Gallardon: «Egiturako indarkeria batek behartzen ditu andreak abortatzera»

1985eko abortuaren legea berrezarrita, emakumeen «ama izateko eskubidea» bermatu nahi dute

Abortuaren kontrako protesta, iazko azaroan, Antsoaingo abortu klinikaren aurrean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Alberto Ruiz -Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak esan du «egiturako indarkeria» batek behartzen dituela emakumeak abortatzera. Espainiako Gobernuak abortuaren legeari egin nahi dizkion aldaketen bidez, emakumearen sexu eta ugaltze eskubideak murriztu nahi ote dituen galdetu zion Angeles Alvarez PSOEko diputatuak ministroari, Espainiako Kongresuan. Gallardonek erantzun zion emakumearen eskubideak bermatu egin nahi dituztela. Haren arabera, kasu askotan, haurdun dagoen emakumeak «egiturako genero indarkeria» pairatzen du haurdun egote hutsagatik: «Emakume askori ama izateko eskubidea urratzen zaie; egitura jakin batzuek presio handia sortzen dute haien inguruan».

Gallardonek jakinarazi duenez, emakumearen «ama izateko eskubidea» izango du oinarri PPren gobernuak bultzatuko duen abortuaren legeak. Justizia ministroaren ustez, horretarako «ezinbestekoa» da indarrean dagoen legea aldatzea: «Ez da nahikoa jaio ez denaren eskubideak babesten dituen lege bat; haurdun dagoen emakumearen eskubideak ere bermatu behar ditu abortuaren legeak».

Espainiako Gobernuak urtarrilaren amaieran jakinarazi zuen aldatu egingo zuela2010etik indarrean zegoen abortuaren legea. Hain justu, 1985eko legea berreskuratzeko asmoa dutela azaldu zuen Gallardonek. 1985eko legeak abortatzeko aukerak mugatzen zituen.Hiru kasutan bakarrik zen legezkoa abortua: haurdunaren osasunarentzat kaltegarri izanez gero, fetuak arriskua izanez gero eta bortxaketa bat jasanez gero. Bestalde, 2010eko legeak 16 eta 17 urteko neskei aukera ematen zien gurasoen baimenik gabe abortatzeko. Hori bai, abortatzeko asmoa gurasoei jakinaraztera derrigortuta zeuden. Neska adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatzeko aukera legetik kenduko duela ere adierazi izan du PPren gobernuak.

Gallardonek azaldu duenez, heziketa eta informazio alorrak indartzeko asmoa dute, haurdun dauden emakumeen eskubideak bermatzeko. Era berean, uste du garrantzitsua dela erakunde publiko guztiek bide berean lan egitea: «Haurdun dagoen emakumeak izan behar du lehentasun hezkuntzan, osasun arloan, garraioan zein enpleguan».PSOEko Alvarezek kritikatu egin du Justizia ministroaren jarrera, eta egotzi dio Espainian «fundamentalismoa» ordezkatzen duten sektoreei kasu egitea: «Emakumeen eskubideak urratzea oinarri duen moral erlijioso bat inposatu nahi digute».

«Etengabeko atzera martxa»

Maite Aristegi Espainiako Kongresuko Amaiurreko diputatuak salatu du Gallardonek «demagogikoki» erabili duela genero indarkeria terminoa. Aristegik uste du agerian geratu direla ministroak abortuaren inguruan dituen jarrera eta «ezjakintasuna»: «Aukera berdintasuna ukatu du, baita urteetan aldarrikatutako eta lortzea asko kostatako eskubideak ere».

Erabakitako murrizketen eta beste neurrien bidez Espainiako Gobernuak «etengabeko atzera martxa» daramala salatu du Amaiurreko diputatuak: «Oraingoan, sektore fundamentalista eta moralista faltsuei kasu eginez, gobernuak emakumeen aurka egin nahi du zuzenean». Aristegik esan du krisi ekonomikoaren «aitzakiapean» egin dituzten murrizketek emakumeengan dutela eragina bereziki: «Guk eragin ez dugun krisi batengatik asko ordainarazi digute». Hori dela eta, herritarrak deitu ditu «bai Euskal Herrian, bai estatuan» Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egingo diren ekitaldietan parte hartzera .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.