikatuta sentitzen», eta kuadrillei eskatu ziela edozeini, sexua edo generoa gorabehera, jaietako ekitaldietan parte hartzeko aukera emateko, «jantzi ofiziala osorik jantzita, edota gona edo prakak jantzita».

Gertaera salatu duen neskak kontatu duenez, Herriko Taldeek ez zuten aintzat hartu eskaera kuadrillen elkarteko bileran. «Arauak legezko hutsune bat zuela esan zidaten, jantzi ofiziala jantzi behar zela jartzen baitzuen, eta kito, generoen eta sexuen arteko bereizketarik gabe. Baina, dirudienez, Herriko Taldeen hurrengo bileran gaia aipatu zen, eta sexuena zehaztu zuten, inori galdetu gabe eta kuadrilletan bozketarik egin gabe», salatu du.

Sokatiran parte hartzea galarazi ziotela erakusten duen bideoa eskegi du bere sare sozialetan, eta hor ikus daiteke beste kuadrillako kide batek ez ziola utzi galtzekin sokatira lehiaketan parte hartzen. Megafoniatik mezu hau entzun daiteke orduan: «Parte hartzaileek jantzi osoa eraman behar dute, maskulinoa zein femeninoa».

Biktimak salatu du «publikoki diskriminatu» dutela eta «eraso» egin diotela, eta gertatutakoagatik «amorrua eta ezintasuna» sentitzen dituela. Galtzekin parte hartzea eragotzi izana Eusko Jaurlaritzaren Berdintasunerako Legearen aurka doala ohartarazi du, eta kasua Basauriko Emakumearen Etxera eraman du.

Herriko Taldeak, Zigorrak eta Itsaslapurrak kuadrillek, bestalde, ohar bidez gogoratu dute kuadrilla arteko sokatira txapelketaren arauak «aho batez» adostu zituztela. Janzkeraren auzia mahai gainean dagoen arren, «eztabaida luzeagoa» behar duela iritzi diote, eta jaien ostean aztertzea erabaki dute. Hala ere, ohartarazi dute kuadrillen ohiko jantziei eustearen aldekoak direla, «esentziari» eusteko modua delako eta «beste herriengandik bereizten» dituelako. Gaineratu dute sortutako polemika Basauriko jai ereduaren gaineko «ezjakintasunaren» isla dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.